• EKONOMIA
  • Angularen arrantzaren kanpaina bertan behera uzteko asmoa iragarri du Jaurlaritzak

Angularen arrantzaren kanpaina bertan behera uzteko asmoa iragarri du Jaurlaritzak

Bi txosten zientifikoren emaitzak aztertu ostean hartu da erabakia

Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2025eko urriaren 3a - 11:00

2025-2026 angularen arrantza kanpaina aldi baterako bertan behera uztearen alde agertu da Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila, gaur goizean EAEko Angulero Elkarteko ordezkariekin bildu ostean. Azken bi txosten zientifikoetan oinarritu dira erabakia hartzeko: Espainiak Europako Batzordeari aurkeztu zion Angularen Kudeaketa Planaren ebaluazio osteko txostena eta Aztiren txostena.

 

Lehen txosteneko emaitzek diote “aingiraren iheserako eta errekrutatzerako helburuak urrun daudela” Europak 2007ko Araudian jarritako helburuetatik; izan ere, ikerlanak ondorioztatzen du 1960ko eta 70eko hamarkadetan bizi ziren ibaietako aingira kopuruaren %7 besterik ez dela bizi gaur egun. Azken urteetan zenbait neurri hartu diren arren, txostenaren arabera ez dira nahikoa aingiraren egoera “larria” konpontzeko.

Aztiren txostenari dagokionez, ondorio nagusia da “ez dagoela espeziea errekuperatzen ari den zantzurik”. Halere, ikerlana Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluko (ICES) Angularen Lan Taldearen bileran aurkeztuko da, eta organo horrek emandako aholkua kontuan izango da, Jaurlaritzak ohartarazi baitu “txostena jaso bezain laster Lan Mahaia sortuko dela” azaroan, 2010. urteko Angularen Kudeaketa Plana berritzeko.