
Urtero 640.000 tona arrantza-sare botatzen dira itsasora, degradatzeko 600 urte behar dutenak. Baina hondakin horiek ez dute zertan zaborretan amaitu; bigarren bizitza bat eman dakieke. Baztertutako arrantza-sareak altzariak izan daitezke, hala nola aulkiak edo mahaiak. Edo, behintzat, aukera hori ikusi du Gotaa Labek. Udane Alfonso zuzendari nagusia da. Harekin batera taldea osatzen dute egun David Zabalak, Julen Callónek eta Carlos Martinezek.
Zer da Gotaa Lab?
Gotaa Lab ekonomia zirkular urdineko proiektu bat da. Arrantza-sareak diseinuzko produktu jasangarri bihurtzen ditugu, enpresei inpaktua sortzen laguntzeko eta beren ingurumen-konpromisoa jakinarazteko.
Noiz eta nola sortu zen ideia?
Ideia urtarrilean sortu zen, Dezetaan lanean hasten naizenean. Jasangarritasun Estrategikoko Aholkularitza enpresa nahiko berria da, 2024ko maiatzean sorturikoa. Hor ikusi nuen ekonomia zirkularreko proiektuak jorratzen ari zirela, hondakinak hartu eta baliabide bihurtzen zituztenak. Orduan, ohartu nintzen arrantza-sareekin nahiko arazo zegoela gure itsasoetan, eta uste nuen zerbait egin behar nuela. Horrela sortu zen proiektua. Pentsatu genuen interesgarria izango zela arrantza-sareak hartzea, eta horiekin proiektu propio bat egitea.
Nolakoa da sektorearen gaur egungo egoera?
Hondakin arazo handia dago gure inguruan, batez ere, itsasoetan. Urtero 640.000 tona arrantza-sare botatzen dira itsasora. Sare horiek 600 urte gutxi gorabehera behar dute degradatzeko, eta ez dira guztiz desegiten. Beraz, arazoari soluzio bat emateko pausoa emateko garaia da; hondakin horiek errekurtso bilakatzea, enpresek inpaktua sortzeko (ingurumen-inpaktua eta inpaktu soziala).
"Pentsatu genuen interesgarria izango zela arrantza-sareak hartzea, eta horiekin proiektu propio bat egitea"
Nolakoa da itsasoko zaborra altzari eta osagarri bihurtzeko prozesua?
Kantauri Itsasoko arrantza-sareak hartzen ditugu, eta bi koloretan banatzen ditugu: urdina eta berdea. Lehenengo garbitu egiten dira, eta, ondoren, banatu. Horiek guztiak birrindu egiten dira, eta 'iletxoak' sortzen dira. Ondoren, beroarekin zanpatzen dira, eta hondakin posindustriala sartzen zaie. Hala plaka batzuk sortzen dira, eta mekanizatuarekin produktuak sortzen ditugu.
Zer esan nahi dute zuentzat jasangarritasunak eta berrikuntzak?
Jasangarritasuna eta berrikuntzak eskutik helduta doaz; jasangarritasuna negozioaren barruan dagoela ulertzen dugu, bai lehia-abantailak, bai posizionamendua ahalbidetzen baituelako. Gainera, egun, negozio-eredu berriak sortzen ari dira jasangarritasuna ardatz izanda.
Zenbateko inbertsioa suposatzen du horrelako proiektu batek?
Hasieran inbertsio handia suposatu zuen. Gotaa Lab denon proiektua da, beraz, bakoitzak bere 'tanta' jarri du. Teknologian ez dugu asko inbertitu, Carlosengatik bageneukalako, baina bai egin dugula produktuan eta hau diseinatzeko momentuan. Eta denboran ere inbertsio handia egin dugu. Beraz, ekonomikoki, ekintzailetza guztietan gertatzen den bezala, zaila da, eta asko inbertitu behar da. Baina proiektuan sinesten dugu, enpresak interesatutak daude, eta jendeari gustatzen ari zaio.

Teknologian ez duzue inbertsio handirik egin izan behar, zergatik?
Gure lankide Carlosi esker teknologia hori bageneukan. Dezetaak bazuen horretarako teknologia, CM Plastik-i esker, Valentzian kokatutako laborategi kolaboratzailea. Orain, hondakinak birrintzen dituzte eta Gotaak sinatzen duen mahai eta aulki bakoitzaren panela sortzen dute.
Zer balio dituzte zuen produktuek?
Gotaa Lab asmoa duen marka bat da; desiragarria, benetakoa, kontsumo kontzienteagoa eta arduratsuagoa sustatuko duen enpresa den aldetik. Sei zutabek egiten gaituzte bakar. Lehenengoa, trazabilitatea balio-kate guztian; sareak Kantauri itsasotik hartzen diren momentutik prozesu guztian egoten gara. Bigarrena, teknologia; teknologia aliantza pioneroak baititugu. Hirugarrena, produktu guztiak diseinu propioak dira; funtzionalak dira, baina estetikoak eta erakargarriak izatea ere bilatzen dugu. Laugarrena, komunikazioa; trazabilitatearekin dena neurtu eta egiaztatu egiten dugu komunikazio arloan inpaktu guztia neurtzeko. Bosgarrena, marketina; bai saltzeko, bai prozesu guztia irudikatzeko oso garrantzitsua da. Eta, seigarrena, Sutargirekin dugun kolaborazioa: Sutargi enpresa soziala da, inklusio-arriskuan dagoen jendearekin lan egiten duena. Beraiek mihiztatzea eta muntatzea egiten dute; eta hor ere lanpostu berriak sortzen ari gara.
Produktu gehiago merkaturatuko dituzue?
Gure helburua produktu gehiago merkaturatzea da, bai. Irailean, Sutargirekin batera, zerbait egingo dugu. Asko laguntzen ari zaizkigu produktuak diseinatzen, eta ideia oso onak eman dizkigute. Beraz, horretan ari gara: prototipoak egiten, eta ikusten zer egin ahal dugun eta zer ez. Ideia asko dauzkagu eta indarrekin gatoz.
Egun, badago horrelakorik egiten duen beste enpresaren bat?
Carlosek Valentzian teknologia hori garatu zuen bere momentuan, eta, horren harira, iniziatiba batzuk sortu dira Mediterraneoan, baina Euskal Herrian ez dago horrelakorik. Gure intentzioa da inpaktu 'tanta' gehiago sortzea, Kantauri aldean formula hori aplikatzen dugun bakarrak baikara. Gainera, garrantzia berdina ematen diogu ingurumen-inpaktuari eta inpaktu sozialari, eta hori komunikatzen jarraitu nahi dugu.