Angulak harrapatzeko lizentzia kopurua 150era jaitsiko dute EAEn

Jaurlaritza eta Euskadiko Angulero Ekartea akordio horretara iritsi dira. Orain arte 700 bat lizentzia banatzen zituzten

Angulak platerean | Argazkia: iStock Angulak platerean | Argazkia: iStock

Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Angulero Elkartea akordio batera iritsi dira angularen arrantza tradizionala profesionalizatu asmoz. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan angula arrantzatzeko lizentzien kopurua 150era jaistea adostu dute, jarduera profesionalizatzeaz gainera, angularen eta aingiraren kumeen biziraupena bermatzeko.

Gaur-gaurkoz, angula harrapatzeko 700 bat lizentzia banatzen dira, 660 zutik arrantzatzeko eta 30 inguru ontzitik egiteko. Baimenen bi heren aldez aurretik adostutako baremoen arabera banatuko dituzte, eta beste herena, zozketa bidez.

Otsailean iritsi zitzaien angulazaleei Jaurlaritzak angularen arrantza profesionalizatuko zuenaren berria, urte hasieran Europak debekatu egin baitzuen aingiraren eta angularen aisialdiko arrantza, eta bete-betean eragin zien euskal angulazaleei, Bizkaian eta Gipuzkoan angulatan aritzen direnak ez baitira profesionalak, aisialdiko baimena izan dute soilik orain arte. Orduz geroztik, angularen arrantza profesionalizatzeko eskatu izan du behin eta berriz Anguleroen Elkarteak.

Hala, akordiora iritsita, 150 lizentzia banatuko dituzte gehienez ere urtean. Azti ikerketa zentroa arduratuko da urtero banatuko diren lizentziez eta harrapatu ahalko den angula kopurua ezartzeaz, bai eta espeziearen populazioaren eta arrantza kanpainaren iraupenaren jarraipena egiteaz ere.

Akordioarekin pozik dagoela adierazi du Anguleroen Elkarteak ohar bidez egin duen balorazioan. 2021ean sortu zuten, eta egun 200 bat bazkide ditu. Akordioaren balorazioa egiteko unean, eskerrak eman dizkie lagundu duten alderdi politiko, bazkide eta enparauei, eta esker berezia eman dio Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeari. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK