Duela hogei urte ia, 2007ko garaitsu honetan, The Economist entzutetsuak bere titular txorrotx horietako bat argitaratu zuen orduantxe Australian egina zen goi-bileraren harira: “APEC: Berriketa hutsal samarra. Lau adjektibo ondorio baten bila”. Eta egiari zor, ateraldia ez zela guztiz berea berresteko, artikuluaren lehen paragrafoan argitzen zuen nondik norakoa:
“Txiste zaharrak izaten dira gogoangarrienak. Gogoratzen badira, dibertigarriak direlako da; eta dibertigarriak badira, hein batean behintzat egiazkoak direlako izango da, ziurrenik. Hala gertatu zen Gareth Evans Australiako Atzerri ministro ohiak APEC (Asia-Pacific Economic Co-operation) ‘lau adjektibo substantibo baten bila’ zirela esan zuenean. Joan den asteburuan Sydneyn egindako APEC gailurrean agerian geratu da sortu eta ia 20 urtera taldeak oraindik erabakitzeke duela bere substantiboa –zer den–, eta are gehiago bere aditza –zer egiten duen benetan–”.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Bada antolakundearen sortzaileetakoa izan zen G. Evansen txistearen harira, esan liteke hogei urte geroago ere bere substantiboaren bila jarraituko duela APECek lau aste barru Shenzhen-en –aurten txanda Txinari dagokiolako– biltzen direnean. Baina, orduan bezala, 21 estatuburu edo lehen ministro bertaratuko direla ikusita, ondorioztatu beharko da The Economist-ek maiseatzen zuen berriketaren hutsaltasunak baduela nonbait erakarmen bat... lekuan lekuko janzkeran inspiratutako mozorroekin ohiko “familia-argazkia” ateratzeaz gain.
Gogoan izan behar da, hala ere, Frantzia APECen begirale dela, eta kide osoa izatea eskatua duela
Herrialde europar bakarra ere ez duen nazioarteko goi-topaleku nagusia izatean ote datza xarmaren partetxo bat? Batek daki. Gogoan izan behar da, hala ere, Frantzia APECen begirale dela, eta kide osoa izatea eskatua duela, mundu-parte hartan dituen itsasoaz haraindiko lurraldeen karira; oraingoz, alferrik.
Baina, beharbada, erakarmenaren gako nagusia oso prosaikoa da: ezbairik gabe –eta aurrekari historikorik gabe– gaur egungo munduaren ardatz ekonomikoa den Ozeano Barearen alde biak elkarretaratzen ditu APECek ordu batzuez maila gorenean. Horrek esan nahi du munduko lau ekonomia handienetatik hiru –eta hamaika handienetatik bost– biltzen direla bertan. Luzaz munduko handienak diren biak itsasertz banatan dituela. Bertaratzeko arrazoi potoloa da edozein arduradun gorenentzat.
Erakarmen horren isla litzateke geografiazko “eskubide osoa” luketen herrialdeetatik (Ozeano Bareko irla-herrialde txikiak alde batera utzita), bakanak direla jada kidetuta ez daudenak: Kanbodia, Asia aldetik; eta Guatemalatik Ekuadorrera bitartekoak Ameriketan. Eskabidea egina dute, haatik, ia guztiek. Eta “eskubide geografikorik” gabe nola edo hala kidetu nahi luketenen zerrenda ere ez da nolanahikoa: Mongolia eta Laos, lehorrekoak, batetik; eta Indiako Ozeanoko erraldoiak bestetik (Bangladesh, India, Pakistan eta Sri Lanka). Halakorik eratuko balitz, gizateriaren erdia baino gehiago legoke ordezkatuta berriketan.
APECeko bilkuren anfitrioi izaten bigarren aukera duen lehen estatuburua izango den Xi Jinpingek uko egin dio Japoniako lehen ministroa den Sanae Takaichi andrearekin zuzenean biltzeari
Hutsaltasunari dagokionez, bestalde, nekez berresan ahalko du, ez The Economist-ek ez inork, aurtengo Shenzheneko topaketa hutsala datorrenik. Emaitzen kontura epaitu beharko da duela hilabete Washingtonen egin zenaz geroztik hitzetik hortzera dabilen Xik eta Trumpek, APECen aitzakian (AEBko midterm-hauteskundeen emaitzak jakinda), egitekoa duten aurrez aurrekoa. Oraingoan, gainera, hirugarren solaskide bat ere, Putin, bertan izan dezaketenean. “Estatuburuen diplomazia” deitu den hori, kualitatiboki, ezer berritzailea ote den ikusteko parada polita izango da, nolanahi ere.
Hutsaltasunaren kontrakotik gertuago legoke, nolanahi ere, dagoeneko, Shenzheneko bilkuraren harira, zertu den tentsio-jazoera diplomatikoa. APECeko bilkuren anfitrioi izaten bigarren aukera duen lehen estatuburua izango den Xi Jinpingek uko egin baitio, antza denez biribilki, Japoniako lehen ministroa den Sanae Takaichi andrearekin zuzenean biltzeari. Ukoaren zergatia, noski, Takaichik iazko udazkenean, Tokioko Dietan, Taiwani buruz egindako adierazpenak, erretiratu ez dituenak, izango lirateke, eta Txinak gai horren inguruan darabilen gero eta jarrera garratzagoari men egiten dio. Bi herrialdeen arteko harremanak okertze bidean daudela agerikoa da, eta APEC izan daiteke, bere ilauntasunean, abagune goxoena... asko ez bada ere.
Ez baita ahaztu behar, ezta ere, APEC dela Txina partaide izanik Taiwan berariazko entitate politiko moduan onetsita dagoen nazioarteko topaleku bakanetakoa. Bi urte lehenago sortu berria zen eta orduan hamabi kide baino ez zituen APECen hirurak –Txina, Taiwan eta Hong Kong– batera, 1991an, sartu zireneko testuinguruan ulertu behar da ezohiko “bizikidetza” hori, agian bestela gaur egun ezinezkoa izango litzatekeena. Baina iraun egin du harez geroztik, eta erakundearen ikuskera ekonomikotik zentzu guztia du. Bidenabar, destaina diplomatikoez harago, zigor bateratuak (bestelako kontua da bilateralak, betiere Japonia tartean dela), betoak eta antzekoak apenas agertu ez izanak ere izango du, agian, zerikusia APECaren erakarmenarekin.
Destaina diplomatikoez harago, zigor bateratuak, betoak eta antzekoak apenas agertu ez izanak ere izango du, agian, zerikusia APECaren erakarmenarekin
Ez ginateke, ordea, egiari zor zaion begirunea gordetzen arituko APECeko goi-bilerak bitxiki jantzitako buru-gorenen merkatu persiar moduko zerbait direla pentsaraziko bagenu. Ekonomia ardatz dela, lan gris dezente egiten da haren goi-bileren inguruan, eta tenore horretakoa izan da, azarokoaren atarian, aste honetan bertan egin den finantza-ministro eta ordezkarien eta enpresaburuen bilkura. Mahai gainean lau gai-sorta zirela: herritarren ongizatea sustatzeko zerga-politikak, azpiegitura digitalen finantziazioa, lekuan lekuko baldintzetara egokitutako finantza-inklusioa, eta ekonomia- eta finantza-sektoreko profesional gazteak prestatzeko lankidetza. Ez dira oso gardenak substantiboak, baina zerbait adierazten dute nondik norakoaz.
Ñabardura adierazgarria gehitzen du, haatik, bilkura-lekuak: Hong Kong. Shenzhendik bertatik bertara, bai, baina Txinatik bereizitako APEC-kidea dena. Bilkura-burua, edonola ere, Txinako Finantza-ministroa, Lan Fo’an. Etxean bezala. Pauso bat gehiago norbaitek aspaldi esan zuen hartarako: “Hong Kong, azkenean, Shenzhengo auzo bat izango da”. Bertaratuen artean, Taiwango Finantza-ministroa. Hutsala ote?
“Munduko ziurgabetasunen eta gatazka geopolitikoen zehar-eraginen aurrean, eskualdearen oparotasunean lagun dezaten” Asia-Pazifiko aldeko ekonomiei deia egin zien Lan Fo’an ministroak ba ote zuen kasu zehatzen bat buruan hori zionean? Apustu egingo nuke baietz. Eta seguruenera asmatu egingo nuke Indonesiaz ari zela nagusiki esango banu. Une honetan estutasun larrienean dagoen ekonomia baita eskualde hartan, munduko hamaseigarrena, Espainiakoren parekoa BPGan; baina, 290 milioirekin, munduko laugarrena biztanlez.
Indonesiar errupiaren beherakadak daraman bidean jarraitzen badu, 1997ko uztailean Thailandiako bahtaren porrotak abiarazi zuen finantza-krisi asiarra jolasa izan baitaiteke
Indonesiar errupiaren beherakadak daraman bidean jarraitzen badu, 1997ko uztailean Thailandiako bahtaren porrotak abiarazi zuen finantza-krisi asiarra jolasa izan baitaiteke. Oraingoz, Indonesiako banku zentralak errupiari eusten jarraitzeko hautua egin du, interes-tasak bere horretan mantenduz; baina ez dirudi horretan luzaro iraun dezakeenik, eta kanpoko laguntzaren premia agerikoa bihurtzen ari da egunak igaro ahala. Lan Fo’anen hitzen interpretazioa, beraz, nahiko gardena da.
Baina arriskua ez da soilik, ezta nagusiki ere, finantzarioa Indonesiarentzat: eztanda soziala ekar dezakete krisi ekonomikoak. Lehendik larri bazebilen, akabua izan da han Persiako Golkoko gerratik eratorritako erregai-krisia. Eta iaz Prabowok nola edo hala amatatu zuen gazte-protesta berriro sutu da, inolako aurrerapenik kausitzen ez delako. Geopolitikoki hurbilekoak zaizkion Bangladesh edo Nepalgo aurrekariek, edo oraintxe bertan Indian ikusten aritu behar duenak, zalantzarik gabe, hauspotu egiten dute ezintasunaren eta ustelkeriaren pean bizi den indonesiar gazteriaren haserrea.
Prabowok gogoan izan behar du, haren protagonista zuzen eta nagusietako bat bera izan zelako, orduan aitaginarreba zuen Suharto diktadorearen eraispena ekarri zuen krisi ekonomikoa. 97ko finantza-krisiarekin burutu zena, hain zuzen. Duela 30 urteko hura latza izan bazen (Praboworen jardueragatik, hein handi batean), oraingoa are bihurriagoa izan daiteke, nazioarteko testuinguruagatik, besteak beste. Indonesiako eztanda sozialak, bertako sumendien erupzioek bezala, eskualdeko herrialdeak aise ukitu ditzakeelako berehala.
Nazioartekotasun-faktorea, beraz, Indonesiako krisiaren elikatzaile ere bihur daiteke
Nazioartekotasunaren faktorea egonkortasunaren eta gizalegezko irtenbide baten aldekoa izan daiteke, Lan Fo’an ministroaren hitzek iradokitzen zuten tenorean. NDFk ez ezik APECeko (baina, batez ere, haren bilkuraren atarian Filipinetan bilduko diren ASEANekoek) herrialdeek finantza-laguntza bat luzatu behar liokete larri dabilen kideari, egoera ekonomikoa onbideratu eta egonkortasun soziala berma dezan... baina nork bere igurikimen estrategikoak bazter emanda.
Ez baita ahaztu behar, giza eta lehengai-ondasun ikusgarriaz gain, baduela Indonesiak munduan beste ezein herrialdek ez bezalako aberastasun bat: bere kokapenak ematen dion balio estrategikoa. Edozein potentziak ezagutzen eta desiratzen duena, orain eta beti, eta ASEANekoen bilkuraren aitzakian elkartuko diren Quad-eko lauen (AEB, Australia, Japonia eta India) arteko solasean ere hizpide izango dutena.
Nazioartekotasun-faktorea, beraz, Indonesiako krisiaren elikatzaile ere bihur daiteke. Ez da gutxietsi beharreko aukera: nazioarteko harremanetan, gutxitan ematen da ezer musu-truk; ezta APECen berriketetan ere. Eta ikusiko dugu Shenzhenekoaren inguruan Txinak berak zer hitzematen duen Indonesiari laguntzen aurrendari izateko. Ez da hutsala.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta