• EKONOMIA
  • Arabako Ogasunak 1.381 euroko batez besteko itzulera aurreikusi du errenta kanpainan

Arabako Ogasunak 1.381 euroko batez besteko itzulera aurreikusi du errenta kanpainan

202.576 zergadun deituta daude aitorpena egitera, eta gehienek dirua jasoko dute

Arabako errenta kanpainaren aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Arabako errenta kanpainaren aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2026eko apirilaren 1a - 10:37

Daturen bat edo beste jada ezaguna bazen ere, gaur aurkeztu ditu Arabako Ogasunak 2025eko errenta kanpainarako aurreikuspenak, eta jakinarazi duenez, batez beste 1.381 euro itzuliko zaizkie zergadunei. Itziar Gonzalo diputatuak azaldu duenez, kanpaina honek iazko zerga berrikuspenaren ondorioak lehen aldiz jasoko ditu, eta horrek eragin zuzena izango du herritarren ekonomian. Bere hitzetan, “ekarpen fiskala arintzen duen paketea” da, batez ere errenta ertain eta baxuenei zuzendua.

 

Aurten 202.576 pertsonak aurkeztu beharko dute aitorpena, iaz baino zertxobait gehiagok, eta horietatik %70 inguruk itzulketaren aldeko emaitza izango dute. Guztira, 195,5 milioi euro itzultzea aurreikusten du Ogasunak, eta ordainketen bidez 110,5 milioi euro biltzea. Gainera, 125.000 aitorpen baino gehiagok izango dute onura zuzena neurri berriengatik.

Kanpainak berrikuntza fiskal batzuk dakartza, bereziki etxebizitza alokairuari lotutakoak. Errentatzaileek %70erainoko hobariak izan ditzakete, eta errentariek, berriz, %20ko kenkari orokorra, baldintzen arabera %35era irits daitekeena. Bestalde, lan etekinen gutxieneko muga 20.000 eurora igo da (hortik behera kobratzen dutenek ez dute zertan aitorpena egin behar), eta neurri horrek 12.200 pertsonari baino gehiagori egingo die mesede.

 

Errenta kanpaina apirilaren 7an hasiko da eta ekainaren 25ean amaituko. Prozedura errazteko, hainbat bide eskainiko dira, tartean Rentafácil, zergadunen %73ra iritsiko dena, eta Rentared, online egiteko aukera ematen duena. Gonzalok nabarmendu du helburua dela “aitorpena ahalik eta errazen aurkeztea, egoera bakoitzera egokitutako baliabideekin”.

Aurrez aurreko arreta ere eskainiko da Rentaraba sistemaren bidez, baina baldintza jakin batzuk betetzen ez dituzten zergadunek soilik erabili ahal izango dute. Horretarako zerbitzua apirilaren 13an jarriko da martxan, eta aurretiko hitzordua beharko da kasu batzuetan. Halaber, fortuna handien eta ondarearen gaineko zergak epe berean aurkeztu eta ordaindu beharko dira.