• EKONOMIA
  • Araba Euskaraz: bultzada ekonomikoa ikastolentzat

Araba Euskaraz: bultzada ekonomikoa ikastolentzat

Jaialdiarekin jasotzen den diru guztia bildu eta ikastoletan berrinbertitu egiten da. Aurten, Aguraingo Lautada ikastolak jasoko ditu mozkinak, eta zentroko azpiegiturak hobetze aldera bideratuko dute dirua

Diru bilketarako auzolana funtsezkoa dela nabarmendu dute Ikastolen Elkartetik | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
Diru bilketarako auzolana funtsezkoa dela nabarmendu dute Ikastolen Elkartetik | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
2023ko ekainaren 11 - 05:30

‘-EKIN’ izenburua bidelagun, aurtengo Araba Euskaraz jaialdia ospatuko da gaur Olarizun, Gasteizen. Euskara eta euskal kultura ahotan, Aguraingo Lautada Ikastolari bultzada ekonomikoa ematea dute helburu ekitaldiarekin, urtean zehar gauzatzen diren ekimenetan zein azken jaialdi honetan bildutako dirua hartara bideratuta. 1981. urtean ospatu zen lehen edizioa, eta diru bilketa prozesu bertsua izan dute ordutik.

 

Arabako zortzi ikastolek aurrera eramaten duten proiektua da Araba Euskaraz, euskara eta euskal kultura sustatzea duena xede. Helburu honekin batera, ikastolen proiektua hedatzeko eta sustatzeko etekin ekonomikoa bilatzen dute, mozkin guztiak ostera berriz ere egitasmoan bideratzeko. Urtero, dirua ikastola jakin batentzat bideratzen da, zortzi ikastolek batera egindako lana baliatuta eta talde baten gisara funtzionatuta. Iaz Argantzon ikastolari bideratu zitzaion kapitala; aurten, Lautada ikastolari dagokio.

Bilketaren kudeaketa

Arabako Ikastolen Elkarteko arduradun Joseba Aginagaldek dio auzolana funtsezkoa dela diru bilketa gauzatzeko: “Ikasturte hasieran erabakitzen dugu ikastola jakin batentzako diru ekarpena egingo dugula, eta gure indar guztia horretara bideratzen dugu”. Urtero, beraz, Araba Euskaraz elkarteak diru hori kudeatzen du, eta likidazio prozesu bat gauzatzen du unean uneko ikastolarekin. “Behin jaialdiko gastuak kitatuta, likidazio osoa egiten zaio ikastolari, ostera azken horrek diru guztia kudeatu dezan”.

 

Bilketa prozesua, hortaz, oso “argia” dela dio Aginagaldek. “Irailean zerotik hasten gara, eta ustiapen-kontu bat sortzen dugu urtean zehar egiten diren ekimenak kontrolatzeko”, ohartarazi du. Lortutako diru guztia, inbertsioetara bideratzen direla azaldu du elkarteko kideak, ikastolen proiektuaren hobekuntzari bideratuak izaten direnak. “Dirua ez da bideratzen gastu korrontea ordaintzeko; hori ez da gure parametroen barruan sartzen. Guk ikastolak jasotako dirua inbertsioetarako bideratzen duela kontrolatzen dugu”, argitu du.

Argazkia: Endika Portillo/Foku
Urtero zerotik hasten dira, eta ustiapen-kontu bat sortzen dute urteko ekimenen kontrolerako | Argazkia: Endika Portillo/Foku

Bere aldetik, Araba Euskarazeko koordinatzaile Roberto Gonzalezen hitzetan, dirua biltzea ez dela haien helburu bakarra. “Euskara eta ikastolen proiektua sustatzea dugu helburu nagusi, eta hortik dirua lortzean egitasmoa sendotzeko erabiltzen da”, nabarmendu du. Ikastolen proiektuak “hauspoa” behar duela dio, eta, horretarako, urtean zehar hainbat ekitaldi gauzatu dituzte Araba Euskaraz ekitaldia berotzen joateko. Besteak beste, Jai Alai Winter Series txapelketarekin zestako partiduak prestatu zituzten martxoan Gasteizko Olabe pilotalekuan, eta Goazen telesailaren kontzertu bat burutu zuten abenduan.

Inbertsioa azpiegituran

Jasotako dirua, beraz, Lautada ikastolak egingo du bere aurten. Xabier Valdor Aguraingo ikastolako zuzendaritzako kideak azaldu du etekinak ikastolaren azpiegiturak hobetzeko bideratuko direla. “Haur hezkuntzan aldaketa pedagogikoak eman nahi ditugu, eta honakoa lortzeko berrikuntzak behar ditugu eraikinean”, nabarmendu du Valdorrek. “Bere momentuan kristau eskola zena hartu genuen, nahiko zaharra dena, eta mantentze lanak behar ditu”. Hori horrela, jasotako mozkinekin eraikina berritzeko helburua dute.

Kanpoko babesleak ere baditu Araba Euskaraz egitasmoak. Vital Fundazioak, esaterako, aspalditik babesten du Araba Euskaraz ekitaldia. Arantxa Ibañez de Opacua Fundazioko zuzendariak proiektu oso argitzat jotzen du: “Araba Euskaraz urteetan zehar indar berdinarekin mantendu den ekitaldia izan da”. Fundazioko zuzendariak dio entitateak apustua egiten duela kultura, kirola eta euskara sustatzen duten proiektuen inguruan. Gainera, jaialdiak funtzio bat baino gehiago batzen dituela ohartarazi du, ondare kulturala babestea ahalbidetzen duena. Hori dela eta, jaialdia sendotzea gakotzat jo du: “Zaintza berezi bat behar duela uste dugu, eta hori ikusita berau indartu, eta babestu nahi dugu”.

Joseba Aginagalde: “Dirua ez da bideratzen gastu korrontea ordaintzeko; hori ez da gure parametroen barruan sartzen. Guk ikastolak jasotako dirua inbertsioetarako bideratzen duela kontrolatzen dugu”

Era berean, euskara ardatz duten bestelako proiektuak ere babesten dute Fundaziotik, baina Araba Euskarazek hainbat berezitasun dituela argitu du Ibañez de Opacua zuzendariak. Ekitaldiaren “informaltasuna” garrantzitsua dela azpimarratu du, euskara eta euskal kultura “kaleetara” bideratzeko aukera ematen duelako. Jaialdiaren bizitasuna izan du hizpide horrela, euskararen erabileran eragiten duena.