• EKONOMIA
  • Arabako emakume zuzendari eta enpresaburuak sarituko ditu beste urtebetez AMPEAk

Arabako emakume zuzendari eta enpresaburuak sarituko ditu beste urtebetez AMPEAk

Elena Guede, Eva Silván, Monica del Campo eta Rosa María Rioren ibilbideak sarituko dituzte. Irailaren 25an egingo dute sari banaketa

2023ko edizioko saridunak | Argazkia: AMPEA
2023ko edizioko saridunak | Argazkia: AMPEA
2024eko irailaren 13a - 15:04

AMPEA Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak lurraldeko emakume ekonomialarien lana sarituko du beste urtebetez. Sariketaren bosgarren edizioa egingo du datorren irailaren 26an, emakume hauen “ibilbidea, bisio estrategikoa eta lidergo gaitasunak” aitortuz. Sariketa ekitaldia Gasteizko Europa Jauregian egingo da, Green Capital aretoan.

 

Aurtengoan, emakume zuzendariaren saria Elena Guedek jasoko du, ekintzailearena Eva Silvánek, enpresaburuarena Monica del Campok eta emakumea eta zientzia saria Rosa María Ríok. Epaimahaia Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko, BIC Arabako, Arabako Merkataritza Ganberako eta EHUko ordezkariek osatu dute.

Saridunei dagokienez, Elena Guede kimika ingeniaria da, eta CRH enpresako jasangarritasun arloko presidenteordea da egun. Besteak beste, ardura postuak izan ditu Cementos Lemona eta Cementos Portland enpresetan. Eva Silván aurpegi ezagunagoa da, telebistan asko agertzen baita. Politologoa da, eta Silvan&Miracle enpresaren sortzailea. Afera publikoen inguruko aholkularitza etxea da Silvan&Miracle, eta erakunde mota askori influentzia publikoko estrategiak garatzen laguntzen die. EAEko Save The Childrenen bulegoaren sortzaileetako bat ere bada Silván.

 

Enpresaburuaren saria Monica del Campok jasoko du. Zuzenbidean lizentziatua, sektore askotako enpresetan ibili da orain arte. Gaur egun, Gercam Food eta Tou-ché izeneko moda denda bateko bazkidea da. Azkenik, Rosa María Belver EHUko katedraduna da, enpresen antolakuntzaren departamentuan. 25 ikerketa proiektu eta 70 argitalpen zientifiko burutu ditu, eta hainbat proiektu gidatu ere bai, T4BSS izenekoa, besteak beste.