
153 prestakuntza ikastaro eta 1.658 plaza eskainiko ditu Arabako Foru Aldundiak, batik bat, langabeen lanbide kualifikazioa hobetzeko. Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatutako jardunaldi horiek Arabako enpresek eskatutako ezagutzei eta trebetasunei buruzkoak dira, eta, oro har, Gasteizen emango dira; hala ere, 58 ikastaro beste herri batzuetan egingo dira, besteak beste, Amurrion, Aiaran, Barrundian, Kanpezun, Eltziegon eta Guardian.
Hain zuzen, ikastaroak Gasteizen soilik egitea saihestu nahi izan da, eta Arabako eremu guztietara iristeari garrantzia eman dio Arabako Aldundiak. Hala, 750.000 euroko aurrekontuarekin antolatuko dira ikastaroak, baina 122.000 euroko zuzkidura zuzena emango zaie kuadrillei (gainerako 630.00 euroak unibertsitate eskolengana zein fakultateengana bideratuko da). Aurrez aurre zein online formatuan jarraitu ahal izango dira jardunaldiak.
Cristina González foru diputatuak aurkezpenean azaldu du ikastaroak enplegurako prestakuntza programa estrategiaren zati bat direla, zeinak helburu duen Arabako lurraldean enplegua sustatzea. Gonzálezek adierazi du jada helburu hori betetzen ari dela, ekainean maiatzean baino 260 arabar langabetu gutxiago izan baitziren, eta, gainera, urtarriletik ekainera bitartean 750 langabetu gutxiago zenbatu dira. Aldi berean, inoiz baino pertsona gehiago ari dira lanean Araban, Gizarte Segurantzan 169.594 pertsona baitaude afiliatuta.
Haatik, foru diputatuak oraindik lan asko egiteke dagoela azpimarratu du: “Badaude oraindik lan egin nahi eta ezin duten arabarrak, eta pertsona horiek dira gure ardura. Aurkezten dugun prestakuntza eskaintzaren helburua haien gaitasuna hobetzea eta lan merkatuan sartzeko aukerak areagotzea da, hain zuzen ere" esan du.
Ildo beretik, Aldundiak ikastaroetan parte hartzeko erraztasunak jarri nahi izan ditu: jardunaldien %90 baino gehiago doakoak dira, eta gainerakoen kostua 15 eurotik hasi eta gehienez jota 175 eurokoa izango da.