Arabako Enpresen Foroaren XIII. Edizioa egin zen atzo Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Bai Euskarari Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak elkarlanean antolatutako ekimenak helburu izan zuen lurraldeko enpresa eta eragile sozioekonomikoek ezagutza partekatzea euskarak enpresetan duen presentziaren gainean. Ekitaldia Lanabes izeneko programaren baitan kokatzen da.
Jardunaldian zehar, bertaratutakoek enpresa giroan sor daitezkeen hizkuntza-egoerei buruz hausnartu zuten, eta hartu beharreko neurriak eta erantzun egokiak irudikatu zituzten. Bide batez, EBA SL enpresako Nerea Caballerok konpainiaren esperientzia “arrakastatsua” partekatu zuen, enpresan hartutako hizkuntza-irizpideak zehazteko prozesua hizpide izanik.
Ondoren, euskararen normalizazioari begira etorkizunean enpresek egin beharreko pausoak identifikatu zituzten, 2026rako lehentasunak zehaztuta; gainera, Make it Visual-ek saioaren laburpen grafikoa ere egin zuen.