Argitaletxeen prestakuntza Durangoko Azokara begira

Hainbat hilabete behar izaten dituzte argitaletxeek azokara begirako prestaketa egiteko. Bi egun lehenago materiala eraman ohi dute, eta produktuak amaitu ahala berritu. Aurtengo erronka nagusia? Fakturazio sistema egoki ezartzea Landako Gunean

Argazkia: Denonartean Argazkia: Denonartean

257 erakusmahai izango ditu aurten Durangoko Azokak, eta 265 ekitaldi. Hori guztiori lantzeko eta muntatzeko lan zama handia izan ohi dute argitaletxeek eta antolatzaileek urte guztian zehar, logistika zein kudeatze kontuak aurrera eraman behar baitituzte datari begira. Hilaren 6tik 10era bitartean egingo da euskal kulturaren txokoa, baina arinagotik prestatu behar den lana izan ohi da, produktu aleak, informatika kontuak edota erakusmahaien muntaia aurreikusi behar direlako.

Elkar argitaletxeko banaketa koordinatzailea da Andoni Arantzegi. Berez, irailean hasten dira Elkarretik azoka prestatzen, material ugari mobilizatu behar baita. “Liburuen kudeaketa egiten dugu, ikusteko zeintzuk izan daitezkeen oso salgarriak, eta stocka moldatzen dugu horren arabera”, mahaigaineratu du. Hilaren 4ean, astelehenean, kamioi batekin produktu guztiak batu eta Durangora eramango dute, ostera paleten bitartez stand bakoitzean materiala banatzeko. “Erakusmahai bakoitzak bere paleta kudeatzen eta muntatzen du”. 35 bat erakusmahai izango ditu aurten argitaletxeak Landako Gunean.

elkar txertoa
Argazkia: Elkar

Behin azoka hasita, "eguna bukatzean, 20:00ak inguru, saldu denaren informazioa jasotzen dugu, eta produktu berritzea eskatzen dugu gure biltegira”. Azokan bertan dagoen ordenagailu batetik kudeatzen dute eskaria, eta erakustoki bakoitzak zenbaki bat du enpresako sarean, zenbat produktu behar diren “zehatz” jakiteko. “Hurrengo goizean furgoneta bat bidaltzen dugu material berri guztiarekin”. Koordinazioa lortzeko sail askoren beharra dagoela azpimarratu du: “Banatzaile saila, informatika saila, giza baliabideak, finantza saila... Lan handia dago atzean”.

Azpiegitura txikiagoa duten argitaletxeak ere topa daitezke Landako Gunean, Denonartean kasu. Unai Pascual da argitaletxe nafarraren editorea eta, tamaina gorabehera, antzeko metodologia erabiltzen dute. “4a jaieguna dugu Nafarroan, eta aprobetxatu egiten dugu egun horretan joateko. Biltegira bueltatzen naiz Durangotik materiala behar dudanean; bestela, bertan gelditzen naiz”. Tarte horretan, laguntza behar izaten du, eta urtero Durango bertako pertsona bat kontratatzen duela adierazi du: “Uste dut ona eta polita dela herrian ekarpena egitea”. Bi erakusmahai eta erdi ditu Denonartean argitaletxeak aurten.

Fakturazioa sarean

Urtero, azokaren prestakuntzak zailtasun bat edo beste izan ohi du, eta Arantzegiek zein Pascualek bat egin dute aurtengo erronka nagusian: fakturazioa eta tiketak. Elkarreko banatzaileak dio informatika kontua dela erronka, erakusmahai guztiak ordenagailu sare batera konektatuta izan behar dutelako. “TicketBAI fakturazioa egin ahal izateko erakustoki bakoitzak bere sarea izan behar du konektatuta”, adierazi du. Sistema ongi txertatzeko programa berdina izan behar dute une oro ordenagailuek, informazio guztia argi kudeatzeko. “Hilabeteak daramatzagu prestatzen, formakuntza eta guzti jaso dugu sistema ondo kudeatzen jakiteko. Ez da konplikatua, baina sarea eguneratua izan behar dugu denbora guztian”, nabarmendu du.

Bere aldetik, erronka informatikoa “zailena” izango dela azaldu du Pascualek, nahiz eta TicketBAI sistema Denonartean argitaletxeak ez duen indarrean nafarra izatearren. Hori bai, fakturazio kontuetan belaunaldi faktorea dagoela uste du: “Nagusiagoak direnak nahiago izaten dute eskudiruz ordaindu”. Hala ere, buruhauste handia eman dio sarean informazioa egokitzeak, “hainbat” hilabete eman baititu programa prestatzen. Durangoko Azokari begira, antolatzaileek urtean zehar bilera ugari prestatzen dizkiete argitaletxeei, albiste guztiez informatzeko. “Bilerak online egiten ditugu, hiru bat guztira, standen kokapena finkatzeko eta bestelako kontuak kudeatzeko”, azaldu du Pascualek. Antzekoa azaldu du Arantzegik, edizio bakoitzean egiten diren berrikuntzen inguruan informatzen dituztela gehituta. Aurten egin den aldaketa bat izan du adibide: “Azken egunean arratsaldeko 18etan bukatuko da azoka”.

52551111229 f51ea8c1af o
Argazkia: Durangoko Azoka

Aspalditik zegoen “eskakizuna” dela argitu du teknikariak, azken ordu horiek oso “motelak” izaten baitziren salmenta aldetik. Kontsideratu da berandu ixten zela gunea, batez ere parte-hartzaileen iradokizunak zirela eta. “Argitaletxeon iradokizunak kontuan izaten dituzte beti, eta horrek komunikazioa ere errazten du gure artean”, plazaratu du. Arantzegik zein Pascualek harrera ona espero dute aurtengo Durangoko Azokan: “Pandemia jada atzean utzi dugu aspaldi. Jendea gogotsu dago”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK