Durangoko azoka pil-pilean bada ere, datozen egunetan badira beste zenbait azoka. Horietako bat da, hain zuzen ere, abenduaren 12an Arratian egingo duten III. Enplegu Azoka, Igorreko Kultur Etxean.
Errota Fundazioak antolatu du feria, eta goizeko 10:00etatik 14:30era bitartean egingo da. Enplegu azoka den heinean, helburua argia da: enplegu-eskatzaileek lan aukera berriak aurkitzea, eta enplegu-emaileek talentua erakartzea. Hainbat stand izango dira azokan zehar, eta nahi duenak curriculuma aurkeztu ahal izango du.
Badaude, ordea, aurreko urteetako azokarekin alderatuta zenbait berrikuntza. Batetik, antolatzaileek erabaki dute azoka herrira ateratzea, “enpresak herritarrei hurbiltzeko eta herritarrek modu aktiboan parte hartzeko”. Bestetik, sarreran iragarki taula bat jarriko da, eta bertan ikusi ahal izango dira bailarako enpresa txiki eta merkatarien lan-eskaintzak. Horrez gain, Errota Fundazioak sare sozialetan argitaratuko du azoka baino astebete lehenago “orokorrean eskainiko diren lan-eskaintzen inguruko informazioa”.
“Arratiako enpleguaren dinamizazioan ekarpena” egin nahi duen oro gonbidatu dute antolatzaileek azokara, eta gogoratu dute gune irekia eta doakoa izango dela.