Abuztuaren 22an, larunbatez, ilunduta jada, abiatu zen Hego Koreako Busango portu berritik PanStar Acro merkataritza-ontzia —212 metroko luzera, 33 metroko zabalera, Panamako banderapean—, bere zama-edukieraren heren batekin, 837 TEU, Ozeano Barerantz. Baina hara iritsitakoan, ohiko eran eki edo hegoalderantz jo beharrean, iparralderantz egin zuen. Hobeto esanda, hala egin zuela pentsatu behar dugu, ordurako itzalita zeramalako ontziaren posizioa jakinarazten duen gailua.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Baina bada ziurtasun nahikoa Bering itsasarterako bidea hartu zuela esateko. PanStar Acro abiatzeko unean, Hego Koreako itsas-gaietako ministerioak ohar ofiziala helarazi baitzien hedabideei: “Jakinarazi behar dizuegu Artikoko itsasbidetik proba-bidaia egin behar duen itsasontzia abiatu dela jada”. Eta ondorengo egunetan ontziaren nondik norakoaren berri zuzenik izan ez bazen ere, 21 egun geroago, irailaren 12an, Ingalaterrako eki-muturreko Felixstoweko edukiontzi-portuan sartu zen hura, posizioa jakinarazteko gailua berpiztuta, noski. Bidaia hori hiru astean egitea zilegitzen duen itsasbide bakarra dago: Artikokoa.
PanStar Acroren bidaiaren garrantzia ez datza, ordea, egintzaren beraren apartekotasunean, ñabarduretan baizik.
Egun batzuk lehenago egina zuen ibilaldi ia berbera Dubai Tower merkataritza-ontzi txikixeagoak (175 metro), Liberiako banderapean: Txinako Ningbotik abiatu zen abuztuaren 15ean, eta Ingalaterrako Teesportera heldu zen irailaren 9an, 1500 bat edukiontzirekin. Ezta abiaduran ere, Dubai Towerrek gorabeheraren izan eta, aurreikusitakoaren aldean, egunen bat galdu zuela badirudi ere.
Itsasbide horren inguruan dagoen isil-mandatuagatik, bestalde, ezin da jakin zer joaira zehatzean etorri zen haietako bakoitza Artikoan barrena, edota uneren batean izotz-hausleren baten beharrik izan ote zuen. Baina ia ziurki ezetsi daiteke aukera hori, urte-sasoi hauxe delako Artikoan izotzak hedadura txikiena duen eta, horrexegatik, garraio-ontziek aprobetxatzen duten abagunea, kostu gutxiagorekin eta bizkorrago joan ahal izateko.
PanStar Acroren bidaia aintzat hartu behar da, hain zuzen, Hego Koreatik abiatu zelako. Eta ez nolanahi: proba-izaera aitortu zitzaion ozenki bertako aginte politikotik. Ondo beharrean, segida izateko asmoarekin egina zen, beraz. Eta, antza denez, proba ez litzateke oker ateratzen ariko: joaneko bidaia, Felixstowe, Rotterdam eta Hamburgetik barrena Poloniako Gdansken burutu ondoren, itzulerakoari ekin ziolako PanStar Acrok irailaren 19an; eta bere azken kokapen ezaguna, handik lau egunera, Norvegia iparraldeko uretan zen.
Geroztik ez dugu haren berririk, lokalizazio-gailua itzalita daramalako berriro ere... Baina asteburu honetan espero dute Hego Koreako Busanen. 50 egunean Asia Ekialdetik Europa barrenerainoko joan-etorria eginda, beste batzuek joaneko bidaia egiteko behar duten denbora baino laburragoan. Itsas-logistikarako zer esan nahi duen horrek —kostuan nahiz epetan— azaltzen denbora galdu beharrik ez dago.
Bigarren aldiz hilabete eta erdi eskasean, alderantzizko joairan orain, Bering zeharkatzear, edo zeharkatuta, izango da une honetan PanStar Acro. Dubai Tower ere “etxera bidean” izango da baina, lerro hauek idaztean, Suez inguru gatazkatsuan dabil katramilatuta. Hor baitatza beste gakoa: ibilbidearen laburtasunak ez ezik itsasbide alternatiboen endredoek egiten dute estimagarri Artikokoa. Orain.
Hego Korea ere hura erabiltzen hasteak erauzi dezake hartako zegokeen azken eragozpenetako bat: erreparoa deituko genukeena. Orain arte, batik bat Siberia iparraldeko bere erregaiak merkaturatzeko haren ezinbesteko erabiltzailea izan den Errusiaz gaindi, herrialde bakarra aritu baita azken lauzpabost urteetan Artikoko itsasbidea erabiltzen: Txina. Betiere, udaldiko izotz-galera (uda-hondarrean eta udazkenean gertatzen dena, logikoki) aprobetxatuz.
Izatez, aurtengo negura arte astean behin baliatzekoa omen den Ningbo-Felixstowe itsasbidea edo China-Europa Arctic container express route deitu duten horretan denboraldiko lehena besterik ez zen Dubai Tower ontziaren bidaia. PanStar Acrorena ere zenbatu beharko da aurten, guztizkoan. Pausoka-pausoka, baina etenik gabe, azken urteetan ugaritzen joan den trafikoa da: 7 ontzi izan ziren 2023an; 11, 2024an; 15, 2025ean. 2026an 50 izan daitezkeela esaten da, askotxo badirudite ere.
Ez da erreparoa Artikoko itsasbideak duen eragozpen bakarra; baina izan, galga izan da orain arte. Gogoratu behar baita bidea estreinatu zuena ez zela merkantzia-ontzi txinatarra, edo handik abiatua, izan. 2018an, abuztuaren 22an abiatuta orduan ere, Venta Maersk daniarrak egin zuen Vladivostoketik S. Petersburgorainoko bidea 37 egunean. Zama egoki samarrarekin: arraiki izoztua, gehienbat. Zerbitzu erregularra sortzea baino gehiago esperientzia operatiboa lortzea helburu zuen proba zela jakinarazi zuen Maersk erraldoiak. Harez geroztik ez du itsasbide hori erabili.
Iaz, edukiontzien garraioko beste erraldoi batek, MSC italiarrak adierazi zuen, eta aurten berretsi du ez duela itsasbide hori erabiliko, segurtasun-, ingurumen- eta operatibitate-kezkak kontuan izanda, eta negozio-justifikazio nahikorik ez diolako ikusten. Baina adierazpen horiek Iranen aurkako gerrak Itsaso Gorrian sortu duen arrisku-egoera baino lehenagoak dira. Eta beste faktore batzuk ere aintzat hartzera behartzen du horrek.
Artikoko itsasbidearen eragozpen nagusia, jakina, bankisa da: bertako itsasoa estaltzen duen izotz-geruza. Urte-sasoiaren arabera loditasun eta hedadura handiagoa edo txikiagoa izaten duena baina, azterlan serio guztiek salatzen dutenez, azkarki murrizten ari dena. Ia aho batez onartzen den pronostikoa da hemendik urte batzuetara, udaldian bederen, erabat urtuta egongo dela. Noiz gertatuko den, hori da inkognita bakarra. Gero eta hurbilago ikusten da, nolanahi ere.
Hori gertatzen denean, noski, Artikoa alderik alde zeharkatu ahalko dute itsasontziek. Iragarritako hondamendi ekologikoaren onuraduna izango da itsas-garraioa: Asia ekialdeko ekoizpenak eta merkatuak eta Atlantiko iparraldekoak, orduan, askoz gertuago egongo dira elkarren artean, PanStar Acrok erakutsi duen bezala. Terraplanistentzat izan ezik.
Bizkitartean, ordea, funtsezko ñabardurak hartu behar dira kontuan, dituzten ondorioengatik. Bankisa ez da era eta abiadura berean murrizten ari alde guztietan. Berez, mendebaldean, Kanada iparraldean, alderantziz dela dirudi, eta Iparmendebaldeko itsas-pasabideak alegiazko zerbait izaten jarraitzen du, aspaldiko garaietan bezala. Halaz eta guztiz ere, Trumpek Kanada eta Groenlandiarekin darabilen tema ulertzen lagun dezake.
Ekialdean, Siberia iparraldean, ordea, azkar ari da atzera egiten izotza; eta pasabidea, gorabeheratsua bada ere, zilegi da lehorretik gertu neguan ere. Horretan oinarritzen da egungo Artikoko itsasbidea. Esan gabe doa Errusiaren zaintza eta kontrolpean dagoela bide osoa Beringetik Norvegiako Ipar lurmuturreraino.
Beste egitate bat erakartzen du horrek alboan: ontzi izotz-hausleak. Errusiak betidanik landu du haien erabilpena Artikoan. Zio militarrengatik, batez ere, baina merkataritza-ontziei bidea irekitzeko erabiltzeari muzin egin gabe. Eta ez da kasualitatea inondik ere inguruan itsaso izozturik ez duen Txinak haietako batzuk eraiki izana azken urte hauetan.
Hautsitako izotz-geruza berregiten zailagoa dela eta, beraz, haren galera azkartu egiten duela nahiko ukaezina dirudi. Itsasbide horren aurkako kritika ekologistaren arrazoibide nagusia da hori, ingurumen txit hauskor batean halako trafikoak berezkoa duen kutsadura- eta hondakin-ereintzarekin batera.
Ontzi izotz-hausleen erabilpenaren aurkako arrazoirik sendoena, haatik, askoz zekenagoa izan daiteke: prezioa eta komenentzia. Ez baita erraza merkataritza-ontziei bidea irekiz egin diezaieketen mesedea haien kostua eta bidaia-denboraren luzamendua justifikatzeko adinakoa izatea. Orain arteko trafikoak erakusten duen urtarokotasun zurrunak kontrakoa adierazten du: naturak izotza urtzen duenean etortzen dira merkataritza-ontziak.
Kontuan izan behar da, bestalde, espaziotik egindako behaketak, informazioa txukun eta garaiz helaraziz gero, erabateko zehaztasuna eskain dezakeela unean uneko izotz-egoeraz. Eta Artiko ekialdean iceberg handirik ez dagoela.
Garrantzitsua litzateke, edonola ere, itsasbide horretan dabiltzan itsasontziek nahitaez piztuta eraman behar izatea beren kokapena erakusten duen gailua, eta ez jardutea egungo sasi-klandestinitate horretan. Uneoro jakin dadin non dabiltzan eta zer joaira daramaten. Eta konklusioak atera ditzagun.
Hortik aurrera, Artikoaren geoekonomia eta geopolitika dei genitzakeenetan murgilduko ginateke. Artikoko izotz-geruza, hein handi batean, urtu eta desagertzea egitate saihetsezin samarra dirudi datu klimatikoek daramaten joerarekin. Eta lehen itauna izango litzateke desagerpen horren aurrean etsi egin behar ote den, ala hura ahalik gehien galgatzeko ahalegina ote den gizalegezkoagoa.
Erantzunak lorratz ekonomiko zuzena utziko du, itsas-garraioaren intentsitateak eta prezioak zuzeneko inpaktua duelako betidanik merkataritza-fluxuetan. Txina, lehendabizi, baina orain Hego Korea, eta ondoren batek daki zein, Artikora begira jarri izanak nahiko argi adierazten du Asiako ekonomia esportatzaileek ekin diotela aukera hori baliatzeari.
Kokapen geografikoaren abantaila dei genezakeena letorke ondoren. Argi dago, epe motzera bederen, Iparrekialdeko (Europako ikuspegitik) itsasbide baliagarri bakar horren jabe ez bada zirkulazio-agente bihurtzen duela Errusia bere kokapenak, gustuko ez duenari pasabidea ukatu ahal izateraino. Eta ikusmugan ditugun gatazka politiko, ekonomiko edota militarrengatik tenore horretan aurki daitezke Japonia eta Europako herrialde batzuk.
Artikoko itsasbideak, azkenik, badu bere zintzurra, biharko egunean zeresan handiak eman ditzakeena: Bering itsasartea. Munduan, gehiagotan izan direlako gatazka-leku, ospe handiagoa duten beste hainbatek baino zabalera handixeagoa du (80 kilometro inguru estuenean), eta trafikoak itota geratzeko arrisku gutxiago, alajaina. Ez zaio falta ezta lepoko luze-luzea ere: Aleutiarrak. Baina, ordainetan, egungo bi potentzia nuklear handienak aldebanatzen ditu bertatik bertara.
Ez da lasaigarria.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta