• EKONOMIA
  • ASETTek Arizmendiarrietaren heriotzaren 50. urteurrena baliatu du ekonomia sozialaz hausnartzeko

ASETTek Arizmendiarrietaren heriotzaren 50. urteurrena baliatu du ekonomia sozialaz hausnartzeko

Atzo Donostian egindako jardunaldian tokiko, estatuko eta nazioarteko ordezkariak bildu ziren, kooperazioak etxebizitzan, osasunean, inklusioan eta ekonomian izan dezakeen ekarpena aztertzeko

Atzo egin zen jardunaldia Donostiako Miramar Jauregian | Argazkia: ASETT
Atzo egin zen jardunaldia Donostiako Miramar Jauregian | Argazkia: ASETT
2026ko azaroaren 13a - 10:40
Eg. 2026ko azaroaren 13a - 10:41

Jose Maria Arizmendiarrieta hil zela 50 urte bete diren honetan, haren pentsamenduak gaur egungo erronka ekonomikoei eta sozialei aurre egiteko duen balioa aztertu zuten atzo Donostian. ASETTek Miramar Jauregian antolatutako 'Polarizazio garaian, kooperazioa. Erronketatik konponbideetara' jardunaldian, ekonomia sozialeko hainbat erakundetako ordezkariak eta adituak elkartu ziren.

 

Topaketaren lehen zatian, Arizmendiarrietaren ondareaz eta gizartea eraldatzeko lankidetzak duen garrantziaz aritu ziren, MONDRAGON Korporazioko eta Kooperatiben Kontseiluko ordezkarien artean. Horrez gain, 2040ra begirako azterlan bat aurkeztu zuen Ibon Zugastik, ASETTeko Prospektiba arloko
kideak. Lan horren bidez, datozen urteetan enpresa-erakundeek eta ekonomia sozialak izango duten bilakaera aurreikusi nahi izan dute.

Etxebizitza, osasuna, migrazioa eta gizarte-inklusioa izan ziren jardunaldiko beste gai nagusi batzuk. Arlo horietako hainbat erakundetako ordezkariek beren esperientziak partekatu zituzten, xede izanik ekonomia sozialak desberdintasunei aurre egiteko eta gizartearen ongizatea sustatzeko izan dezakeen zeregina aztertzea. Etxebizitzaren inguruko saioan, esaterako, kooperatibismoak etxebizitza eskuratzeko dauden zailtasunei erantzuteko eskaintzen dituen aukerak izan zituzten hizpide.

 

Nazioarteko ikuspegia ere landu zuten, ekonomia sozialak Europan eta mundu mailako lankidetzan izan dezakeen etorkizunari erreparatuta. Era berean, fiskalitatearen eta politika publikoen arteko harremana aztertu zuten. Jardunaldia Elena Perez Barredok itxi zuen, ASETTeko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak. 

Argazkia: ASETT
Argazkia: ASETT

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain