
Aspegi Gipuzkoako Emakume Enpresari eta Profesionalen Elkarteak ostegun arratsaldean (18:30ean) antolatu du Aspegi Elkarrizketen hamargarren edizioa, Donostiako Basque Culinary Centerren. Aurtengo jardunaldiaren helburua da emakumeek gastronomiaren sektorean egiten duten “lan bikaina” erakustea, ikuspegi integrala erabilita.
Horretarako, haien esperientzia propioa kontatuko duten zenbait gonbidatu izango dira: Hondarribiko Laia Erretegiko Arantxa Ayala Bengoetxea, Zarauzko Aiten Etxe Jatetxeko Rebeca Barainca Fernández, Donostiako Doña Chepina Takeriako Betsy Trejo Salinas eta Gozoa elkarteko lehendakari zein Chocolates Amariko enpresaburu Lorena Gómez Martín. Topaketa moderatzeaz arduratuko da Gabriela Uriarte Pérez-Villar nutrizionista.
Aspegik azaldu du “funtsezko gaiak” jorratuko direla elkarrizketetan zehar, besteak beste: emakumeek gastronomiaren munduan aurkitzen dituzten erronka espezifikoak, ezarri dituzten lidergo eta kudeaketa estrategiak, sektorearen eskaera aldakorretara egokitzeko moduak...
Banco Sabadell, Donostiako Udala, Emakunde eta Basque Culinary Center dira egitasmoaren babesleak, eta Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izango dira bertan. Ekitaldian lekua izateko beharrezkoa da aurrez izena ematea.