• EKONOMIA
  • Astean egun batez telelana egitea proposatuko du Bruselak

Astean egun batez telelana egitea proposatuko du Bruselak

Europako Batzordea neurri sorta bat prestatzen ari da energia krisiari eta inflazioari aurre egiteko

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea | Argazkia: Europa Press
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea | Argazkia: Europa Press
2026ko apirilaren 16a - 10:00
Eg. 2026ko apirilaren 16a - 13:00

Ormuzko itsasartea blokeatuta dagoenetik, prezioen igoera nabarmena izan da, eta inflazioak gora egin du azken asteetan. Hori dela eta, Europako Batzordea premiazko neurri sorta bat lantzen ari da. Besteak beste, astean egun bat telelana egiteko aukera mahaigaineratu du, eta aukera hori nahitaezkoa izatea nahiko luke. Horrez gain, garraio publikoa merkatzea eta hegazkinez egiten diren bidaiak murriztea proposatuko du EBko erakundeak.

 

Proposamen horiek apirilaren 23an eta 24an Zipren egitekoa den goi-bileran jakinaraziko ditu Europako Batzordeak. Izan ere, proposamena zirriborro fasean dago orain, eta EBko estatu kideek oraindik ez dute haren gainean erabakirik hartu.

Bruselak aitortu du egungo prezioen egoera “delikatua” dela, eta EBko herrialdeei gomendatu die gasaren biltegiratzea euren artean koordinatuta egitea, nahiz eta horniduran katean berehalako mehatxurik ikusten ez duen. Ursula von der Leyenek jakinarazi du, Irango gerra hasi zenetik, Europak 22.000 milioi euro gehiago ordaindu dituela energia erosteko.

 

Astean egun bateko telelanaz gain, EBk proposatu du eraikin publikoak ere ixtea, ahal den heinean, baita autobideetako abiadura murriztea eta etxeko elektrizitatearen kontsumoa txikitzea.