Asteari so: digitalizaziotik pobreziara

Nekazaritzari, bankuei, etxebizitzari eta eguraldiari begiratu diegu pobreziaren datuak ezagutu ditugun aste honetan. Bartzelonako Mobile World Congress bilkurak ere zeresana eman du

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Martxoko lehen Talaia dugu gaurkoa. Denborak azkar egiten du aurrera eta ohartu barik urtebete pasako da AEBetako banku sistema ezbaian jarri zuen Silicon Valley Banken hondamenditik. 2008az geroztik egondako banku porrotik handiena izan zen, eta zalantzaz josi zuen munduko lehen potentziaren finantza sistema. Porrotak albo kalte nabariak izan zituen tamaina ertaineko beste finantza erakunde batzuetan, eta laster Signature Bank ere erori zen. Hilabete gutxitara, maiatzaren 1ean, banku krisiak beste biktima bat hartu zuen: First Republic Bank. Urruntasunak ematen duen lasaitasunarekin jarraitu zuen hasiera batean Europak AEBko lurrikara finantzarioa, baina izuak laster egin zuen salto Europara. Suitzako banku historiko bat, Credit Suisse, izan zen tsunami itxura hartzen ari zen olatuaren Europako lehen biktima.

Luze eta zabal entzungo dugu hurrengo egunetan urteurren honen inguruan, baina, egiari zor, onartu behar da Europako Banku Sistemak sendo eta kaudimentsu eutsi ziola egoerari. 2008ko finantza krisiak gogor astindu zituen Europako hainbat banku eta Euskal Herriko kaleetako paisaia ikustea baino ez dago azken 16 urte hauetan zenbat bategite eta bankuen desagerpen egon diren ikusteko. Europak agintaritza zorrotza ezarri zien bankuei eta gaur egun kaudimen maila oso garrantzitsua dute.

Bankuen eta enpresen irabaziak gora

Aurreko urteko emaitzen berri emateko baliatzen dituzte bankuek urte berriaren lehen bi hilabeteak. Hego Euskal Herrian egoitza duten banku gehienek dagoeneko helarazi dituzte 2023ko irabaziak. Azkena Kutxabank izan da. Arava, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezki kutxen bankuaren administrazio kontseiluak atzo onartu zituen kontuak. 510,7 milioi euro irabazi zuen iaz erakundeak, % 54,5 gehiago. Datorren astean Nafarroako Rural Kutxaren txanda izango da, Foru Komunitateko bigarren erakunderik indartsuena. Finantza alorretik harago hainbat euskal enpresek ere aurreko urteko jardunaren berri eman dute. Datuak ikusita, ezin uka 2023 urte ona izan dela, oro har, euskal enpresentzat. Industriaren alorrean urte latzak pasa izan dituen Tubos Reunidosek 56,6 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino % 30,1 gehiago, Tubacexek urte oparoa izan zuen, etekin garbiak % 80 igota, Dominionen emaitza %43 handitu zenCAFek % 71 handitu zituen bere mozkin garbiak eta CIE Automativek 89 milioi euro irabazi ditu. Osasun alorrari dagokionez, Faes Farma enpresa bizkaitarrak 91,7 milioi euro irabazi zuen (% 2,5 gehiago).

Pobrezia ere gora

Enpresen emaitza onez gain, aste honetan euskal ekonomiaren B aldea ere ezagutu dugu. Espainiar estatuko INE estatistika institutuak Bizi Baldintzen Inkestaren 2023ko emaitzak aurkeztu ditu aste honetan. Pobrezia edo bazterketa arriskuan daude nafarren %17,2 eta EAEko biztanleen %15,5. Datuak, gainera, okerrera egin du azken lau urtetan, Nafarroan batez ere, ia bost puntu okertuz (%12,3koa izan zen 2020ean). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, azken urtean zertxobait hobetu bada ere ( %15,7koa izan zen 2022an), 2020aren alderatuta ia bi puntu egin du atzera.

Arope irizpidean oinarritu da estatistika institutua, pobrezia neurtzeko diru-sarrerez gain gabezia material larria eta enplegu maila baxua ere aintzat hartzen duena. Gabezia larria dutenen pertsonen portzentajeak ere gora egin du azken urteetan. Nafarroan % 5,9koa izan zen 2020an eta %6,2 2023an. EAEn igoera are nabariagoa izan da, 2020ko %3,3tik iazko % 5,6ra. INEren datuek, gainera, pobrezia larria batez ere gazteen artean zabaldu dela erakusten dute, bere gurasoek pairatutako erosahalmenaren galeragatik. Gazteen pobrezia tasaren hazkundea, aldiz, adinduena baino askoz handiagoa da. Pentsioak inflazioaren neurrian eguneratu izanak lagundu die pobrezia larrian ez erortzen. Foru Aldundiak ere aztertu du pobreziaren egoera Gipuzkoan, eta ondorioak antzekoak izan dira: gizarte arrakala handitu ez bada ere, muturreko pobreziak gora egin du. Hala, 42.200 gipuzkoar bizi dira pobrezia larriaren mailaren azpitik, populazioaren %5,9,  2018an baino ia 4.400 biztanle gehiago.

INEren datuek, gainera, pobrezia larria batez ere gazteen artean zabaldu dela erakusten dute, bere gurasoek pairatutako erosahalmenaren galeragatik

2020 geroztik handitu da pobrezia nagusiki. Pandemia eta horren ondoren etorritako krisiek herritar zaurgarrienak gogor astindu zituen, eta azken urteotako prezioen gorakadak nabarmen okertu zuen erosahalmena. Inflazioaren igoera malkartsuari aurre egiteko hainbat estatuk kontsumorako zergak lausotu zituzten. Espainiak, esaterako, elikagaien eta energiaren BEZa murriztu egin zuen. Behin behineko neurria izan zen, eta argi zegoen Europak defizita murrizteko gastu araua berriz ere indarrean jarri eta gero gobernuek salbuespen egoerarako onartutako neurriak indargabetuko zituztela. Atzo ezagutu genuen Espainiako estatuaren otsaileko inflazioaren datua, urtarrilarekin alderatuta sei hamarren behera egin eta % 2,8an kokatu dena.

Jaitsieraren arrazoi nagusia argindarraren merkatzea izan da. Horren adibide aste honetan bertan izan dugu, egunero izan delako argindarrak zero euroko prezioa izan duen tarteren bat. Duela hamarkada antzekorik gertatu ez dela, eta prezio historiko hauen gakoetako bat eguraldia izan da, ezbairik gabe. Udaberri tankera zuen negu honek bere benetako aurpegia erakutsi nahi izan digu, eta hotza, haizea, elurra eta euriak gogor astindu du gure geografia. Elurrak zuriz margoztu ditu Nafarroako ipar eskiko zirkuitoak eta Erronkarira jo dute berriz ere eskiatzaileek, bailararen ekonomiari bultzadatxoa emanez. Euri jasak eta haizeak batez ere energiaren prezioan izan dute isla.

Nekazariak Europako burokraziarekin borrokan

Nekazariei begira egon gara aste honetan ere gure Talaiatik. Hirugarren astea dute Europa osoa astindu duen nekazarien mobilizazioek, eta aldarria gobernu eta erakundeetara helaraztea lortu dute manifestariek. Frantziako presidentearekin biltzea lortu zuten asteburuan Parisen, nekazal alorreko azoka baten inaugurazioan. Macronek aurki indarrean jarriko dituzten neurrien berri eman zien, batez ere elikadura burujabetza, lurzoruak eta langileekin lotutakoak. Espainiar estatuan Planas ministroarekin bildu dira asteazken honetan nekazariak, hirugarren aldiz. Neurri zehatzik adostu ez badute ere, aurrerapenak egon direla onartu dute bi aldeek.

Hirugarren astea dute Europa osoa astindu duen nekazarien mobilizazioek, eta aldarria gobernu eta erakundeetara helaraztea lortu dute manifestariek

Europako Batzordera ere heldu da nekazarien protesta. Astelehenean egin zuten Europako Batasuneko 27 ministroek bilera, Brusela blokeatu zuen nekazarien protesten artean. Ministroek Europako Batzordeari burokrazia arintzeko neurriak eskatu zizkioten, batez ere, Europako Batzordeari. Europako hauteskundeak maiatzean izango dira eta alderdiak nekazaritzaren aferak hauteskundeak baldintzatuko dituen beldur dira. Nekazarien aldarrikapenetako bat elikadura katearen zaintzarena da. Galeretan saltzea debekatzea eskatzen du sektoreak. Espainiako gobernuak Elikadura Katearen Behatokia sortu zuen 2013an. Legea moldatu zuen 2021ean Behatokia indartzeko asmoz. Nekazaritza kostuak aztertzea du helburu Behatokiak, nekazariek dirurik galdu ez dezaten. Sektorea, baina, funtzionamenduaz kexu da, eta gonbernuari eraginkorra izateko neurriak eskatzen dizkio. Autonomia erkidegoek badute estatu mailako legea egokitzeko eskumena. Aste honetan Vocento taldeko egunkari batek zabaldu du Eusko Jaurlaritzak elikaduraren katea betetzen ez dutenak zigortzeko dekretua onartuko duela. Horrela, milioi bat bitarteko isunak ezarri ahal izango dizkie Jaurlaritzak galerak eragiten dituen salmentak burutzen dutenei.

Telekomunikazio sektorea etengabeko eraldaketan

Euskal Herritik Bartzelonara salto eginez bukatuko dugu aste honetako Talaia, bertan burutuko dutelako Mobile World Congress, egungo telekomunikazioen alorreko azokarik nagusienetakoa. Mobile izena badu ere, geroz eta garrantzia gehiago dute bestelako gailu teknologikoek. Sakelekoak erakutsitako gailuen %45 baino ez dira, eta gero eta gailu gehiago aurkezten dituzte telekomunikazio etxe handiek. Adimen artifizialak zipriztindutako edizio honetan Samsungek Galaxy Ring eraztun adimenduna aurkeztu du, osasun datuak biltzeko diseinatutako gailua. Osasunarekin lotutako negozio ildoetan sakondu nahi du Hego Koreako konpainiak, eta eraztun berria horren adibide da.

Xiaomi etxea izan da azokaren beste protagonistetako bat, bertan SU7 bere ibilgailu elektrikoa aurkeztu duelarik. Argi dago ibilgailu elektrikoa autogintzaren alorraren erronka nagusiena dela. Txinako enpresa askok Europa begiz jo dute euren hedapenerako, eta litekeena da hurrengo hilabeteotan ibilgailuen marka berriak entzuten hastea. Lehia horretatik kanpo Apple erraldoi teknologikoa gelditu da. Aste honetan jakin dugu sagarraren etxeak bere ibilgailu elektrikoaren proiektua bertan behera uztea erabaki duela. Urte luze eman du Cupertinoko konpainiak Project Titan bezala ezagutzen zen proiektua garatzen, baina Bloomberg etxeak zabaldu duen bezala amore ematea erabaki du.

Argi dago ibilgailu elektrikoa autogintzaren alorraren erronka nagusiena dela. Txinako enpresa askok Europa begiz jo dute euren hedapenerako, eta litekeena da hurrengo hilabeteotan ibilgailuen marka berriak entzuten hastea

Mobile World Congressen Euskal Herriko enpresen ordezkaritza ere egon da. Hitzordu oso garrantzitsua da Bartzelonako bilera, eta albiste iturri ere bada. Aste honetan Jose Luis Escriva Espainiako eraldaketa digitalerako ministroak iragarri du gobernuak enpresa teknologikoetan inbertitzeko sozietate publiko berria sortuko duela. Telefonica enpresaren %10 eskuratzea izango luke helburu sozietate berriak, eta baita start-up teknologikoetan inbertitzea ere. Burujabetza estrategikoa aipatu zuen Escrivak erabakiaren berri emateko. Frantzia, Alemania edo Italia bestelako estatuek ere badituzte bertako telekomunikazio enpresa nagusietan %10 eta %15 bitarteko partaidetzak. Saudi Arabiak Telefonicaren akzioen %10 erostearen ondorioz etorri da Pedro Sanchezen gobernuaren erabakia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK