Atzeraldiaren fabula

Atzeraldia hainbat faktorek sortu dezakete, baina oinarrian ziurgabetasuna sortzen du, eta horrekin hondamendiaren kate-erreakzioa sortzen duen fenomeno gisa defini dezakegu

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Bazen behin Ekonomia izena zuen herri bat. Era oparoan bizi zen, hazkundearen argiek distira handia baitzuten, eta oparotasunak betetzen baitzituen biztanleen bihotzak. Ekonomia loratzen ari zen, merkatariek beren produktuak gogo biziz saltzen zituzten eta fabrikek gaitasun osoz lan egiten zuten. Poz eta itxaropen handiko unea zen Ekonomian.

Hala ere, istorio guztietan bezala, erreinu oparoenek ere ustekabeko erronkei egin behar diete aurre. Egun batean biztanleek beren herriarekiko zuten irudia aldatu zen, eta ziurgabetasunaren itzalak Ekonomiara zabaldu ziren. Herrian eskaria gutxitzen hasi zen ziurgabetasun hori dela eta, eta merkatariek ikusi zuten beraien salmentak jaisten hasi zirela ziurgabetasuna beraiei kutsatuz. Horrela, azkenik, fabrikek beraien produkzioa murriztu behar izan zuten. Hain zen kutsakorra, ezen pertsonak beren lana galtzen hasi baitziren, eta diru-sarrera ezak familien ongizateari eragin zien. Tristura eta kezka Ekonomiaz jabetu ziren; Atzeraldia iritsi zen herrira.

Atzeraldia herrira ailegatzea faktore-konbinazio batek eragin zuen. Lehenengo arrazoia eskaria gutxitzea izan zen. Herritarrak etorkizun ekonomikoaz arduratuta, gastuak murrizten hasi ziren. Horren ondorioz, enpresen salmentak jaitsi egin ziren, eta enpresen produkzioa murriztu eta langileak kaleratu ziren, herriko langabezia handituz.

Burbuilaren eztanda

Atzeraldia apaldu beharrean, krisi finantzario batek gogor jo zuen Ekonomia herria. Higiezinen sektorean burbuila espekulatibo bat sortu zen, eta horrek kreditua gehiegi hedatzea ekarri zuen. Bankuek eta bestelako finantza-erakundeek ordaindu ezin izan ziren mailegu arriskutsuak eman zituzten. Burbuila lehertu zenean, bankuek eta mailegu-emaileek finantza-arazoak izan zituzten, krediturako sarbidea murriztuz. Horrek eragin negatiboa izan zuen herriko biztanleen inbertsioan eta kontsumoan, atzeraldian sakonduz.

Burbuila lehertu zenean, bankuek eta mailegu-emaileek finantza-arazoak izan zituzten, krediturako sarbidea murriztuz. Horrek eragin negatiboa izan zuen herriko biztanleen inbertsioan eta kontsumoan, atzeraldian sakonduz

Ekonomiako biztanleek nahikoa izan zutela uste zutenean gauzak okertzeko, inork aurreikusi ez zezakeen pandemia etorri zen. Horrek kanpo merkataritzan oinarri ziren produktuen salmentan eragin ikaragarria eduki zuen, eta Ekonomia herriko biztanleen diru-sarrera garrantzitsuenetako bat ondoratu zuen. Bestela esanda, herriko esportazioak lurperatu egin zituen,  barne oreka ekonomikoa hautsiz. Herritarrek ez zekiten zer egin, ezta nola jokatu ere, eta ziurgabetasuna jabetu zen herriaz, inbertsioa eta kontsumoa erabat murriztuz.

Suspertze-politikak

Atzeraldia finkatu ahala, langabezia handitu eta produkzioa erori egin zen. Aitzitik, zoritxarraren erdian, Ekonomiako biztanleek beraien duintasunari indarra emanaz bat egin zuten erronkei aurre egiteko. Ekonomiako liderrek, biztanleen batasun hori ikusita, politika batzuk ezarri zituzten Ekonomia suspertzeko eta Atzeralditik ateratzeko.

Lehenik eta behin, diru-politika hedakorrak ezarri ziren. Ekonomiako Banku Zentralak interes-tasak murriztu zituen herriko biztanleek kreditua errazago eskuratzeko. Hala, erreztasaunak jarri zituem pertsonek inbertitu edo kontsumitu ahal izateko.

Atzeraldia finkatu ahala, langabezia handitu eta produkzioa erori egin zen. Aitzitik, zoritxarraren erdian, Ekonomiako biztanleek beraien duintasunari indarra emanaz bat egin zuten erronkei aurre egiteko

Adituek pentsatu zuten diru-politikak ez zirela nahikoa izango Atzeraldiari buelta emateko; hori dela eta politika fiskal hedakorrak ere aplikatu ziren. Ekonomiako gobernuak gastu publikoa handitu zuen azpiegitura proiektuetan eta enplegu programetan. Inbertsio horien helburua zen eskaria bultzatzea eta lanpostu berriak sortzea. Errepideak eraiki ziren, garraio sareak hobetu ziren eta etxebizitza eskuragarriak eraikitzea sustatu zen. Neurri horiek bultzada eman zioten herriari, gobernuaren gastuak kontsumoa eta inbertsio pribatua sustatu baitzituen. Nolabait ziurgabetasun klima hori atzean uzten hasi ziren.

Hezkuntza eta berrikuntza

Ekonomia herriko lider eta adituek serio hartu zuten beren lana, eta aurreko neurriez gain, langabeentzako entrenamendu eta hezkuntza programak ezarri ziren. Hezkuntza programen gakoa izan zen hazten ari ziren sektoreentzat garrantzitsuak ziren gaitasunei buruzko ikastaroak eta trebakuntzak eskaintzea. Langile langabeek gaitasun berriak ikas zitzaketen eta ziurtagiriak lor zitzaketen hazten ari ziren sektoreetako enpleguetarako. Horrek lagundu egin zuen langabeziaren eragina arintzen eta eremu ekonomiko berrietarako trantsizioa errazten.

Ekintzaileei eta enpresa txikiei laguntzeko programak ezarri ziren, eta enpresa-aholkularitza, lehentasunezko finantzaketarako sarbidea eta izapide administratiboen murrizketa eskaini ziren

Ekonomiako líder eta adituek laguntza eskatu zieten biztanleei, enpresariei eta herria osatzen zuten denei. Denen artean erabaki zuten berrikuntza eta ekimena sustatzea erabat beharrezkoa izango zela ekonomia suspertzeko. Ekintzaileei eta enpresa txikiei laguntzeko programak ezarri ziren, eta enpresa-aholkularitza, lehentasunezko finantzaketarako sarbidea eta izapide administratiboen murrizketa eskaini ziren. Unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetza sustatu zen, ikerketa eta teknologia berrien garapena sustatzen zuten berrikuntza-ekosistemak sortuz. Horrek bultzada eman zion negozio berriak sortzeari eta enplegua sortzeari.

Atzeraldia errepikatu?

Atzeralditik ateratzea lortu zuten azkenik, eta herri guztia berriz zegoen ongizatean pentsatzen. Dena zen oparoa Ekonomia herrian. Hala ere, bazegoen biztanle oso-oso azkarra. Beste herritarrek esaten zioten askotan gehiegi ere pentsatzen zuela. Oraingoan, ordea, ideia bikaina eduki zuen. Zera galdetu zion bere buruari: Atzeraldia behin bisitan etorri bada, zergatik ez da berriz etorriko? Hala, herriko líder eta adituekin hitzegitera joan zen, eta Atzeraldia etorkizunean errepikatuko ez zela ziurtatzeko, arau-aldaketak egin ziren. Finantza arloko gainbegiratze eta erregulazio sistemak indartu ziren, etorkizunean burbuila espekulatiboak saihesteko eta finantza sistemaren egonkortasuna ziurtatzeko. Kontrol mekanismo zorrotzagoak ezarri ziren bankuen eta finantza erakundeen sendotasuna bermatzeko, eta finantza transakzioen gardentasuna sustatu zen.

Finantza arloko gainbegiratze eta erregulazio sistemak indartu ziren, etorkizunean burbuila espekulatiboak saihesteko eta finantza sistemaren egonkortasuna ziurtatzeko. Kontrol mekanismo zorrotzagoak ezarri ziren

Herriko biztanle azkarrak emandako ideia oinarri hartuta hainbat esfortzu gehiago egin ziren Atzeraldiaren bisita berriz ez jasotzeko. Dibertsifikazio ekonomiko handiagoa sustatu zen, sektore edo industria bakar batekiko mendekotasuna murriztuz. Teknologia, energia berriztagarriak, ikerketa eta garapena, eta hezkuntza bezalako sektoreetan inbertsioak sustatu ziren.

Gainera, gizarte-babeseko politikak ezarri ziren, ahulenak krisi ekonomikoetan neurrigabe ukituko ez zirela bermatzeko. Sekulako ikasketa eraman zuten Ekonomia herriko biztanleek, eta etorkizunean ziur prest egongo direla edozertarako. Izan ere, gure Ekonomia herriko biztanleek erakutsi bezala, hainbat lanketa egin daitezke Atzeraldia uxatzeko, baina zeharo garrantzitsua da denak batera arraun egitea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK