• EKONOMIA
  • Atzerritarren lan baimenak Jaurlaritzaren esku daude gaurtik aurrera

Atzerritarren lan baimenak Jaurlaritzaren esku daude gaurtik aurrera

Eskumen aldaketaren helburua da atzerritarren gizarteratzea erraztea

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko uztailaren 1a - 12:42

Gaurtik aurrera, atzerritarrentzako lan baimenen kudeaketa bere gain hartuko du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak. Martxoan egin zuen akordioa Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin izan zuen batzorde mistoaren bileran, zeinaren arabera hiru lurralde historikoen esku geratuko den kudeaketa hemendik aurrera. Aldi berean, atzerritarrei buruzko araudi berria indarrean sartu da, helburu izanik mota horretako prozedurak “arintzea” eta “erraztea”.

 

Hala, transferitutako eskumenak honako hauek barne hartzen ditu: EAEn denbora jakin batean lan egitea uzten duten hasierako baimenak, jatorrizko baimen kolektiboak (tradizionalki nekazaritza sektoreari eta kanpaina oso zehatzei lotuak), sasoiko lanetarako baimenak, baita gizarte eta prestakuntza zein lan errotzeari buruzko txostenak ere.

Hala ere, Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrak eskumena izaten jarraituko du Estatu osoan lan egitea ahalbidetzen duten baimenen eta bizileku-baimenen izapidetzean, azken horiek lan-baimenei lotuta baitaude.

 

Hori guztia kudeatzeko taldeak sortu dira Espainiako Estatuko administrazioaren eta EAEkoaren artean, beharrezko lankidetza eta protokoloak ezar daitezen. Elena Pérez Barredo laneko sailburuordeak esan du garrantzitsua dela bi administrazioen arteko koordinazio mekanismoak ezartzea, eta gaineratu du transferentziaren helburua etorkinen inklusioa erraztea dela, “gizarteratzea lortzeko modurik onena laneratzea delako”.

Barredok gogorarazi du enpresek eta herritarrek orain arte bezala aurkeztu behar dituztela eskaerak, alegia, Merkurio aplikazioa erabilita eta tasak orain arte bezala ordainduta.