Araba eta Gipuzkoaren atzetik, iritsi da akordioa Bizkaian ere. Bizkaiko Batzar Nagusiek astelehen honetan onartu dituzte 2026rako foru aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren botoei esker, EH Bildu eta PPren ezezkoa jaso baitute aurrekontuek; Elkarrekin Podemos alderdiak, berriz, kontrako botoa eman du sail gehienetan, baina abstenitu egin da zuzenketa partzialak hitzartu dituen bi sailetan.
Hala, aurrekontua 1.716,2 milioi euroko izango dira, aurreko ekitaldian baino %3,9 gehiago. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia buru duen Jaurlaritzaren hirugarren aurrekontuak dira.
Gizarte Ekintza sailak du diru-kopururik handiena (767,2 milioi euro), eta atzetik ditu Azpiegiturak eta Lurralde Garapena (250,7 milioi) eta Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustapena (221,3 milioi). Gainerako sailen aurrekontua honakoa izango da: 89,5 milioi euro Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak sailak; 87,6 milioi euro Enplegu, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sailak; 81,4 milioi Ekonomia Sustapena sailak; 79 milioi euro Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustapena sailak; 70,4 milioi Euskara, Kultura eta Kirola sailak; eta 69,2 milioi Ogasuna eta Finantzak sailak.
Aurrekontuen tramitazioan, proiektuak oposizioaren osoko zuzenketak gainditu zituen, eta Elkarrekin Podemos taldearekin adostutako bi zuzenketa baino ez zituen jaso, Bizkaibusen hobariei eustean eta gizarteratze programak eta indarkeria matxistaren biktimei laguntzekoak indartzean oinarritutakoak. Oposizioko gainerako proposamenak atzera bota zituzten, bai batzordean, bai osoko bilkuran.
Azken eztabaidan, oposizioko taldeak bat etorri dira eta akordiorik eza kritikatu dute, eta kontuak "kontinuistatzat" eta "lurraldearen errealitate sozialetik aldendutzat" jo dituzte. Foru Gobernutik, EAJk eta PSE-EEk defendatu dute aurrekontuak programa bateratuari eta Ganberaren gehiengoaren babesari erantzuten diotela, gehiengo parlamentarioa borondate demokratikoaren adierazpen legitimoa dela azpimarratuta, eta gaineratu dute ez daudela behartuta beren lurralde ereduaren aurka doazen proposamenak onartzera.