• EKONOMIA
  • Aurrezkia eta inbertsioa: finantza pertsonalak eta eguneroko erabakiak antolatzeko gida praktikoa

Aurrezkia eta inbertsioa: finantza pertsonalak eta eguneroko erabakiak antolatzeko gida praktikoa

Aurrezkia gure egunerokoan aurrera egiteko arnasa da, eta inbertsioa etorkizuna eraikitzeko tresna

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
arkaitz urdapilleta irazu
Emaus Gizarte fundazioako controller finantzarioa eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko ekonomialaria
2025eko abenduaren 11a - 05:30

Finantza pertsonalen arloan, aurrezkia eta inbertsioa dira gure etxeko egonkortasunaren, lasaitasunaren eta etorkizuneko proiektuen oinarri sendoenak. Bi tresna horiek askotan kontzeptu abstraktu gisa ulertzen dira, baina eguneroko bizitzan duten eragina zuzena eta ukigarria da. Nola bizi garen, zer erabaki hartzen ditugun eta zein helburu lor ditzakegun zehazten dute. Artikulu honetan finantza kontzeptu horiek abstraktutasunetik gure bizitzara ekarriko ditugu eta modu praktiko batean azaldu, teorian ez ezik, bizitza errealean nola aplikatu daitezkeen erakutsiz.   

 

Aurrezkia: segurtasuna, egonkortasuna eta lasaitasuna

Aurrezkia ez da soilik dirua pilatzea, gure eguneroko segurtasuna eta askatasuna bermatzen dituen mekanismoa da. Etengabeko ustekabeko gastuen garaian, adibidez, autoaren matxura bat, osasun azterketa bat edo sukaldeko etxetresna baten konponketak ezustean harrapatzen gaituenean, aurrezkia bihurtzen da gure arnasa. Aurrezkiaren benetako balioa ez da kopuruan neurtzen, eguneroko egonkortasuna ematen duen gaitasunean baizik.

Gure bizitzako fase guztietan beharrezkoa da aurreztea. Ez da zertan utopia bat izan behar. Hilero gordetzen den 30 edo 50 euroren ohitura hutsa izan daiteke aldaketa handien eragilea. Norberak bere bizi estiloa, sarrerak eta helburuak kontuan hartuta, aurreztea bihurtzen da ikuspegi proaktibo baten adierazpena, hau da,  gaurko segurtasuna eta biharko aukera ekonomikoak bermatzeko bidea.

 

Sukaldeko etxetresna baten konponketak ezustean harrapatzen gaituenean, aurrezkia bihurtzen da gure arnasa

Aurrezteko tresna erabilgarriak sinpleak dira, kontu arruntak eta aurrezki-kontuak egokiak dira likidezia handia behar bada. Bestalde, epe luzerako gordailuak ditugu likidezia hain garrantzitsua ez denean, honela, interes zertxobait handiagoa lortzeko aukera ematen digute. Bateragarriak al dira bi produktu horiek? Askotan, egiturarik egokiena dirua bi mailatan banatzea da, batetik, premiazko funtsa (likidezia handia behar denerako) eta, bestetik, aurrezki egituratua (likideziaren beharra oso handia ez denean), epe ertain eta luzeko helburuetara begira.

Inbertsioa: etorkizunerako bidea eraikitzen

Inbertitzeak gure dirua lanean jartzea dakar, etorkizunean aukera ekonomiko gehiago sortzeko. Ez da apustua, ez da ausarkeria, ez eta jolasa, baizik eta proiektu pertsonalak eta profesionalak gauzatu ahal izateko bidea. Inbertitzeak arriskua du, baina arriskua kudea daiteke, kontrola daiteke eta, batez ere, uler daiteke.

Inbertsio tresna ugari daude, eta bakoitzak bere hizkuntza eta logika du. Errenta finkoa, adibidez, egokia da segurtasun handiagoa nahi dutenentzat. Errenta aldakorra arriskutsuagoa da, baina potentzial handia dauka epe luzera. Inbertsio-funtsak aukera erosoak dira, profesional batek kudeatutako zorro dibertsifikatu baten bidez. Beste aukera batzuk ere badira, hala nola, pentsio planak edo higiezinak.

Funtsezkoa ez da produktu zehatza aukeratzea, baizik eta norberaren egoera eta beharrak ulertzea. Zein da nire helburua? Zenbat denbora eman diezaioket inbertsio honi? Zein galera potentzial onartzeko prest nago? Galdera horiek erantzuteak definitzen du gure arrisku-profila, eta hortik abiatuta eraikitzen da gure estrategia egokia. Profil kontserbadorea duen pertsonak, esaterako, egonkortasuna lehenesten du, eta ohikoa da bere diru-zorroaren pisu handiena errenta finkoan jartzea. Horregatik, egokia izan daiteke bere zorroaren inguruan %60 zor publikoko eta errenta finkoko tresnetan kokatzea (adibidez, urteko %2 inguruko interes finkoa duten produktuetan), beste %25 epe finkoko gordailuetan mantentzea eta azken %15 funts misto kontserbadoreetan kokatzea, non errenta aldakorraren presentzia oso eskasa den. Horrela, kapitalaren balioa mantso hazten da, ia gorabehera handirik gabe, eta aurreikuspen maila oso altuarekin.

Inbertitzea ez da apustua, ez da ausarkeria, ez eta jolasa, baizik eta proiektu pertsonalak eta profesionalak gauzatu ahal izateko bidea

Profil moderatu batean egoera desberdina da. Kasu honetan, pertsonak ulertzen du balioak gora eta behera egin dezakeela, baldin eta hori hazkunde ertain eta iraunkorraren truke bada. Horrelako kasuetan, aukera errealista izan daiteke diru-zorroaren %40 inguru funts misto moderatuetan kokatzea (non errenta finko eta aldakorraren arteko nahasketa orekatua dagoen), beste %35 errenta finko seguruan edukitzea eta %15 errenta aldakorreko funts indexatuetara bideratzea, mundu mailako dibertsifikazioa lortuta. Askok, gainera, %10 inguru epe luzerako pentsio-planei eskaintzen diete, non ekarpen txiki eta jarraituak eginda, denboraren poderioz pilaketa handiak sortzen diren.

Hazkunde dinamikoa bilatzen dutenentzat, ordea, ikuspegia bestelakoa da. Profil horretan, diru-zorroaren erdia, %50a errenta aldakorreko funts indexatuetan edo akzioetan kokatzen da, batez ere mundu mailako indize zabaletan (MSCI World edo S&P500 bezalakoetan). Horri gehitzen zaio %25 funts mistoetan edukitzea, %15 epe luzerako pentsio-planei edo aurrezki sistemei eskaintzea, eta azken %10 gorabehera handiak dituzten produktuetan ezartzea. Hori izan daiteke higiezinen errentamenduan hasiera xume bat, energia berdea bezalako sektore tematikoetan parte hartzea edo ekintzailetza proiektu puntualetan inbertitzea. Horrek gorabehera handiagoak ekartzen ditu epe laburrean, baina epe luzean potentzial handiena eskaintzen du.

Finantzak ez dira zenbakien kontua bakarrik, emozioen eta ohituren kontua ere badira

Psikologia finantzarioa oso aldagai garrantzitsua da, argi ikusten baita gure emozioek erabakitzen dutela askotan, pentsatzen dugunari kasu askorik egin gabe. Finantzak ez dira zenbakien kontua bakarrik, emozioen eta ohituren kontua ere badira. Jende askok ez du inbertitzen galera beldurra duelako. Beste askok ez du aurrezten, ez duelako irudikatzen amaieran ezer sobera gera daitekeenik. Baina psikologia ekonomikoak argi erakusten du funtsezkoa dela pertzepzioa aldatzea, ez egoera bera.

Ohitura txiki batzuk lagungarriak dira emozioak kudeatzeko, adibidez, helburu txiki eta errealistak ezartzea, galera txikiak normalizatzea eta prozesua automatizatzea. Automatizazioa, bereziki, oso eraginkorra da emozioek leku gutxiago izateko, honela, hilero zenbateko zehatz bat gordetzen bada automatikoki, erabakia modu kontzientean hartzeko beharrik gabe, arrakasta probabilitatea nabarmen handitzen da.

Eguneroko ohiturak: finantza osasuntsuen egiturarik fidagarriena

Ez da behar finantza edo ekonomia aditua izatea finantza osasuntsu bat edukitzeko. Gehienetan, finantzen kudeaketaren arrakasta bizitzako beste atal batzuetan bezala, eguneroko errutina txikietan oinarritzen da, ohitura horiek automatizatu eta jarraipena egitean dago gakoa.

Etxe askotan, hilean behin “egoera ekonomikoaren berrikuspena” egiteak estresa eta ziurgabetasuna asko murrizten ditu. Ordubete nahikoa da gastuak berrikusteko, hilabeteko fakturak aurreikusteko eta gastuen joera orokorra ulertzeko. Halaber, oso lagungarria da aurrezkia hiru gutunetan antolatzea: premiazko gastuetarako funtsa, epe ertainerako helburuak eta epe luzerako proiektuak. Sistema horrek finantza ikuspegia gardenagoa eta errazagoa egiten du.

Ekarpen txiki eta jarraituak egiteak ere eragin handia du. Hilero 50 edo 100 euro inbertitzea, denboran zehar, guk jarritako dirua eraginkorragoa bihur dezake. Lehen aipatu bezala, diziplina, konstantzia eta pazientzia dira garrantzitsuenak.

Teknologiak finantzen kudeaketa demokratizatu du. Orain ez zara aditu izan behar banku mugimenduak kontrolatzeko

Tresna digitalak gure aliatu isilak dira. Teknologiak finantzen kudeaketa demokratizatu du. Orain ez zara aditu izan behar banku mugimenduak kontrolatzeko, aurrekontu bat egiteko edo inbertsioak jarraitzeko.

Bankuen aplikazioak mugimenduak automatikoki sailkatzen dituzte. Excel edo Google Sheetsen taula sinple batek gastuak argitzen ditu eta erabakiak errazten. Inbertsio aplikazioek, berriz, aukera ematen dute ekarpen txikiak modu erosoan egiteko. Garrantzitsua ez da tresnak ikustea “lan” gisa, baizik eta prozesua errazteko lagun moduan.

Adibide praktikoa: familia baten plana

Hona hemen benetan gertatzen den egoera erreal batean oinarrituriko adibidea, praktika onak erakusten dituena finantza osasuntsu baterako bidean. Familia batek hilean 2.500 euro jasotzen ditu. Lehenik, beren egoera aztertu ondoren, premiazko funtsa sortzen du, erabateko likidezia duena, eta 4.000 euro gordetzen dituzte kontu likido batean. Ondoren, hilero 200 euro gordetzen dituzte epe ertaineko helburuetarako, hala nola, oporrak edo etxeko konponketak. Beste 150 euro inbertsioetara bideratzen dituzte, funts misto baten eta errenta aldakorreko zati txiki baten konbinazioarekin. Hilean behin, ordu erdi eskaini eta finantza egoera berrikusten dute. Nahiz eta idealizatutako eredua dirudien, familia askok horrela antolatzen dute beren egunerokoa.

Enpresa txikien ikuspegia: egonkortasuna eta ikuspegia

ETE edo autonomo baten errealitatea desberdina da, baina printzipio finantzarioak berdinak dira, hau da, egonkortasuna, testuingurua eta jarraipena. Enpresa txiki batek bere likidezia zaindu behar du, kobrantzak kontrolatu, gastuak antolatu eta marjinak babestea erabat beharrezkoa da beraien iraunkortasuna bermatzeko. Inbertsioek errentagarritasuna ekarri behar dute eta ez gehiegizko arriskua.

Hilean behin egindako balantze txiki batek (sarrerak, gastuak eta soberakina) aukera ematen du norabidea zuzentzeko eta arazoak garaiz antzemateko. Inbertsio erabakiak beti lotu behar dira hobekuntza operatiboetara, hala nola, digitalizaziora, ekipamendu berrira edo langileak prestatzera.

Aurrezkia oinarrizko babesa da eta inbertsioa, berriz, etorkizuna eraikitzeko tresna

Azken batean, aurrezkia eta inbertsioa ez dira teknizismo ekonomikoak soilik, bizimodu ekonomiko osasuntsu eta arduratsua izateko mekanismoak baizik. Aurrezkia oinarrizko babesa da eta inbertsioa, berriz, etorkizuna eraikitzeko tresna. Biak modu koherentean eta egituratuan uztartzen direnean, familia batek eta enpresa txiki batek egonkortasuna eta askatasuna eskuratzen dituzte.

Egonkortasun finantzarioa ez datza produktuak ezagutzean bakarrik, eguneroko ohiturak ulertzean eta lantzean oinarritzen da. Askotan errepikatu dugu, baina sekretua ohitura txikiak eraikitzea da, horiek jarraitutasunez eginik, biderik fidagarriena izango baita egonkortasun finantzarioa lortzeko.