
Enpresa ideia bat aurrera atera nahi duen arabarrek aukera berria aprobetxa dezakete: Arabako Foru Aldundiak ekintzailetza programa bat jarriko du martxan urrian. Helburua zera da, negozio ideia bat duten edota enpresa bat berraktibatu nahi duten arabarrak laguntzea, autoenplegua sustatze aldera. Hala iragarri dute gaur prentsaurrekoan Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo saileko foru diputatuak eta Elena Magaz Santa María la Real Fundazioko Enplegu eta Gizarteratze Arloko lurralde koordinatzaileak.
Ekintzailetza gaitasunei buruzko programa urrian eta azaroan zehar garatuko da, %100 online, eta doakoa izango da. Negozio ideiak garatzeko erabilgarriak diren tresnak aztertuko dira, Adimen Artifiziala kasu, eta banakako zein taldeko mentoretzak ere egingo dituzte. “Metodologia arinak” erabiliko dira programan, hala nola, “Design Thinking, Lean Start-up, komunikazio eraginkorra edo ezagutza finantzarioak”. Azken egunean, profesionalen aurrean aurkeztuko du parte hartzaile bakoitzak bere proiektua, eta negozio proposamenaren bideragarritasuna ebaluatuko da.
Urriaren 15era bitartean eman dezake izena interesa duen orok, honako esteka honetan.