
Jaurlaritzak autonomoentzako BGAEak martxan jarri dituela iragarri du gaur Noel d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak. Aurrerantzean langile autonomoek euren aurrezkiak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetan sartu ahal izango dituzte, PFEZaren aitorpenean kenkaria dutelarik.
Mauricio Arregui Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidentea, Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea eta Olaia Arrieta Arabako Ganberako idazkari nagusia izan dira gaur D’Anjourekin batera BGAE berri horien aurkezpenean. Izan ere, iazko abenduan lankidetza hitzarmena sinatu zuen Jaurlaritzak hiru ganberekin.
160.000 langile autonomo daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Jaurlaritzak azaldu duenez, pertsona horiek Gizarte Segurantzarako egindako kotizazioak, batez beste, txikiak izan dira, eta, ondorioz, jasotzen dituzten pentsioak (1.150,94 euro batez beste) besteren konturako langileek jasotzen dituzten prestazioak (2.003,77 euro baino nabarmen txikiagoak dira.
Hiru lurraldeetako ganberak arduratu dira aurreikuspen plan horiek kudeatuko dituzten bankuak hautatzeaz. Honako hauek dira: Bankoa Abanca, VidaCaixa, Euskadiko Kutxa, Kutxabank, Mapfre eta BBVA.
“Azken helburua da autonomoentzako gizarte-aurreikuspen osagarri eraginkorra ziurtatzea, kudeaketa-gastuetan egokia, langileak goiz sartzea ahalbidetuko duena, ekarpen erregularrak eta behar bestekoak izango dituena, eta pizgarri fiskalak izango dituena, baldin eta prestazioak Gizarte Segurantzaren pentsioaren osagarri gisa kobratzen badira”, adierazi du d’Anjouk.