• EKONOMIA
  • Auzitegi Gorenak dio ezin dela administrazio publikoan plaza finkoa izan oposiziorik gainditu ezean

Auzitegi Gorenak dio ezin dela administrazio publikoan plaza finkoa izan oposiziorik gainditu ezean

Epaileen ustetan behin-behineko kontratuak pilatu izana ez da nahikoa arrazoi plaza finkoa eskuratzeko

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko maiatzaren 12a - 16:05

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du administrazio publikoan plaza finkoa izateko ezinbestekoa dela langileak dagokion oposizioa gainditzea. Hau da, administrazio publikoan behin-behineko kontratuak pilatu eta lan esperientzia luzea izan duten langileak ezin dute plaza finkoa exijitu, ez baitute horretarako beharrezko azterketa gainditu.

 

Auzitegiak iritzi du prozedura hori egitea beharrezkoa dela, hori egin ezean Espainiako Konstituzioaren eta Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren aurka egiten delako; aldi berean, epaiak dio beste herritarrei enplegu publikoa eskuratzea eragotziko litzaiekeela.

Hala ere, Gorenak ondorioztatu du oposiziorik egin ez duten baina urte luzez administrazio publikoan behin-behineko kontratuak pilatu dituzten enplegatuek kalte-ordainak jaso behar dituztela, eta argitu du gaur egun Espainian halako kasuetan ordaintzen den kalte-ordaina ez dela nahikoa. Are gehiago, ebatzi du Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako irizpideak erabili behar direla enplegatu horien kalte-ordainak kalkulatzeko, baita kasu batzuetan administrazioa zigortzea aztertu behar dela ere.

 

Bestalde, epaileek zehaztu dute badutela plaza finkoa lortzeko eskubidea oposizio azterketa gainditu duten baina plaza finkorik lortu ez duten langileek (dela zerrendetan zain daudelako, dela euren plazarako lehiaketa publikorik izan delako), kasu horietan, oposizioa gainditu eta esperientzia baldin badute, eskatutako merituak lortu dituztela interpreta daitekeelako.