• EKONOMIA
  • Epaileek Confebaski eman diote arrazoia: ez dago behartuta gutxieneko soldata propioa negoziatzera

Epaileek Confebaski eman diote arrazoia: ez dago behartuta gutxieneko soldata propioa negoziatzera

LAB eta ELAk jarritako salaketa atzera bota du auzitegiak

Confebasken Urteko Kontseilu Nagusia Bilbon | Argazkia: Europa Press
Confebasken Urteko Kontseilu Nagusia Bilbon | Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 4a - 13:47

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du ELA eta LABen salaketa: ez du ilegaltzat jo Confebasken jarrera, EAEko lanbidearteko gutxieneko soldata propioa negoziatzeko mahaian negoziatu nahi ez izanagatik. Sindikatuen ustez, patronala nahitaez eseri behar da negoziazio mahaian, Langileen Estatutua negoziatzera behartuta dagoela argudiatuta.

 

Epaitegiak, ordea, uste du patronalak eskubidea duela ez negoziatzeko. Izan ere, gogoratu du Langileen Estatutuaren 27. artikuluak Espainiako Gobernuari esleitzen diola gutxieneko soldata zein den zehazteko betebeharra, eta hortaz, legez ezin dela negoziazio kolektiboaren bidea erabili hori zehazteko. Gaia negoziatu ezin den heinean, auzitegiak adierazi du Confebask ez dagoela negoziatzera behartuta, eta gaineratu du bere ezezkoak ez duela fede onez negoziatzeko betebeharra urratzen. 

Confebask baikor

Patronalak positibotzat jo du sententzia, Auzitegiak bere defentsaren argudioak aintzat hartu dituelako. Confebaskek gogorarazi du "beti argudiatu izan duela legezko kausa baten aurrean" zeudela eta gai hori Espainiako Gobernuari soilik zegokiola.

 

Sindikatuek errekurtsoa jarriko dute

ELA eta LABek epaiari errekurtsoa jarriko diotela adierazi dute, eta martxoaren 17an deitutako greba lantzen jarraituko dutela azpimarratu dute. 

Sindikatuek argudiatzen dute beraiek proposatzen dutena gutxieneko soldata negoziatzea dela, zeinak ez duen prestazio sozialen zenbatekoan eragina izango, argi baitute azken hori legez bideraezina edela. Alegia, berresten dute materia zehatzeko akordio bat defendatu dutela, eta ondorioz, epaitegiak "eskatu ez duten zerbaiten arabera epaitu duela" baieztatu dute. "Auzitegi Nagusiaren epaiak argi adierazten du gutxieneko soldata Euskal Herrian adostu daitekeela eta horretarako borondate patronala eta politikoa behar dela soilik", azaldu dute.