Confebask patronala gutxieneko soldata propio bat negoziatzera behartzeko azken saiakera egin dute gaur ELA eta LAB sindikatuek; auzitegian oraingoan. Patronalak negoziazio mahaiean eseri ez nahi duela argudiatuta, bi sindikatu abertzaleek helegitea jarri zuten eta hura aztertu du gaur EAEko Auzitegi Nagusiak.
Bertan ELAk eta LABek adierazi dute langileen estatutuak EAEko akordioei lehentasuna eman ondoren bi aldeek lurraldeko hitzarmen eta akordioak negoziatzeko obligazioa dutela. Euren arabera, Confebaskek “sistematikoki” uko egiten dio EAEn hitzarmen berriak negoziatzeari, “estatu mailako hitzarmen eta akordioek langileak muturreraino esplotatzeko aukera ematen diolako”.
Sindikatuek azaldu dute lau aldiz saiatu direla patronalarekin gutxieneko soldata propio bat negoziatzen, baina Confebaskek ez du negoziatzeko interesik azaldu. Sindikatuen aburuz, jarrera horrek legea urratzen du.
Era berean, salatu dute patronalaren ezezkoak argudiorik gabe uzten dituela EAJ eta PSE-EE. Eusko Legebiltzarrean sindikatuek proposatutako herri ekimen legegileari ezezkoa eman zioten bi alderdiok, argudiatuz soldata propioa patronalarekin negoziatu zitekeela.
“Epaiketak berriz ere argi utzi du martxoaren 17ko greba orokorra ezinbestekoa izango dela enpresarien eta alderdi politikoen jarduera baldintzatzeko eta Hego Euskal Herriko langileen kohesio soziala posible egin dezakeen gutxieneko soldataren eskuduntza irabazteko”, adierazi dute sindikatuek.