ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiruk martxoaren 17an gutxieneko soldata propioa eskatzeko greba orokorra egingo dute. Bada sindikatuek iragarri dute lanuzterako deialdia erregistratu dutela gaur.
Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzen dute sindikatuek, eta Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko lelopean mobilizazioak egingo dituzte. Sindikatuen arabera, proposamen horrek zuzenean 167.000 langileren egoera hobetuko luke.
Sindikatuek gogorarazi dute gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Euskal Herritik urrun hartzen direla, langileen eguneroko beharretatik eta lurraldearen ezaugarrietatik aldenduta. Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena Euskal Herrian izatea funtsezkoa dela diote.
Greba orokorraren bidez soldatak hobetzea eta “aberastasunaren banaketa bidezkoagoa” exijituko dute sindikatuek. Salatu dute azken urteetan enpresen irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela eta soldatek ez dutela bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan.