• EKONOMIA
  • Gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra iragarri dute sindikatuek

Gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra iragarri dute sindikatuek

Datorren urteko martxoaren 17rako egin dute deialdia, 1.500 euroko LGSa aldarrikatzeko asmoz

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2025eko abenduaren 15a - 10:43

Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko bidean, sindikatuek beste urrats bat eman dute: greba orokorra egiteko deialdia egin dute 2026ko martxoaren 17rako. Azken hilabeteetan gaiak zeresan handia eman du, baina patronalek atzera bota izan dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek eginiko eskaerak.

 

Egun, 1.080 eurokoa da LGSa (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) , hamalau pagatan. Sindikatuek, ordea, 1.500 euro gordineko soldata propioa proposatzen dute Hego Euskal Herrirako, zeinak eragina izango zuen 120.000 pertsona baino gehiagorengan. Proposamen horren aldeko herritarren ia 140.000 sinadura jaso bazituzten ere, patronalak eta Eusko Legebiltzarrak ez zuten eskaera onartu. Horren harira, Torres ekonomia sailburuak adierazi zuen soldaten hobekuntzak negoziazio kolektiboaren eta akordio sozial eta politikoko prozesuen bidez bultzatu behar zirela, eta patronalaren eta sindikatuen artean “negoziatzera” dei egin zuen.

Nafarroako Parlamentuan ere azaroan aurkeztu zituzten ia 18.500 sinadura gutxieneko soldata propioaren alde. Baina, hori baino lehen egindako negoziazio mahaira ez zen bertaratu CEN patronala, ezta UGT eta CCOO sindikatuak ere.

 

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Biurrun LABeko koordinatzaile orokorrak salatu dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta CEN patronalak uko egin diotela LGSa negoziatzeari, eta, ondorioz, langile guztiak mobilizatzeko aldarria egin dute. "Greba deituko duten sindikatuek nabarmendu dute 1.500 euroko gutxieneko LGS bat lortzeak on egingo liekeela kolektiborik prekarizatuenei (gazteak, migratzaileak, emakumeak eta
aniztasun funtzionala dutenak), eta era berean jendarteko sektore zabalen elkartasun adierazpena izango dela", gaineratu dute. Era berean, alderdiei eskatu diete aldarria Madrilera eramateko eta onarpena negoziatzeko, eta "ez dezatela aldaketarik onartu estatus juridikoan, baldin eta eskuduntza hori gabe bada".