
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak ez du EAErako lanbide arteko gutxieneko soldata propioa proposatuko, ezta hitzarmeneko gutxieneko soldata 1.385 eurora igotzea "inpostauko" ere. Hala adierazi zuen atzo Mikel Torresen sailak, hainbat sindikatuk esandakoak zehazte aldera.
Izan ere, atzo bertan aurkeztu zuen Jaurlaritzak “Euskal Autonomia Erkidegorako negoziazio kolektiboko gutxieneko soldatari buruzko azterlana”, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren koordinazio taldean. Txostenaren helburua “negoziazio kolektiboari erreferentzia zorrotza eta oinarritua ematea” da, soldatak hobetzeko eta lan desberdintasunak murrizteko, baina, betiere, “eragile sozialen autonomia errespetatuta”.
Azterlanaren aurkezpenean izan zen CCOO sindikatua, eta, haien esanetan, Jaurlaritzaren proposamen baikorrena 1.385 euro inguruko gutxieneko soldata izango litzateke. Torresek zehaztu zuen azterlanean azaldutako datuak proposamen hutsa zirela, “erreferentzia modura” erabili daitezkeen zenbakiak, baina Gobernuak ez duela inola ere ez lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzea planteatzen, ezta 1.390 euroko gutxieneko soldata propioa ere.
ELA eta LAB sindikatuek gaur helarazi duten oharrak dio, oraindik txostena eskuan eduki eta aztertzeko aukera izan ez duten arren, atzo Gobernuak azaldutakoak ez direla nahikoa EAEko langileriarentzat. “Sindikatuek ezinbestekotzat dugu gutxieneko soldata propio handiagoa, Espainiako Estatuak ezarritakoa ez baita nahikoa” esan dute. Horrez gain, sindikatuek salatu dute Torresen sailak egindako azterlanak soilik hitzarmena duten langileen gutxieneko soldata duela ardatz: “Hitzarmeneko gutxieneko soldatak kanpoan uzten ditu egoera ahulenean dauden langileak: hitzarmenik ez dutenak edo Estatuko hitzarmena aplikatzen zaienak”.
Gaur eman ditu Jaurlaritzak azterlanaren gaineko xehetasun gehiago. Enplegu sailak hamalau ordainsaritako 1.268 euro eta 1.385 euro arteko gutxieneko soldata proposatzen du, hau da, gaur egungo Espainiako Estatukoa baino %7- %17 altuagoa. “Tarte hori EAEko bizi-kostu handiagoari dagokiola” zehaztu du Torresek. Hala ere, atzo adierazi zuen moduan, gogorarazi du azterlanak ez duela egungo egoera “ordezkatzen” ez “ezer inposatzen”, “datuak eskaini” baino. Aldi berean, sailburuak dei egin die eragile sozialei gutxieneko soldata ados dezaten, eta Negoziazio Kolektiboaren Behatokiaren sorrera ere iragarri du.
Hitzarmenik ez duten edo Estatuko hitzarmena aplikatzen zaien enplegatuei dagokienez, Jaurlaritzak azaldu du "benetako erronka" hitzarmen kolektiboen estaldura zabaltzea dela, negoziazio kolektiboaren estalduratik kanpo 48.300 langile daudelako gaur egun, erdiak baino gehiago etxeko langileak.