• EKONOMIA
  • 138.495 sinadura bildu dituzte sindikatuek gutxieneko soldata propioaren alde

138.495 sinadura bildu dituzte sindikatuek gutxieneko soldata propioaren alde

Legebiltzarrean erregistratu dituzte sinadurak, lege proposamena lehenbailehen onar dadin

Espero baino hiru hilabete lehenago bildu dituzte sinadurak | Argazkia: ELA sindikatua
Espero baino hiru hilabete lehenago bildu dituzte sinadurak | Argazkia: ELA sindikatua
2025eko abuztuaren 21a - 12:52

Hego Euskal Herrirako Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) aldeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesten duten 138.495 sinadura bildu dituzte LAB, ELA, ESK, Etxalde, Hiru eta Steilasek, eta gaur erregistratu dituzte Legebiltzarrean.

 

Hiru hilabeteko epean egin dute sinadura bilketa, “aurreikusitakoa baino hiru hilabete arinago”. Sindikatuek argi dute: Espainiako egoera sozioekonomikoa ez da Hego Euskal Herrikoaren bera, eta, hortaz, Estatuko gutxieneko soldata ez da nahikoa Euskal Herriko langileentzat.

Jaurlaritzari lege-proposamena “ahal bezain laster izapidetu dezaten” eskatu diote, baita Espainiako Kongresuari adieraz diezaiotela “euskal gizarteak gutxieneko soldata propioa izateko borondate irmoa duela”. Nafarroako Parlamentuan ere legea tramitatzea eskatu dute. Aldi berean, Confebaski enpresariak bakarrik ordezkatzea leporatu diote, eta jarrera demokratikoagoa izan dezan eskatu diote sindikatuek.