Eibarko Erisono industrialdean dagoen Azpilurren eraikina prest da enpresa berriak hartzeko. Eraikitako 9.625 metro karratuko azalera osoa du eraikinak, lurgaineko lau solairu eta aparkalekurako lurpeko beste bi solairutan banatuta.
Azpilurrek azaldu duenez, eraikinaren diseinuak iraunkortasun eta ingurumenarekiko errespetua ahalbidetu ditu eraikuntza prozesu osoan zehar. Izan ere BIM-Building Information Modeling metodologiaren bidez proiektatu zen, bere garapenaren prozesu integrala ahalik eta gehien optimizatzeko.
Eraikinaren lehen hiru solairuek 14 lokal hartu ditzakete gehienez eta laugarrenak berriz 9. 1.098 m2ko lau solairuetako bakoitzak enpresen beharretara egokitzeko aukera eskaintzen du, modulazioan moldagarriak baitira.
2022.urtean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak Eibarko Erisono handitzearen alde egingo zuela, sei milioi euroko inbertsioa eginda. Azpilur Sprilur erakundearen ondorengoa da, interes publikoko azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak sustatu, gauzatu eta kudeatzeari lotutako jarduerak garatzea helburu duena. Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailari atxikita dago.