Azpilurrek Barakaldoko Burtzeña auzoan dagoen UERT enpresaren lursail zaharra berroneratzeko lanak abiarazi ditu. Lursailaren 65.000 metro karratuetako albo eta gainazala iragazgaizteko behar diren obrak egingo dituzte, hain zuzen. Modu honetara, erabilera berrietarako arriskurik ez dagoela bermatuko da, eta lurpeko eta azaleko uretan lixibiatuak izan dezakeen eragina murriztu.
Alboko iragazgaizte lanak egiteko, bentonitazko pantaila plastiko bat eraikiko du Azpilurrek. Lurra egokitu aurretik, bentonita-zementuzko pantaila hori egingo du, 45 zentimetroko lodiera eta batez beste hamar metroko sakonera izango dituena, ingurunearen babesa bermatzeko.
Lanak faseka egingo dira. Lehen etapan, lurra behin betiko kotatik bi metro altxatuko da, finkatze-prozesu naturala bizkortzeko. Finkatze-prozesu horiek amaitu ondoren, aurrekarga horretan erabilitako soberako materiala kendu egingo da. Ondoren, 20 zentimetroko zagor-geruza zabalduko da, eta, azkenik, gainazal-tratamendu bat aplikatuko da, gainazal osoa behar bezala zigilatzen dela ziurtatzeko.
Obrak bi fasetan burutuko dituzte: lehenengoak 14 hilabete iraungo du eta bigarrenak 18. Obra gauzatzeko, halaber, 7.039.580 euroko aurrekontua izango da.
Burtzeñako proiektuaren osoaren bigarren esku-hartzea da hau. Lehenengoa 2024an hasi zen eta Astilleros eta Zentral Termikoko lursail zaharretan 73 mila metro koadro baino gehiago berroneratu ziren.