Azucena Hernandez: "Eurocybcar ez balitz Euskal Herrian egongo, segur aski ez litzateke existituko"

Kazetaritza eta automozioa uztartu ditu Azucena Hernandez madrildarrak bere 30 urteko ibilbide profesionalean. 2018an, Gasteizera etorri eta Eurocybcar abiatu zuen, ibilgailuen zibersegurtasuna neurtzen duen lehen munduko testa ondu duen enpresa.

Azucena Hernandez | Argazkia: Utzita Azucena Hernandez | Argazkia: Utzita

Azucena Hernandez Eurocybcar eta Grupo Cybentia taldeko zuzendari eta sortzailea da. Madrildarra jaiotzez, 47 urterekin dena utzi eta Gasteizera etorri zen bizitzera, eskuartean zuen proiektu bat aurrera ateratzeko asmoz. Eurocybcar zen proiektu hura, eta Euskal Herrian aurkitu zuen enpresa bultzatzeko ekosistema egokia. Nonbait, hemen bere ideia ulertu zen, beste lekuetan ez bezala. Ibilgailuen zibersegurtasun maila neurtu eta ziurtatzen duen lehen mundu mailako testa ondu du Eurocybcarrek eta nazioartean patentatzeko prozesuan dira. Izatez, kazetaria da Hernandez, eta bere ofizioa teknologia eta ibilgailuekiko zaletasunarekin uztartuta, Eurocybcarrez gain, HackerCar aldizkaria ere sortu du. Automozio sektorean 30 urteko ibilbidea eginda, orain gutxi Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (AMPEA) urteko enpresari onenaren saria eman dio.

Lehenik eta behin, zorionak eman behar dizkizut jaso berri duzun sariagatik. Zer suposatu du aitortza honek zuretzat?

Gauza askori da aitortza. Nik dena utzi nuen Gasteizera etortzeko, hemen bete bainezakeen nire ametsa, eta hala izan da. Zibersegurtasuna oso garrantzitsua dela erakusteko egindako urte luzeen esfortzu eta lanaren aitortza izan da. Aldi berean, lagundu didaten pertsonei ere egiten zaie aitortza, beraiei esker bainago hemen. Lankideez eta instituzioez ari naiz. Euskal Herrian nagoenetik lagundu didaten guztiez.x

Madrildarra zara zu, zergatik etorri zinen Gasteizera Eurocybcar sortzera?

47 urterekin dena utzi nuen. Orduan otu zitzaidan auto baten zibersegurtasun maila neurtu eta ziurtatzen duen testa egitearen ideia. Hemen izan zen ideia ulertu zen leku bakarra, eta hemen egoteari esker eraman ahal izan dut aurrera proiektua. Gasteizen egoteak bizitza aldatu dit. Lehen egunetik etxean bezala sentitu naiz, eta hemen jubilatu eta hilko naiz.

Zertan datza zehazki test hau?

Gaur egun auto bat segurua den jakin dezakegu istripu bat duenean. Esaterako, ea airbag-ak automatikoki aktibatuko diren edota gerrikoek ondo babesten duten. Orain, ordea, Eurocybcarri esker, badakigu auto bat zibersegurua den edo ez. Hau da, bidaiatzen duen pertsonen datuak ea ondo babesten dituen edota cracker edo birus baten erasoari aurre egiteko gaitasuna duen. Hiru zatitan banatzen dira guk egiten ditugun probak. Lehenengo, proba fisikoak egiten ditugu, ibilgailua ukituz, ondo frenatu edo azeleratzen duen ikusteko besteak beste. Ondoren, urruneko probak egiten ditugu, ibilgailua ukitu gabe. Gurpilen TPMS sistemaren bidez informazioa bidaltzen diogu gidariari, eta ibilgailuarekin nolabait hitz egitea posible den ikuskatzen dugu.

Azkenik, aplikazioak ditugu. Hauen bidez autoa ireki eta itxi edota leihoak igo eta jaitsi ditzakezu. Aplikazio hauek ziberseguruak diren ziurtatzen dugu. Izan ere, arriskutsua izan daitezke autoaren jabea ez den beste batek erabiltzen badu.

Garatu duzuen test hau mundu mailan lehenengoa da, ezta?

Bai, hori da. Nazioartean patentatzeko prozesuan gaude. Estatu Batuetan, Mexikon, Ingalaterran eta Europan. Zorte ona izan dugu, izan ere, nik metodologia hau asmatu nuenean ez zen araudirik existitzen, eta orain jada badago, UNECE/R155 legea. Hemendik aurrera fabrikatzaileek auto ziberseguruak egin behar dituzte. Eta non dago nire enpresaren zortea edota aukera? Ba guk urteak daramatzagula metodologia hau lantzen, ibilgailuak ebaluatzen. Gainera, araudiak ez du zehazten testak nola egin behar diren, ibilgailuak bete beharreko 70 baldintza zerrendatzen ditu soilik.

Azucena Hernandez: "Gure testa nazioartean patentatzeko prozesuan gaude. Estatu Batuetan, Mexikon, Ingalaterran eta Europan"

Eta nola otu zitzaizun orduan honelako test bat egiteko ideia?

Kazetaria naizenez, galdera bat eginez okurritu zitzaidan. Nola dakit auto bat zibersegurua den? Nazioartean ikertzen hasi nintzen eta ez zidan inork galdera erantzuten. Beraz, ibilgailuei zer proba mota egin ahal zaizkien zehazten hasi nintzen. Hasiera batean test nahiko oinarrizkoak egin nituen, eta ondoren, gauza konplikatzen joan da, enpresa teknologiko bat sortzeraino.

Zein urtetan sortu zenuen Eurocybcar?

2018an, baina ideia, egia esan, 2013an izan nuen, eta nik zuzentzen dudan Autofacil aldizkarian erreportaje bat idatzi nuen horren inguruan.

Zure bi pasioak uztartuz sortutako proiektua da beraz. Alde batetik, kazetaritza, eta bestetik ibilgailuak eta teknologia.

Bai. Betidanik defendatu dut ibilgailuetako erabiltzaile eta bidaiariak modu ziberseguruan bidaiatu behar dutela. Ibilgailuan doazen pertsonen bizitza babestea izan da nire apustua.

Horren harira, Grupo Cybentiaren sortzailea ere bazara, zibersegurtasun arloan ikerketa eta komunikazio aholkularitza taldea. Zer egiten duzue bertan?

Izatez Grupo Cybentia Eurocybcarren ama dela esan daiteke. Mundu honetan sartu nintzenean, nekiena egiten hasi nintzen, eta kazetari bezala komunikazio kontsultoria bat sortu nuen. Horrela editatu genuen HackerCar aldizkaria, eta hurrengo urratsa formazio moduluak sortzea izan zen. Orduan hasi nintzen testak egiten, enpresa Madrilen sortu nuen eta hona ekarri gero.

image1
Argazkia: Utzita

HackerCar zibersegurtasunean eta automozioan espezializatutako lehen hedabidea da. Segurtasun arloan kontzientziazioa piztea du helburu?

Bai. Kontzientziazio plataforma bat da, Grupo Cybentiak editatzen duena. Taldean orain denera 30 bat langile izango gara, eta horietatik 21 inguru Eurocybcarren. Proiektu hauen buru izateak asko lagundu dit, eta munduko errepide eta zirkuitu ugaritan autoak probatu eta teknologia lantzea ahalbidetu dit. Kazetari bat enpresa teknologiko baten buru izateagatik serio ez hartzea zen nire beldur handiena. Denborarekin erakutsi dugu, kazetari izanda ere, proiektuok garatzea posible zela.

Jaso berri duzun sariak egin duzun ibilbidea aitortzen du. 30 urteko eskarmentua duzu jada sektorean, nolako esperientzia izan da?

Lehen aipatu dizudan beldur hori aukera bihurtu zen nolabait. Ingeniari edota auto fabrikatzaile baten ikuspegia izango banu beste bide bat hartuko zukeen nire ibilbideak, baina ibilgailua erabiltzaileen ikuspuntutik aztertzeak egin du diferentzia. Enpresa berritzailea sortu dut, eta esperientzia oso gogorra eta atsegina da aldi berean. Egunerokotasunean lankide guztiek lagundu didate eta instituzioek ere, zibersegurtasuna ez baitzen kontuan hartzen. Galaren egunean esan nuen, Eurocybcar ez balitz Euskal Herrian egongo, segur aski ez litzateke beste inon existituko, ez litzateke posible izango.

Azucena Hernandez: "Asko hitz egiten da ibilgailu autonomoaz, baino semaforoak, parkingak edota autobus geltokiak ere ziberseguruak izan behar dute"

Eta, emakume bezala automozio sektoreko proiektu askoren ardura izanik, zer nolako esperientzia bizi izan duzu?

Nire ingurua beti izan da oso maskulinoa, eta niretzako beti erronka handia izan da. Akaso, motibazio gehiago eman dit. Emakumeak oso irmoak gara, zerbait lortzeko tematzen garenean horren bila goaz. AMPEArena bezalako egitasmoak aurrera begirako urratsak ematen laguntzen dute.

Nabaritu al duzu sektorean aldaketarik? Ba al dira emakume gehiago?

Hobekuntza bat sumatu dut, baina, oraindik asko dago hobetzeko. Ni 21 urterekin ibilgailuak probatzen hasi nintzenean emakume bakarra nintzen, orain, ordea, gehiago daude. Emakume gehiago behar ditugu, baina gaur egun jada ez da hain arraroa edo exklusiboa.

Eta zibersegurtasunari dagokionez, nabaritu al duzu gizartean bere garrantziaz kontzienteagoak garela?

Asko dago egiteko oraindik, nahiko berde dago, baina araudiak dena aldatuko du. Arauak dio ezingo direla Europan ziberseguruak ez diren autoak fabrikatu. Fabrikatzaileak autoak ekologikoak eta seguruak izateaz arduratuta egon dira, eta orain zibersegurtasuna arau hau iritsi da. Hornitzaileei eta fabrikatzaileei eragingo die, eta EAEn eta mundu mailan inpaktu handia izango du.

Azpiegiturei ere eragingo die. Asko hitz egiten da ibilgailu autonomoaz, baino semaforoak, parkingak edota autobus geltokiak ere ziberseguruak izan behar dute. Azpiegituren mugikortasuna ebaluatzeko testak ere baditugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK