• EKONOMIA
  • Badatoz, berriro, zentral nuklearrak

Badatoz, berriro, zentral nuklearrak

Hondakinen kudeaketa da, nola ez, ikuskizun geratzen den azken urrats kezkagarria... Egungo Txinak ez badio konponbide txukunik aurkitzen, mundu mailan etsipena eman beharko zaiolako gaiari

Txinako zentral nuklear bat | Argazkia: iStock
Txinako zentral nuklear bat | Argazkia: iStock
Mikel Aramendi Arteaga
Analista politikoa
2026ko apirilaren 24a - 05:30

Persiako Golkoko erregai fosilen kontrolean badatza, askok dioten eran, otsailaren 28an Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka sutu zuten gerraren maratila, hasi beharko dugu esaten irabazlea baduela jada gatazka horrek: elektrizitatea sortzen duten zentral nuklearrak. Epe ertain-luzera, baina nahiko argi.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Berehalakoan, ezbairik gabekoa da ekoizpen-leku eta garraio-baliabideek nozitu dituzten kalteen eta Ormuzko itsasartearen buxaduraren onuradun nagusiak handik urruti dauden erregai-ekoizleak direla. Errusia buru, baina AEB eta gainerakoak bazterretsi gabe. Mauka da eskaria ugaritzea eta, aldi berean, ekoizkina garestitzea. Iragan hurbileko korapilo politiko asko askatu ditu erregaien estutasunak. Ez baita soilik petrolio eskasia azken asteotakoa: Ukrainako gerrak lehendik ere biziro kolpatua zuen gas naturalaren eta beste lehengai funtsezko batzuen merkatuak –ongarriena, adibidez– aiene batean daude.

Argi luzeagoak jarrita, ordea, logikoa bezain agerikoa da tximistak jota bezala geratu direla Ormuztik barrena merkaturatzen den guztiaren mendetasun gehiena duten herrialdeak. Hau da, Asia hego eta ekialdekoak oso bereziki. Eta kinka lehenbailehen konpon dadin erreguak zeruratzeaz harago, eskarmentua hartzeko asmoa bederen erne dela dirudi, asko edo gutxi, denengan. Etorkizuna elektrizitatez josia izango dela argi dagoen munduan, batzuentzat batere berria ez den baina orain arte herabeago zerabilten aterabide nuklearraren bidetik etorriko da apustua.

 

Ukrainako gerrak lehendik ere biziro kolpatua zuen gas naturalaren eta beste lehengai funtsezko batzuen merkatuak –ongarriena, adibidez– aiene batean daude

Kasurako lagungarria izan daiteke konparazioa: Txernobil edota Fukushimako hondamendiak energia nuklearrarentzat izan zirenaren antzeko ukaldia izan liteke Ormuzko itsasartearen buxadura erregai fosilentzat. Ñabardura ugarirekin, noski: litekeena da egoera onbideratzea Ormuzen luzaro gabe; eta erregai fosilei biribilki uko egitea ezinezkoa izango da aldi luze batean. Baina haien eskasia ere gero eta egitate ziurragoa da, negutegi-gasen emisioek eta haiek sortzen duten herstura sozialak ez du amore emango, ukatzaileen kanpainak kanpaina.

Ideologia-zioekin zerikusi gutxi duten arrazoibideak iratzarri ditu, nolanahi ere, Golkoko erregai-krisiak Asia ekialdean.

Beste garai batean harrigarria izango zen isiltasunean etorri eta joan da albistea pasa den astean: abian jarri dira Japonian Kashiwazaki-Kariwako zentral nuklearrean geldi zeuden azken bi unitateak. Eta hartara, orain arte munduko handiena den instalazio horretako zazpi unitateak elektrizitatea –8000 Mw inguru, guztira– sortzen ari dira berriro... 14 urte igaro ondoren. Fukushima-Daiichikotik 215 kilometrora, baina Niigatan, Honshu irlaren mendebaldeko kosta-ertzean kokatuta, Tokioko konurbazioa hornitzen duten ekoiztegietakoa da. Eta Tepcoren jabetzakoa, hura bezala.

Etorkizuna elektrizitatez josia izango dela argi dagoen munduan, batzuentzat batere berria ez den baina orain arte herabeago zerabilten aterabide nuklearraren bidetik etorriko da apustua

2011ko martxoaren 11ko hondamendiaren ondotik, osoro geldiarazi zuten lehenik, eta ondorengo urteotan, segurtasun-behaketa sakonak eginda, pausoka berrabiarazi dute Kashiwazaki-Kariwako zentrala. Hain zuzen, behaketa horiexek berandutu dute hainbat urtez azken bi unitateak berrabiaraztea. Fukushima-Daiichikoen aldean lurrikara edota tsunami arrisku gutxiagokoak izan arren, eraso humanoak errazago paira ditzaketelako. Demagun, Ipar Koreatik.

Duela urte batzuk oso gatazkatsua izango zena, ordea, bare egin ahal izan da aurtengo udaberrian. Japonian, batez ere Fukushimako triskantzaren ondoren, energia nuklearren oso kontrakoa zen iritzi publikoa mudatuz joan da, 2020az geroztik nagusiki, elite politikoak behin ere ukatu ez dion onespenaren alderantz. Txernobil urruti geratzen zelako-edo, Estatu Batuak eta Frantziarekin batera elektrizitate-mixean nuklearren ekarpen handiena zuen herrialdea izaki Japonia, elektrizitatearen herena inguru sortzen zuten 54 zentralek 2011 arte. Geroztik, haatik, ez dute berreskuratu, ezta gutxiagorik ere, orduko jarduera-maila, ez instalazio-kopuruz, ez ekoizpenez (indarraren %10 inguru sortzen zuten 2024an).

Japonian, batez ere Fukushimako triskantzaren ondoren, energia nuklearren oso kontrakoa zen iritzi publikoa mudatuz joan da, 2020az geroztik nagusiki

Baina gaur egun esan liteke haiekiko oniritzia nagusitu dela gizartean, eta horrek ulertarazten du pasa den asteko baretasuna. Ez da atrebentzia izango aurreikustea erregai fosilen hornitzaile nagusia duten Persiar Golkoko krisiak hauspotu egingo duela nuklearren aldeko joera hori Japonian. Betiereko arrazoiei —herrialde aurreratu eta urbanizatua izatea; uhartedi-tasuna; erregai fosilen berezko sorbururik apenas edukitzea— eta sorberriak direnei —elektrizitate kontsumo handiko instalazioen lehian atzera geratu nahi eza; berriztagarriak ezartzeko teknologia eduki arren, hartarako aukera mugatuak izatea— gehitzen zaielako oraingoa: energia fosilen horniduraren segurtasunik ezaren egitate latza.

Berez, datozen hamarkadetan Japonian energia nuklearraren hedapena galgatu dezakeen faktore nagusia, iritzi publikoaren ezkortasuna baino ziurrago, izan daiteke ekoizpen-prozesu osoa ezingo duela guztiz beretu herrialdeak. Beraz, beste batzuen mende gera daitekeela, demagun, zenbait lehengai eskuratzeko. Hau da, fosilekiko korapiloa berregin litekeela. Egin beharreko inbertsioak eta nekez laburtuko liratekeen epeak ere ez dira bazter ematekoak. Eta hondakinen auziak hor jarraitzen du.

Datozen hamarkadetan Japonian energia nuklearraren hedapena galgatu dezakeen faktore nagusia izan daiteke ekoizpen-prozesu osoa ezingo duela guztiz beretu herrialdeak

Bada akuilu izango duen faktorea ere, ordea: urruti gabe Txina egiten ari dena. Kilowattaren prezioan jada dagoen aldea (2,75 aldiz merkeagoa da elektrizitatea gaur egun Txinan Japonian baino) mantendu edo areagotuko balitz, etorkizuna zeharo ilunduko litzatekeelako japoniar ekonomiaren hainbat sektorerentzat.

Persiako Golkoko erregai fosilekiko mendetasuna bezala, zio hori —Txinarekiko lehiarena— erkide dute eskualdeko beste ekonomia guztiek ere. Aurreratuenek batik bat. Ikuspegi horretatik, zaintzekoa izango da Hego Koreak egin dezakeena. Abian dituen 23 erreaktoreen bitartez, bere elektrizitatearen %30 inguru sortzen du une honetan, mundu osoko ehuneko altuenetakoa. Mende hasieran, gainera, zentral berriak eraikiz, 2035erako portzentajea biderkatu eta %60raino igoarazteko planak landu ziren.

Persiako Golkoko erregai fosilekiko mendetasuna bezala, zio hori —Txinarekiko lehiarena— erkide dute eskualdeko beste ekonomia guztiek ere. Aurreratuenek batik bat

Fukushimako hondamendiak, halere, seko zapuztu zituen asmo haiek; are gehiago, abian ziren zentralen ikuskapenak nabarmendu zuenean akats eta iruzur larriak zeudela haien segurtasunean. Geroztik, zingulu-zangulu ibili da Hego Koreako politika nuklearra: Moon presidenteak abian jarri zuen martxan zeudenen iraunaldia agortu ahala haiek ixten joateko plana; baina Yoonek bertan behera utzi zuen egitasmoa eta zentral berriak eraikitzea proposatu zuen, hemendik hamar urtera haien elektrizitate-ekarpena %35 ingurukoa izan zedin. Lee Mae-Myungek zer egiten duen ikusi behar da orain. Baina erregaien shocka ez da nolanahikoa izan Hego Korean, petrolio- eta gas-gordekinak ere ez zituelako Japoniak edo Txinak adinakoak.

Hego Korean baino goizago ebatzi zen tirabira nuklearra Taiwanen. Hiru zentral izan ditu abian azken 40 urte hauetan, eta haien elektrizitate-ekarpena, oso handia hasiera batean, herrialdearen premiak biderkatu ahala, murriztuz joan gaur egun %10 baino gutxiagokoa izateraino. Teknologia zaharrenekoak izanik eta iraunaldia agortuta, ixtear edo itxita daude jada. Laugarren bat ere eraiki da, baina faila baten gainean eta lurrikara-arrisku larriko leku batean. Ondorioz, tirabira sozial gogorreneko gaietako bat izan da herrialdeko politikagintzan, mugimendu antinuklearra biziki zabala delako.

Erregai fosilekiko mendetasun larrienean dago gaur egun Taiwan. Eta abelera horretan harrapatu du Golkoko krisiak

Korolarioa da erregai fosilekiko mendetasun larrienean dagoela gaur egun Taiwan. Eta abelera horretan harrapatu duela Golkoko krisiak… eta harekin batera heldu zaion Txinaren eskaintza-amuak: kontinentetik behar beste energia helduko omen litzaioke, asmo independentistak betirako baztertzen badira. Esan gabe doa hautu politikoak nahiz energetikoak garraztu egingo dituela eskaintzak. Hartarako egina baitirudi.

Era batera nahiz bestera, faktore erabakigarria da Txina eskualdeko etorkizun energetikoa irudikatzerakoan. Eta ez bakarrik kilowattaren prezioak zuzenean duen eragin ekonomikoagatik. Ondorioa litzateke hori, sorburua baino gehiago.

Txinak erregai fosilen erabilpen masiboa oinarri zuela, berriztagarrien ezarpena eta merkaturatzea, masiboa hori ere, landu du bere naturaren eta lurraldearen aukerak aprobetxatuz

Txinak berez duen muntan eta hamarkadatan landu duen energia-ereduan legoke sorburu hori. Erregai fosilen erabilpen masiboa oinarri zuela, berriztagarrien ezarpena eta merkaturatzea, masiboa hori ere, landu du bere naturaren eta lurraldearen aukerak aprobetxatuz. Eta une honetan, biltegi- eta babeski-baliabideak masiboki ezartzeko fasean aurkitzen da. Ahaleginaren eskala aintzat hartu behar da emaitza balioesteko eta etorkizunaz ohartzeko. Ez baita Txinari soilik dagokion kontua. Ezta energia nuklearrari dagokion atalean ere.

59 zentral nuklear abian dituela, munduko bigarren herrialdea da Txina jada tenore horretan, AEBren atzetik. Baina urte gutxi barru hartuko dio aurrea, eraikitzen ari direnak martxan jarri ahala; eta lehentxeago, haietan ekoitzitako elektrizitatearen zenbatekoan. Berriztagarrien ekoizpen-leku masiboenen kasuan ez bezala, salbuespen bakan batzuk izan ezik, nuklear guztiak daude ekialde kostaldean edo handik oso gertu. Alegia, jarduera ekonomikoak eta populazioaren metaketak kontsumo handiena erakartzen duen puntuetatik hurbil. Hozketa-sistemen eskakizunak ez ezik, kontsumoaren hurbiltasunak ere izango du zerikusirik.

Nuklearrek Txinako elektrizitate-mixari egiten dioten ekarpena %5 ingurukoa da, besterik ez. Fotovoltaikoaren edo eolikoaren ez ezik, ur-jauzienaren oso atzetik ere

Izan ere, gogoan izan behar da handizkako zifra horiek besterik adierazten dutela dirudien arren, nuklearrek Txinako elektrizitate-mixari egiten dioten ekarpena %5 ingurukoa da, besterik ez. Fotovoltaikoaren edo eolikoaren ez ezik, ur-jauzienaren oso atzetik ere. Eta, bidenabar, sorburu nagusien hutsegiteen edo eskasien “babeski” izateko betekizuna du sistema orokorraren baitan.

Argazkia osatzeko, aintzat hartu behar da inguruko herrialdeek, aipatu ditugunek nahiz aipatzeke geratuko diren apalagoek, ez bezala, ekoizpen-katearen maila guztiak beretzea lortu duela Txinak hamarkada hauetan. Hasi zentralen diseinu eta eraikuntzatik eta lehengai fisionagarriak ustiatu, landu eta erabiltzeraino. Hondakinen kudeaketa da, nola ez, ikuskizun geratzen den azken urrats kezkagarria... Egungo Txinak ez badio konponbide txukunik aurkitzen, mundu mailan etsipena eman beharko zaiolako gaiari.

Aintzat hartu behar da inguruko herrialdeek ez bezala, ekoizpen-katearen maila guztiak beretzea lortu duela Txinak hamarkada hauetan

Hegemonia horren benetako gakoa, haatik, etorkizuneko zentralen ereduan datza. Fukushimako hondamendiaren ondoren, Txinak ere bertan behera utzi zituen ordura arte emandako eraikuntza-baimen guztiak. Baina berehala, urtebete edo biren bueltan, III. Belaunaldikoak deitu diren zentralen ildoak eta betebeharrak plazaratu zirenean, halakoak baimentzeari berrekin zion, eta horrelakoak lirateke geroztiko guztiak.

Horren guztiaren emaitza da Hualong One deitu eredua, frantziar diseinuetan oinarritua eta haiekin elkarlanean garatua, baina txinatarren ekarpena gero eta nagusiagoa duena, eta, besteak beste, eraikuntza-epeak dezente laburtu dituena. Halako lehena 2021ean abian jarri bazen ere, gaur egun hamar dira jada martxan daudenak, 19 ari dira eraikitzen, eta beste 16 daude aurreikusita. Baita Txinatik kanpo ere.

Lehia bada, aurretik jarri dira.