
Azaroan Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) sinatuko dute Baionako eta Pasaiako portuek, bien arteko lankidetza sendotze aldera. “Akordio estrategikoari” esker portuek adierazi dute jasangarritasuna eta berrikuntza ere sustatu nahi dituztela.
Ostiralean elkartu ziren bi portuetako ordezkaritzak, Ipar Euskal Herriko azpiegituraren instalazioak bisitatu zituzten eta ezagutzak partekatu zituzten. Bisitak ahalbidetu zuen “ingurumenaren, berrikuntzaren eta logistikaren arloetan lankidetza-aukera berriak aztertzea”, eta Pascal Marty Baionako Portuko Elkarteko presidenteak gaineratu zuen akordioa mesedegarria zela eskualdeko ekonomiarentzat eta logistika ekologikoago batentzat. Bi ordezkaritzak aurrez ere elkartu ziren uztailean, Pasaiako portuko instalazioetara bertaratu baitzen Baionako ordezkaritza.
Izaskun Goñi Pasaiako Portuko Agintaritzako (PPA) presidentea ere pozik agertu zen hitzarmenarekin, haren ustetan bi portuek “lankidetzarako borondatea” erakutsi zutelako eta “erronkak” zein “balioak” partekatzen dituztelako.
