• EKONOMIA
  • Balenciaga langileek salatu dute inbertitzaileek ez diotela kontraeskaintzari erantzun

Balenciaga langileek salatu dute inbertitzaileek ez diotela kontraeskaintzari erantzun

Abu Dhabi Portsek zazpi langile kaleratu eta soldatak %25 murriztu nahi ditu. Langileek eskatu zuten lanpostuak mantentzea eta soldatak hiru urtez izoztea

Balenciagako langileen agerraldia | Argazkia: CCOO
Balenciagako langileen agerraldia | Argazkia: CCOO
2025eko abenduaren 11a - 14:24

Zumaiako Balenciaga ontziolaren erosketa prozesua hasiera batean esperotakoa baino gehiago luzatzen ari da, eta langileek gaur adierazi dute eurak ez direla atzerapen horren erantzule. Abu Dhabi Ports taldeak ontziola erosteko asmoa du, eta azken asteetan langile batzordearekin beharginen lan baldintzen gainean negoziatzen aritu dira. Oraingoz ez dute akordiorik lortu.

 

Ontziolako beharginek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, eta adierazi dute eragiketa aurrera ateratzearen alde izan direla hasieratik, betiere lantalde osoaren lanpostuak mantenduz gero, eta orain arteko lan baldintzei eusten badiete.

Orain egun batzuk langileek azaldu zuten partzuergo arabiarrak hainbat aldagai txertatu zituela akordioan. Aldagai horiek ontziolaren etorkizun ekonomikoa zuten oinarri; hots, negozioaren etorkizuneko bilakaeraren arabera, soldatak eta lan baldintzak apaltzeko aukera zabalik utzi zuen Abu Dhabi Portsek.

 

Langileen arabera, talde arabiarrak zazpi kaleratze eta %25eko soldata murrizketa, kasu batzuetan %50ekoa, proposatu du. David Tejera langile batzordeko presidenteak gogoratu du pasa den uztailean inbertitzaileen eskaintza onartu zutela langileek, eta gerora, ez zutela partzuergoaren berririk izan, harik eta azaroaren 12an Madrilen bildu ziren arte. Tejerak esan du bilkura hartan eman ziela zuzendaritzak kaleratze eta lan baldintzen berri.

Langile batzordeak adierazi du “arduraz” jokatu dutela, eta kontraeskaintza bat egin zuten: ordura arteko lan baldintzak mantendu eta soldatak hiru urtez izoztea. "Gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dugu, eta konkurtso-administratzaileak urriaren amaieran jakinarazi zigun inbertitzaileak 2025eko azaroaren 17ko astea formalizatu nahi zuela erosketa. Egoera jasanezina da", salatu du Tejerok.

Sektore estrategiko baten etorkizuna arriskuan

Ontziolaren erosketa luzatzen ari dela eta, langileen egoera kaskarra salatu du Tejerok. Azaldu du hilabeteak daramatzatela soldatarik jaso gabe, zorrak pilatzen ari direla, eta ziurgabetasunak “gogor” kolpatu dituela euren familiak. 

Zumaiako Udala kenduta, gainerako erakunde publikoen laguntza falta ere salatu du. "Une kritiko honek, guri eragiteaz gain, sektore estrategiko baten etorkizuna arriskuan jartzen du: ontzigintza ekonomiarako eta industriarako giltzarria da", azaldu du.

Horrekin batera, langileek nabarmendu dute lan egin nahi dutela, eta “konpromisoa” eta “ardura” erakutsi dutela. “Kontzesioak egin ditugu, itxoin dugu, konfiantza izan dugu, eta borrokan jarraitzen dugu. Lantaldeak bere lanpostuak defendatzen jarraituko du”, esan du Tejerok. Akordio batetik hain gertu egonik, uste du ulertezina dela partzuergo arabiarraren isiltasuna, "zentzuzko" kontraeskaintza egin baitute.