• ENPRESAK GAUR
  • Balenciagako langileek kontraeskaintza bat egin diote Abu Dhabi Portsi

Balenciagako langileek kontraeskaintza bat egin diote Abu Dhabi Portsi

Langile batzordeak dio ez diola salerosketari oniritzia emango langileen soldaten gaineko baldintzak hobetzen ez badira

Langile batzordeak aste honetan bildu nahi du Abu Dhabi Sportseko ordezkariekin | Argazkia: Balenciaga ontziola
Langile batzordeak aste honetan bildu nahi du Abu Dhabi Sportseko ordezkariekin | Argazkia: Balenciaga ontziola
2025eko abenduaren 2a - 09:57

Balenciagako langileak ez dira konforme Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Ports eta Premier Marine ontziolako jabe berriak izango direnak ezarritako lan baldintzekin, eta kontraeskaintza bat aurkeztu du. Langile batzordeak dio ez diola salerosketari oniritzia emango langileen soldaten gaineko baldintzak hobetzen ez badira. Zehazki, ez dute soldata zenbait aldagaietara baldintzatuta egotea nahi, baizik eta diru-sari egonkor batera.

 

Langileek azaldu dute partzuergo arabiarrak hainbat aldagai txertatu dituela, ontziolaren etorkizun ekonomikoa oinarri dutenak. Hala, negozioaren etorkizuneko bilakaeraren arabera, soldatak eta lan baldintzak apaltzeko aukera zabalik utzi du. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak atzo zuhurtziaz hitz egin zuen, eta eskatu zuen langileen lan baldintzak errespetatzea, besteak beste.

Alkateak gogoratu zuen administrazio konkurtsoan zehar, epaileak erosleen eskaintza onartu zuela, baina baldintzetako bat zela egungo lantaldearen lan baldintzei eustea. Hainbat iturriren arabera, soldatak %25 inguru jaitsi daitezke, ontziolaren errentagarritasun ekonomikoarekin zerikusia duten zenbait aldagai betetzen ez badira.

 

Langile batzordeak aste honetan bertan bildu nahi du Abu Dhabi Sportseko ordezkariekin, eragiketa erabat ixteko asmoz. 59 lanpostutako lan baldintzak daude jokoan.