Basque Culinary Centerrek (BCC) sustatutako EDA Drinks & Wine Campusaren Gasteizko egoitzaren eraikuntza lanak abiatu dituzte gaur. Orain dela aste batzuk Guardiako eraikinaren lehen harria jarri zuten, eta gaurkoan Arabako hiriburukoaren txanda izan da. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du proiektu honek, eta helburu du ardoaren inguruan berrikuntza ekosistema bat sortzea Euskal Herrian.
Eraikuntzari hasiera emateko ekitaldia egin dute gaur goizean, eta bertan izan dira, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Vicente Atxa BCCko patronatuko presidentea eta Mondragon Unibertsitateko errektorea eta Joxe Mari Aizega, BCCko zuzendari nagusia.
"Araba eta Euskadi berrikuntza gastronomikoan eta mahastizaintzan munduko erreferente izaten jarraitzea nahi dugu", adierazi du Pradalesek. Egoitzak 8.000 metro karratu inguruko azalera izango du, eta lau laborategi, hamar tailer eta “zentzumen-azterketetarako bi areto” izango ditu. Euskaltzaindia plazan kokatuko da, Lakua auzoan.
Lanak 2027ko udazkenean amaitzea aurreikusten du BCCk, eta 2027-2028 ikasturterako lehen ikasleak jada bertan izan nahiko lituzkete. Guardiako eraikina ere epe berean martxan jartzea espero dute.
Orotara, 18 milioi euroko inbertsioa egin dute EDAren bi eraikinak abiatzeko. Horietatik 10 milioi Jaurlaritzak jarriko ditu eta gainerako zortziak Arabako Foru Aldundiak.