EDA Drinks & Wine Campusen eraikuntza-lanei hasiera eman diete gaur Biasterin, Arabako Errioxan, egoitza berriaren lehen harria jartzeko ekitaldiarekin. Basque Culinary Centerren ardoari eta edariei lotutako prestakuntza-proiektu estrategikoa Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen dute, eta sektorearentzat “mugarri garrantzitsua” dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Ekitaldian izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Ramiro González Arabako diputatu nagusia eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia. Haiekin batera, Arabako Errioxako upeltegietako ordezkariak, eskualdeko alkateak eta mahastizaintza eta ardogintzako hainbat eragile ere bildu dira.
Lehen harria jartzeko antolatutako ekimena “sinbolismoz beterikoa” izan da. Sinadura liburu bat lurperatu dute lursailean, azken uzta bateko ardo-botila batekin batera, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura irudikatzeko. Gune berriak talentua, bikaintasuna eta mundu akademikoaren eta ekoizpen-sektorearen arteko harremana indartzea du helburu.
Barredoren hitzetan, “EAEko nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizuna bikaintasunetik eta berrikuntzatik igaro behar da”, eta gaineratu du Biasteriko EDA campusetik “ardoaren sektorearen eraldaketa gidatuko duten profesionalak” aterako direla. Bestalde, Ramiro Gonzálezek azpimarratu du eraikina “kultura-proiekzioaren eta ezagutzaren sinbolo” izango dela Arabako Errioxarentzat, eskualdearen nortasuna errespetatuz.
Biasteriko egoitzak 3.000 metro karratu inguruko azalera izango du, eta laborategiak, tailerrak, gela sentsoriala, ekintzaileentzako inkubagailua eta wine bar esperimental bat izango ditu, besteak beste. Obrak 2027ko udazkenean amaitzea aurreikusten da, eta lehen ikasleak 2027-2028 ikasturtearen hasieran iritsiko dira. Biasterikoaz gain, Gasteizen ere egoitza bat eraikiko dute, eta han ere lehen harria jartzeko ekitaldia egitea aurreikusi dute.