Basque Food Clusterrek EAEko elikagaien eta edarien industriaren gainean egindako diagnostikoa aurkeztu du. Proiektua finantzatzen lagundu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, eta emaitzen arabera, 2035. urtera bitartean 30.000 langile beharko ditu sektoreak. Industria horren parte dira arrantza, okela, ogia eta errotaritza, esnekiak, edariak, eta pisu txikiagoko beste sektore batzuen jarduera industriala.
Gaur egun, industria horretan ari dira lanean 27.500 langile, baina 19.000 lanpostu berri sortuko dira jardueraren hazkundea dela eta. Gainera, aurreikusi dutenez, 11.500 landunek erretiroa hartuko dute, eta horiek ordezkatzeko pertsonak ere beharko dira.
Diagnostikoaren aurkezpena egin dute Talentuaren arloan berrikuntza bultzatzeko erronkak eta aukerak izeneko jardunaldian. Etorkizunean gaitasun espezifikoak izateko beharra nabarmentzeaz gain, azpimarratu dute produktu ekologikoen eta jasangarrien eskaera handitzeak negozio aukera berriak sortuko dituela.
Hurrengo urteetara begira erronkak ere identifikatu dituzte: batetik, funtsezkoa deritze belaunaldi berriei ezagutzak transmititzea, erreleboa egongo dela ziurtatzeko; aldi berean, erronka gisa identifikatu dituzte ekoizpen kostuen handitzea, kanpo merkatuarekiko mendekotasuna eta ingurumen-araudietara egokitzeko beharra. “Enpresa askoren kezka den lan-absentismoa” ere azpimarratu dute, eta “langileen leialtasuna gero eta erronka garrantzitsuagoa” dela gehitu dute.
Erronka guzti horien gainean aritu dira jardunaldian egin duten mahai-inguruan, non parte hartu duten Arantxa Oquiñena Casa Eceizako gerenteak, Generosa Cerviño Indaux/Gourmet Okin Taldeko Pertsonen zuzendariak eta Iñigo Ameztoi Ameztoi Anaiak enpresak gerenteak. Gainera, absentismoa murrizteari buruzko hitzaldia eskaini du Iñigo Garatxena Absentixeko zuzendari exekutiboak.