Hamarnaka ekoizlek bezala, igande honetan Terexak ere ekoizpen hoberenak erakutsi ditu Ezpeletako (Lapurdi) pilota plazan. Erretiroan den uztarriztarrak zintzilikatzeko piper sokak josten ditu. “Lehen etxean egiten genuen, baina orain semeak hartu du segida. Piperra nola ekoizten den erakusten dugu urtean behin. Azoka handi honetan erakutsi behar dugu zer egiten dugun, Ezpeleta inguruetako 15 bat herritan, zeren jende askok ez daki landare batean dagoela piperra. Kontsumitzaile askok uste du piperra lurrean biltzen dugula lursagarra bezala”, dio irriz Terexak.
Euroeskualdearen laguntzarekin, Ezpeleta inguruetako laborariek elkarlana hasi dute Lodosa eta Gernikako piper ekoizleekin. Mugaz gaindiko erakundeak sareak sustatu nahi ditu Euskal Herri osoko nekazarien artean. “Arazo berak dituztenez, aterabide berak bila ditzakete. Nekazaritza arlo garrantzitsua da, eta argi dago osagarritasunak eta sinergiak egon daitezkeela eta sustatu behar direla. Hiru gobernuek diote laborantza lehentasuna dela, horregatik indarrak batzearen apustua egiten dugu” azaldu dute Leyre Azcona eta Marie Heguy Urain euroeskualdeko ordezkariek. Igandean, piperraren bestaren 56. edizioan, hiru eskualdeetako ekoizleek hiru pintxo landu eta banatu dituzte bisitarien gozamenerako.
Lodosa, Gernika eta Ezpeletako piper ekoizleak zeruari begira bizi dira beti. Batzuetan kazkabarraz beldur eta beste batzuetan bero aldiaz aspertuak. Izan ere, kanpoan lan egiten dute, inolako babesik gabe.
"Euroeskualdearen laguntzarekin, Ezpeleta inguruetako laborariek elkarlana hasi dute Lodosa eta Gernikako piper ekoizleekin. Mugaz gaindiko erakundeak sareak sustatu nahi ditu Euskal Herri osoko nekazarien artean"
Aitziber Isturitz INTIA erakundeko teknikariak argi dauka iaz hasi zen elkarlanak harreman onak sortu dituela denen artean. Produktu desberdinak prestatu arren, denek arazo berak pairatzen dituzte: landareen gaixotasunak, klima aldaketa, trazabilitatea bermatzeko zailtasunak edo promozioa hobetzea. “Elkarrekin aukera handiagoak dauzkagu arazoei aurre egiteko” dio Isturitzek.

Lodosa inguruetako zortzi udalerritan, pikilloak ekoizten dituzten 80 produktore daude. 170 hektareako eremuan lan egiten duten ekoizle horiek kezkatuak dira zailtasunak dituztelako langileak aurkitzeko. Une berean 1.500 langile behar dituzte, emakumeak batik bat, eta gero eta zailagoa zaie. Ezpeletan interesgarria iduritzen zaie ikustea ekoizpenak etxean bertan saltzen dituztela.
Arantzazu Perez de Arenaza Hazi fundazioko ordezkariaren arabera lagungarria da hiru lurraldeetako hausnarketak aipatzea eta trukatzea. “Nekazarien lana baloratu behar dugu eta gainera sare berri honekin oldar berria ematen zaio komertzializazioari” azpimarratu du. “Gernikan ezaguna da, baina beste tokietan ez hainbeste. Ezpeletak mundu mailako ospea duenez, bat egiteak laguntza eman dezake”.
Panpi Olaizola: “Aurtengo uzta urte onetakoa baino apalagoa izanen dela argi da. Ertaina izanen dela erran nezake. Goizegi da argazki osoa izateko ekoizle askok piper berde ainitz biltzen baitute oraindik urri bukaeran eta azaroan ere”.
Panpi Olaizola Ezpeletako piperraren sindikatuaren presidentea pozik dago, azkenean lortu baitute harremanak sakontzea molde ofizialean, besteak beste, mintegi baten bidez. Elkar ezagutzetik harago, bere hitzetan, elkarlanak balio du iruzurrari aurre egiteko ere. “Gure arloan ere denetik ikusten dugu. Harremanak ditugu orain aduana eta segurtasun indarrekin, hori ere aitzinamendu bat da”, azaldu du lapurtarrak.
Joan den udako beroaldiak onddo bat hedatu zuenez, ekoizle batzuek kalte handiak jasan dituzte. Batzuek uztaren %30-40 galdu dute. “Aurtengo uzta urte onetakoa baino apalagoa izanen dela argi da. Ertaina izanen dela erran nezake. Goizegi da argazki osoa izateko ekoizle askok piper berde ainitz biltzen baitute oraindik urri bukaeran eta azaroan ere” gehitu du. Lodosar eta gernikarrekin egin duten bezala, datozen hilabeteetan espero dute harremanak sendotzen ahalko dituztela Ibarran eta Ipar Euskal Herrian piper eztia ekoizten duten profesionalekin.