• EKONOMIA
  • BEZari loturiko ezohiko neurriak bertan behera utziko ditu Madrilek, KPIa %3,2ra apaldu ostean

BEZari loturiko ezohiko neurriak bertan behera utziko ditu Madrilek, KPIa %3,2ra apaldu ostean

Argindarraren prezioaren jaitsierak orekatu du gasolinen igoera

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko maiatzaren 14a - 11:29
Eg. 2026ko maiatzaren 14a - 12:45

Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %3,2ra eta %3,0ra jaitsi da apirilean, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan. Espainiako Estatuan ere beheranzko joera izan da, KPIa %3,2an kokatu baita, INE estatistika erakundeak emandako datuen arabera. Nahiz eta erregaien prezioek gora egin, elektrizitatearen kostuaren murrizketak eragin du apirilean inflazioa apaldu izana.

 

Estatistika erakundeak ondorioztatu duenez, pakete turistikoek ere izan dute eragina prezioen bilakaeran, aurreko urteko hilabete berean baino gutxiago igo baitziren prezioak. Ibilgailu pertsonaletarako erregaien eta labaingarrien prezioak, berriz, gora egin zuen, 2025eko apirileko jaitsierarekin alderatuta.

Azpiko inflazioari eta KPI harmonizatuari dagokionez, INEk ez ditu Hego Euskal Herriko datu zehatzak eskaintzen, ezpada Espainiako Estatukoak. Kasu horretan, azpiko inflazioa (landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituena) hamarren bat jaitsi zen, %2,8an geratuta. Bestalde, KPI harmonizatua, Europako herrialdeen arteko prezioen bilakaera konparatzeko erabilia, %3,5ekoa izan zen.

 

Beherapen fiskalak bertan behera

Datu horien berri izan ostean, Espainiako Gobernuak aurreikusi du ekainaren 1etik aurrera bertan behera uztea argindarrar eta gas naturalaren BEZari aplikatutako beherapen fiskalak, prezioak nahikoa jaitsi direla iritzita.

Haatik, erregaien garestitzea izan zen, hain zuzen, apirilean inflazioaren jaitsiera handiagoa ekidin zuen faktoreetako bat; horrexegatik, erregaiekin lotutako laguntzei eutsiko die Madrilek ekainaren 30era bitartean, gasolinen prezioak gora egiten jarraitzen duelako.