Beherapenak merkataritzan, ez dira garai batekoak

Merkataritzako profesionalek etekin marjin txikiagoei, langile faltari eta ordutegi epe luzeei aurre egin behar diete egun. Sektoreko adituen arabera, enpresa handi eta txikien arteko lehian desoreka handia dago, erronka hauei aurre egiteko unean batez ere

Araban nabarmen jaitsi dira merkealdirik egingo ez duten saltokien kopurua, iazko %71tik aurtengo %56ra |Argazkia: iStock Araban nabarmen jaitsi dira merkealdirik egingo ez duten saltokien kopurua, iazko %71tik aurtengo %56ra |Argazkia: iStock

2012tik dago indarrean beherapenen inguruko legea (20/2012 Errege Lege Dekretua), ordutegien liberalizazioa ekarri duena denda eta saltoki guztietan. Legea baino lehen, epe finko batzuk ageri ziren beherapenak gauzatzeko, Gabonetan urtarrilaren 7an inguru eta udan uztailaren 1 egunaren bueltan gauzatzen zirenak. 2012tik hona, baina, saltegiek nahi adina promozio edo beherapen egin ahal dituzte, eta honek, sektoreko adituen arabera, lehia desorekatua garatu du merkatarien artean.

“Merkealdiaren eragina lehen zegoena baino txikiagoa da”, azpimarratu du Maria Lopez Negrete CECOBI - Bizkaiko Merkataritzarako Enpresari Konfederazioko lehendakariordeak. Zuzendariordearen esanetan, beherapen aldiak urte osoan zehar daudenez, epeak handitu egin dira eta kontsumo ohiturak aldatu: “Handiek abantailak dituzte txikiekin alderatuta”. Saltoki handiek hedapen ahalmena nabarmenagoa, ordutegiak finkatzeko erraztasuna eta, orokorrean, baliabide gehiago dituztela argitu du, lehia “desorekatua” sortuz merkatarien artean. Uste du epeak berriz ere “estandarizatzeak” asko lagunduko lukeela komertzio lokal zein xumeen egoeran.

Gasteiz ON Gasteizko merkatarien elkartea da, eta bertako gerentea den Patricia Garciak bat egin du sektorearen egoera honekin: “Merkealdiak diluitu egiten dira ez dagoelako epe jakin bat”. Arduradunak uste du merkatari txikiak epe tradizionalak mantentzen saiatzen direla, baina badirela ere hainbat profesional garaia aurreratu egiten duena. Errege Egunaren ostean izan ohi dira Gabon beherapen epea, baina egun “arinago” ere egiten direla azaldu du, bai eta “geroago” ere. Saltokiek Eusko Jaurlaritzari jakinarazi behar diete noiz egingo duten merkealdia eta “kito”, jada promozioak egin ahal dituzte. “Merkatari txikiek kexatu egiten dira, joko arauak ez direlako berdinak denentzat”.

Maria Lopez: "Saltoki handiek abantailak dituzte txikiekin alderatuta. Handiek hedapen ahalmena nabarmenagoa, ordutegiak finkatzeko erraztasuna eta, orokorrean, baliabide gehiago dituzte"

Adituek bat egin dute merkealdi eta promozioak une oro egitearen ondorioak anitzak direla, eta produktuaren balioan eragina duela. “Ez du zentzurik, zure produktua debaluatzen ari zara”, mahaigaineratu du Garciak. Denbora guztian preziotik behera saltzeak etekinak murrizten dituela nabarmendu du, bai eta produktuaren “benetako” prezioa zein den nahastu egiten dela gehitu ere. “Etekin marjinak ahuldu egiten ditu”, dio Lopezek ildo berean, eta sektoreak bizi dituen arazoen inguruan hausnarketa bat egin du.

Sektoreko zailtasunak

CECOBIko lehendakariordearen arabera, merkataritza sektoreak “errepikakorrak” diren erronka batzuk ditu, etekinen ahultzeaz gain. Alde batetik, ordutegien egoera izan du ahotan, merkatari txikiak ordutegiekin “justu” doazela azpimarratuta. “Merkataritzan irekiera epeak zabalak dira, eta saltoki guztiek ez dute irekitzeko ahalmen berdina”. Honi jarraiki, beste erronkarekin bat egin du: langile falta. Kaptazioa eta atxikipena nabarmendu ditu batez ere. Aurten, Randstad giza baliabideen enpresaren kalkuluen arabera, guztira 6.285 kontratu sinatuko dira EAEn urtarrileko eta otsaileko merkealdian, hau da, 2023an baino %9,7 gutxiago. Zehazki, Araban %20,6 jaitsiko da, 1.410 kontraturekin geratuta; Bizkaian, %15, 2.710 sinadura sortuta eta, Gipuzkoan, berriz, duela urtebete egindako kontratazioa %8,5 bat hobetuko da, 2.165 kontratu berri sinatuz.

Datu guztiak ez dira ezkorrak bada, CECOBIko informazioaren arabera, EAEko txikizkako merkataritza %0,7 handitu da iazko hiruhileko berarekin alderatuta. Bizkaian %2,9 bat handitu da datu hori, eta merkealdian bizkaitar batek egiten duen aurreikusitako gastua 200 eurokoa da. Bere aldetik, Gasteiz On merkataritza elkarteak Arabako merkatarien inguruan egindako kalkuluek joera baikorra adierazi dute baita ere. Merkatarien %85k uste du Gabon garaiko erosketak ondo edo oso ondo joan direla, aurreko urteko datuak hobetuz: 2022an, %79ak uste zuen hori eta, 2021ean, %64 batek.

Randstad giza baliabideen enpresaren kalkuluen arabera, guztira 6.285 kontratu sinatuko dira EAEn urtarrileko eta otsaileko merkealdian, hau da, 2023an baino %9,7 gutxiago

Dena dela, beherapen garaian datuak ezberdinak dira: nabarmen jaitsi dira merkealdirik egingo ez duten saltokien kopurua, iazko %71tik aurtengo %56ra. Gasteizko merkatarien %93k %10 eta %30 arteko deskontuak egingo ditu; gainontzeko %7k %30 hortik gorakoak egitea aurreikusten dute. Profesionalen %85k espero du beherapenak aurreko urtekoen antzekoak edo hobeak izatea.

Merkataritza goraipatu

Egoera ikusita, 2024 hasi berrian espero diren datuak “baloratzeko” zerbait direla uste dute adituek, merkataritza bera goraipatu nahian. Lopezek dio egun enpresari eta autonomoen lana “desprestigiatuta” dagoela eta ez dela behar beste aintzat hartzen. “Gure etxeko espaloian argia ematen dute, lana sortzen dutelako eta sozialki bizitasuna ematen dutelako”. Merkatariak harreman sozialen “dinamizatzaile” nabarmena direla kontatu du, pandemia garaian aski konprobatu zena: “Dendetara erostera joaten ginen jendearekin egoteko”. CECOBI bezalako konfederazioen lana nabarmendu du, batez ere sektoreko merkatariei laguntza eskaintzeko unean: “Gurekin elkartzean eginkizun normatiboen inguruko ezagutza ematen diegu, laguntza programak eskaini eta beste hainbat jarduera erraztu haien mesedetan”.

Patricia Garcia: “Merkealdiak ez dira antzina bezalakoak, eta ez dira berriz antzekoak ere izango”

Garciak ere, bere aldetik, Gasteiz ONen lana goraipatu nahi izan du, bai eta etorkizunera begirako analisia gauzatu: “Egun kontsumitzaileen kontzientziazioaren aldeko joera bat dago; kontsumo ohiturak aldatzen ari dira”. Uste du kontsumitzaileek gero eta “espezializazio” handiagoa bilatzen dutela erosteko unean, eta honakoa merkealdiekin gehituta, promozioen balioa gutxitzen dutela. Egoera ikusita, etorkizunean merkealdien indarra ahultzen jarraituko dela ondorioztatu du, baina desagertu gabe, “zentzu” handia dutelako beherapenek erosketa estrategien barnean. Hori bai, aldatu ezean, argi du egungo testuingurua: “Merkealdiak ez dira antzina bezalakoak, eta ez dira berriz antzekoak ere izango”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK