Gerediaga Elkarteko egoitzari liburu berrien usaia dario Beñat Gaztelurrutia elkarteko koordinatzaileak EnpresaBIDEA bertan hartzen duenean. Ez da harritzekoa. Durangoko Azokan izango diren nobedade guztiak bertan dituzte, batzuk agerian, beste batzuk kutxatan gordeta. Agian horregatik, Gaztelurrutiaren bulegorako bidea nobedade guztien erakustoki bateratu batetik igarotzea bezalakoa da. Eta elkarrizketan 60 edizioen ibilbideko kutxa zabaltzen ari garela dirudi, bere erpin guztiekin: sinbolikoak, sozialak, lankidetzazkoak eta nola ez, ekonomikoak. Aurrekontua, diru-iturriak, elkartasun kutxa edota sortzaileen egoera ere Durangoko Azokaren parte badirelako. Bihar hasi eta abenduaren 8ra bitarte egingo den Kulturaren Jaialdiaren parte, hain zuzen ere.
60 edizio egiten ditu aurten azokak. Zer mantendu du lehen ediziotik?
Durangoko Azoka, azoka nazionaltzat jo dezakeguna, herri elkarte batek, kultur elkarte batek —Gerediaga Elkarteak— sortu zuen, eta hark antolatu zuen lehen edizioa. Kultur elkarte hori da, oraindik ere, antolatzen jarraitzen duena. Oso gauza ezohikoa da, baina hori bere horretan mantentzen da.
Eta zertan eboluzionatu du?
Bidean aldaketa asko izan dira, eta antolakuntza horretara beste elkarte batzuk batu zaizkigu. Orain formula konplexuagoa da. Gerediaga Elkartea da antolatzaile zuzena, eta inguruan beste kultur elkarte batzuk ditu laguntzaile zuzen bezala. Baina aldi berean egiten dugu kultur-industriako eragileekin elkarlan estuan eta erakunde publikoen babesarekin.
Eta formula uste dugu arrakastatua dela, segurtasun bat ematen digulako, eta aukera ematen digulako burua ganorazko azoka antolatzen izateko.
Sinergia horiek gako izan dira egun Durangoko Azoka dena izatera iristeko?
Bai, bai, zarantzari gabe. Durango Azokak egokitu behar izan du premia berrietara. Premia berrietara egokitze hori elkarteak berak bakarrik ezin du egin, eta gainera ez du bakarrik egin nahi. Beste batzuekin egin nahi du. Eta esan bezala, erakunde publikoen babesa behar-beharrezkoa da segurtasuna ematen digulako, eta beste kultura elkarte eta industriako eragilean begirada ezinbestekoa da asmatzeko diagnostikoetan eta abiatzen ditugun bide berrietan.

Azokaz beraz harago, duela 60 urteko ediziotik zer mantendu du euskal kulturak, zerbait mantendu badu?
Nik uste dut euskal kultura asko aldatu dela, baina badago gauza bat hasiera-hasieratik izan dena: halako kemen edo herri-gogo bat, oso zaila dena azaltzea nondik datorren. Intuitu daiteke jatorria, baina hor dagoen kontua da. Hainbestekoa da ekoizpena, hain hartzaile gutxirentzat... Eta hala ere, urtero-urtero, ia 1.000 nobedade aurkezten dira Durangoko Azokan.
Gero, jakina, bada, azoka kultur panoramari dagokienez, egokitu behar izan da. Sasoi baten Durangoko Liburu eta Disko Azoka izan zen. Eta gerora izenak garapena ere izan du, kultur diziplina —arteari, sorkuntzari, loturikoak— gehiago ere sartu direlako.
Zergatik jasotzen ditu azokak urtero hainbeste bisitari?
Durangoko Azokak funtzio asko betetzen ditu: ekonomikoak, noski, baina baita sinbolikoak ere. Durangoko Azokak, eta orain Kulturaren Jaialdi izena ere horregatik jarri diogu, aukera ematen digu euskal nortasuna bizi, ospatu eta garatzeko. Eta nik uste dut hori dela arrakastaren arrazoietako bat.
"Durango Azokak egokitu behar izan du premia berrietara. Hori [Gerediaga] elkarteak berak bakarrik ezin du egin, eta gainera ez du bakarrik egin nahi. Beste batzuekin egin nahi du"
Eta fokua hartzaileetan ere jarrita: euskal kultur zaletasuna osasuntsu al dago?
Hor Durangoko Azokaren esperientziatik hitz egiten dut, eta esperientzia arrakastatsua da. Hori bistakoa da, milaka bisitari etortzen direlako. Arrakasta hori ez da kulturgintzaren isla zuzena. Kulturzaleak masiboki etortzen dira Durangoko Azokara hainbat arrazoiengatik, eta horrek egiten duela jaialdi hau hain erakargarri, handi edo arrakastatsu. Baina gero kulturgintzak baditu bere arazoak eta segur aski izango du zerikusia dagoen sorkuntza guztirako ez dagoelako nahikoa hartzaile.
Orain 60 urte bazuen hori, eta gaur egun ere badauka, testuinguruak eta premiak aldatu egin badira ere. Orain 60 urte Estatu biren artean kokaturiko herri bati ukatu egiten zitzaion bere kultura eta bere hizkuntza izatea eta garatzea, eta horren aurrean agertu behar zuen plazara. Orain mundu mailako merkatu baten aurrean lehiatu behar du bere txikitasunetik. Merkatua kakotx artean ipinita, baina gaur egun dena denez merkatua...
Kulturaren Jaialdia lerroburu orokorra jarri diozue azokari. Hori da aurtengo bi berritasunetako bat. Zergatik iruditu zaizue garrantzitsua lerroburu orokor bat sortzea?
60 urtean aldaketak ezinbestean egiten dira, eta izenean ere bai. Euskal Liburu eta Disko Azoka izena izan zuen, eta 50 urte bete zituenean Durangoko Azoka izena jarri zitzaion, jada ordurako liburu eta musikaz gain, beste arte-diziplina batzuk ere hartuta zituelako, eta jendeak ere Durangoko Azoka deitzen ziolako. Eta hamar urtean lema batekin lagundu izan zaio izen horri. Pentsatu dugu horrek jada berea eman duela, eta Durangoko Azoka bai, baina zerbait gehiago zehaztu behar genuela. Eta jendeari adierazi gure burua nola ikustea nahiko genukeen. Guk kulturaren jaialdi moduan ikusten dugu gure burua, aipatutako arrazoiengatik: kultur diziplina anitzak jasotzen dituelako, beti tokiko eta euskarazko sortzaileak erdigunean dituelako, industriako eragileekin hartu-eman estuan antolatzen delako, eta datorren jendeari bere kultur nortasun hori bizi, garatu eta ospatzeko aukera ematen diolako. Jaialdi izena ez hainbeste festibalaren sinonimo gisa, baizik eta pozetik eginiko eta pozaren kultur ekitaldi masiboa delako.

Iazko edizioaren balorazioa egin zenutenean kulturaren erakusleiho terminoa erabiltzen zenuten. 'Jaialdi' eta 'erakusleiho' kontzeptuak bateragarriak dira?
Erakusleiho beti izango da nobedadeak ekartzen direlako. Eta hor bada kontu garrantzitsu bat azpimarratzeko, maila sinbolikoa eta materiala txanponaren bi aldeak direlako beti. Ondo dago euskal kultura aldarrikatzea, baina hau froga argi eta garbia da. Fisikoki, erakustokietako mahaietan, hortxe dago euskal kulturaren zati handi-handia. Eta gunez gune antolatzen diren aurkezpenetan ere bai. Izan ere, dira soilik objektuak ekartzen: sormen lan horren barruan dagoen hori guztia azaltzera egileak berak etortzen dira. Zentzu horretan, erakusleiho izaeratik harago doa; leiho ireki bat da, etxe barruraino sartzen uzten duen leiho bat izateko antolatzen dugu.
Bigarren berrikuntzak iruditegiarekin ere zerikusia du, kartel bat baino gehiago izatearekin. Aurten soilik mantenduko den apustua da, ala kartel aniztasuna ere geratzeko iritsi da?
Geratzeko iritsi den zerbait dela seguru. Normalean irudia urte horretakoa komunikatzeko erabiltzen da, eta gaur egun komunikazioak mila bide ditu, ez direnak lehengoak. Lehen eskuz egindako koadroa ekartzen ziguten: hemen atzean dugu 50. ediziorako Zumetak eginiko originala. Hortik abiatu zen eta kartela egin. Gaur egun komunikazioa ez da kartela egitea bakarrik. Are gehiago, kartel oso gutxi argitaratuko ditugu: dena dira sare sozialak, bannerrak, aldizkarietako publizitatea... Denak moldagarria izan behar du eta lengoaia propioa du komunikazioak, eta horrela funtzionatuko dugu. Horri loturiko iruditeria behar genuen, eta ez irudi moldagarri bat bakarrik, baizik eta irudiarekin batera etorriko dena kontakizun bat ere bai.
"Sormen lanaren barruan dagoen hori guztia azaltzera egileak berak etortzen dira [Durangoko Azokara]. Zentzu horretan, erakusleiho izaeratik harago doa; leiho ireki bat da, etxe barruraino sartzen uzten duen leiho bat izateko antolatzen dugu"
Zer dago kontakizun horretan?
Egileak azaldu bezala, ibilbidea irudikatu nahi izan du irudi horiekin, eta bidea egitea bera balioan jarri; alegia, ez lorpenak, baizik eta bidea urratzea, eta aurretik dugun bidea ere bai. Spotean ere hori irudikatzen da.
Guneetan ere aldaketak datoz. Museoa gune berri bilakatu da. Zergatik?
Museoa orain arte erabili egin dugu behar genuelako. Durangoko Azokaren epizentroa bada Landako Gunea edo erakusmahaien azoka, handitzen joan da, aurkezpenak-eta direla eta. Museoa, esan bezala, erabili dugu Talaian edota halakoetan aurkezteko egokiak ez ziren aurkezpenak egiteko, adibidez. Azken urteetan Arte Ederren mundutik halako eskari moduko batzuk etorri zaizkigu. Arte eta Historia museoa izanik, pentsatu dugu hori dela leku aproposa Arte Ederrei tokia egiteko. Eta Atartea izena jarri diogu.

Zer topatuko dugu Atartean?
Aurten Durangoko Azokako nobedadeetan —liburuetan, diskoetan, karteletan...— agertuko diren ilustrazioen erakusketa bat. Egun oso baten irudigileen aurkezpenak eta solasaldiak ere izango dira. Iazko sormen-beka ere margolan batzuei eskaini zitzaien, eta horren inaugurazioa eta erakusketa ere bertan egingo da. Bestelako aurkezpenak ere hartuko digu, baina eduki sendoa Arte Ederrei loturikoa izango da. Era horretan diziplina berria gehitzen da azokara. Ikusiko dugu zein bide egiten duen.
Beste gune berria podcastena da, Berbagailua. Lehendik ere podcastak egiten baziren ere azokatik, aurten gunea izango da. Zein ezaugarri izango ditu?
Bideo podcasten platoa jarri dugu eta egunean hiru bideopodcast grabatuko dira. Asmoa da grabatu eta ordubetera sarean izatea bideopodcast hori. Nortzuk egingo dute? Dagoeneko existitzen diren bideopodcast edo podcastak gonbidatu nahi izan ditugu. Eta proposatu diegu euren platoa utzi eta datozela azokara podcasta bertatik egitera, gero bakoitzak norbere kanalean zabaltzeko. Eskatu zaiena da Durangoko Azokan aurkeztuko den da nobedaderen baten inguruko podcasta izatea, egilearekin elkarrizketak eginez, edo besterik gabe lanen batek lantzen duen gaiaren inguruan solastea. Eta gero podcast horietako bideopilulak erabiliko ditugu, sareak elikatzeko. Guztira hamabi podcast igaroko dira platotik.
Gainera Durangoko Azokak EITBrekin elkarlanean, eta Hiru Damatxok ekoitzita, badauka BaDAbil izendiko podcasta, eta azkenengo atala bertan grabatuko da.
"Diru iturriei dagokienez, ez ditugu dibertsifikatu; berdinetan mantentzen gara. Baina iturri horiek landu behar izan ditugu, eta ugaritu"
Atarteak Arte Ederren esparrutik etorri den eskaera bati erantzuten dio. Berbagailuaren kasuan ere berdin gertatu da?
Azokak badu zerbait ona: jende asko batzen da azokaren inguruan. Elkargune bat da Durangoko Azoka. Hori dohaina da eta input asko jasotzen ditugu. Gure lana izaten da garia eta lastoa bereiztea, eta ideia interesgarriei forma ematea. Podcasten kasuan ez zegoen halako eskaera jakinik, baina ideia kanpotik jaso genuen. Aztertu egin dugu eta bueltak eman dizkiogu, bideragarritasunari oro har eta zehazki ekonomikoari. Eta zabaltzea erabaki dugu.
Zein puntura arte da DArentzat gako urtero zerbait berria eskaintzea?
Gure buruari ez diogu jarri behar derrigortasun hori. Ez dugu gure buruari derrigortuko gauza berriak asmatzera lerroburuak betetzeko. Ez zait larregi gustatzen: badirudi atzo egin zenuenak ez duela balio; hain iraungitze-data laburra ez dute gauzek. Beste kontu bat da gauzak hobetu egin daitezkeela. Hori beti. Eta gure kasuan gauza hauek dira azokaren hobekuntzak. Nahi dugu ematen ditugun pausoak sendoak izatea, eta batez ere iraunkorrak. Ondo pentsatu behar dugu zer txertatzen dugun azokan, geratzeko izan dadin. Horrek ez du esan nahi zerbaitek denboratxo bat egin eta gero, ikusten badugu bere bidea maitu duela, ez dugunik albo batera utziko. Ez dugu horretarako arazorik. Baina ez dira urtebeteko burutazioak txertatu nahi dugunak.

Aipatutako guztiak, aurrekontua behar du. Zein aurrekontu du egun Durangoko Azokak?
770.000 euro inguruko aurrekontua du orotara, aintzat hartuta ntolakuntza osoa, gune guztiak, Durangoko Azokako erakustazokak muntatzea, komunikazio lan guztiak...
Eta zein dira haren diru iturri nagusiak?
Hiru ditugu batez ere. Bata da erakunde publikoen babesletza, ezinbesteko dena; hori da %57. Bigarrena da enpresa pribatuen babesletzak egonkorrak, urte batzuetarako hizarmenak egiten direnak. Babesle pribatu sendo horiek %17 dira. Eta %26 dira diru iturri propioak. Horiek etortzen dira espazioen alokairu edo salmentagatik: standen alokairua, espazio publizitarioen salmenta, eta beste salmenta txiki batzuk.
"Azkeneko hamar urteetan ez dugu erakustazoken prezioa igo. Ezin dugu jaitsi, aurrekontuari eutsi egin behar zaiolako. Baina gai horri dagokion errespetuarekin heltzeko gure modua da igoerarik ez aplikatzea"
Diru iturrietan dibertsifikatzeko beharra ikusi al duzue azken urteotan?
Iturriei dagokienez ez; horietan mantentzen gara. Baina iturri horiek landu behar izan ditugu, eta ugaritu. Erakunde publikoen dirulaguntzetan dotazio hobeak jaso ditugu. Eta gainera oso egonkorrak dira dirulaguntzak izendunak direlako. Hori oso garrantzitsua da, izenarekin doazenez gero, guk badakigulako datorren urtean aurrekontu hori egon egongo dela. Izan daiteke gora egitea, edota behera egitea —hala izan da urteren baten aurrekontuen arabera—. Ez izatea ez konkurrentzia publikoa, ez lehiaketa, segurtasuna ematen du.
Hori esatea pertinentea iruditu zait azken urteetan badirelako kultur munduko sortzaileak esanez dirulaguntza sistemak oso lehiakorrak direla, estresa sortzen dietela eta segurtasun gutxi. Ez da gure kasua. Eta oso eskertuta gaude horregatik
Erakunde pribatuen babesletzak, bai, lanketa nabaria egin dugu horri lotuta, eta babesle berriak gehitu ditugu bat azkenengo urteetan. Horrela, lortu dugu ekarpena dezente handitzea. Eta diru iturri propioei dagokionez, betikoak dira. Horiekin kontatzen dugu.
Diru iturri propioetan ere lanketa berezirik egin duzue?
Bai. Modu aktiboagoan saltzeko ahalegina egin dugu eta horrek lagundu du. Baina zatirik handiena erakusmahaien alokairuak dira. Eta puntu konplexua da. Salmenta onak dituzten partaideek ez dute inongo arazorik ordaintzeko, baina badira ez dituztenak hainbeste salmenta, txikiagoak direnak, ezintasunekin datozenak... Eta horietan kontuz ibili behar dugu. Horregatik azkeneko hamar urteetan ez dugu erakustazoken prezioa igo. Ezin dugu jaitsi, aurrekontuari eutsi egin behar zaiolako. Baina gai horri dagokion errespetuarekin heltzeko gure modua da igoerarik ez aplikatzea, harik eta ikusten dugun arte badirela igotzeko baldintzak. Momentuz, ezetz uste dugu. Eta horrez gain, iaz martxan jarri genuen elkartasun kutxa.

Zertan datza elkartasun kutxa?
Azoka ondo joan ez zaien eragileei alokairuagatik ordaindu duten dirua edo izan dituzten gastuak arintzeko kutxa da. Azoka amaitu eta gero, zabaltzen da eskaerak aurkezteko epea. Pentsatu nahi dugu batzuei esperientzia arintzen diegula, eta lasaitu bat hartzen dutela horrekin.
Zer-nolako erantzuna jaso du elkartasun kutxa horrek? Eskerrak eman dizkizuete?
Zuzenean ez. Baina badakigu ondo hartu direla. Nola ez dira izango, bada. Kontua da iaz izan zela lehen urtea, eta partaide askok ez zutela jakin ez ziren ohartu ere egin aukera hori eduki zezaketenik. Uste dut aurten eskaera gehiago izango ditugula.
"Erakusmahaiei dagokionez, historiako Durangoko Azokarik handiena da aurtengoa"
Aurrekontuaren igoera gastuen igoeraren eskutik dator beti?
Bai, noski. Aurrekontua beti parratu behar izaten dugu; ezin dugu dirurik galdu, eta hor ibili behar izaten gara, "jokatzen". Urte hasieran badakigu zenbat jasoko dugun dirulaguntzetan, eta babesleen ekarpenetan. Baina ez dakigu zenbat erakustazoka salduko ditugun, edo zenbat espazio publizitario. Azkeneko unera arte ez da ixten aurrekontua.
Azokan izena emateko epea irailean hasten da. Lehenago ezin duzu egin; askok ez dakite argitalpena prest izango duten azokarako, zenbat erakusmahai beharko dituzten... Irailaren 30ean ixten da epe hori. Katalogorako lanak aurkezteko epea iraila erdialdean abiatzen da, gero egitarauarena... Eta guk aurretik dena prest izan behar dugu hiru hilabetetan dena antolatuta egoteko. Programatu gutxi programatzen dugu; edukia eginda dator. Guk horri guztiari tokia egiten diogu, eta antolatu. Artaldeak bide hori elkarrekin egin dezala bermatu behar dugu; batzuk oso aurrean doazelako, beste batzuk oso atzean... Denetarik dugulako hemen. Gure lanik zailena izaten da denak bat egitea.
Azkeneko urteetan espazio alokairua %100ekoa izaten da urtero edo aldatu egiten da?
Azkeneko urteetan, pandemiaz geroztik, etengabeko igoera izan dugu. Aurten lehenengo aldiz ezezkoak eman behar izan ditugu. Irizpidea izan da denei aukera eskaintzea, eta stand kopurua igotzeko eskatu dutenei eskaera ez onartzea. Kasuren baten, stand kopurua murriztu ere egin behar izan dugu. Erakusmahaiei dagokienez, historiako azokarik handiena da aurtengoa. Horrek gauza zehatzei erantzuten diela uste dugu: standen alokairuaren prezioa ez igo izana prezioak igo diren arren, elkartasun kutxa egotea... Eta saiatzen gara mundu guztia berdin tratatzen, ez dezala inork zalantzarik egin. Batzuetan merezi duguna baino egur gehiago jasotzen dugu, baina zaindu ere egiten gaituzte.

Ekonomiaz ere hitz egiten al da Durangoko Azokan?
Durangoko Azokan bertan ez dakit. Durangoko Azoka baliatzen dela urtean zehar egin diren ikerketa eta aldarrikapenak berriz ere mahaigaineratzeko, hori bai. Hor aipatuko nuke sortzaileak azken urteetan antolatu egin direla eta sorkuntzaren prekaritatea mahai gainean jarri dutela behin eta berriz. Hemen datu batzuk baditugu, iaz eginiko bisitariei, partaide edo eragileei eta kulturgileekin eginiko azterketa batena: bere lana Durangoko Azokan aurkeztu zutenen %50ak beste lanbide bat du, beste zerbaitetik bizi da; %30ak, kultur ekoizpena eta beste lan bat, biak uztartu behar ditu. Eta %20k dio bere kultur ekoizpena dela bere lanbide bakarra. Esan bezala, horiek dira Durangoko Azokara lana aurkeztu eta ekartzea lortu dutenak. Horrekin lotura handia duen beste datu bat. Sortzaileen enpresa egitura: %41k ez du inolako enpresa egiturarik. Segur aski horietan ikusten da beste lan batzuetan aritzen den jendea, afizio bezala duena kulturari loturiko zerbait egitea eta urte batzuetatik behin lortzen duena argitaratzea, izan ekoiztetxe edo argitaletxe baten eskutik, izan euren kabuz. %25 autonomoa da, %18 elkartetan eratzen dira —musika taldeek asko erabiltzen dute formula hori—, %9-10en kasuan enpresa egitura dago.
Beste datu bat: sortzaile bezala lana argitaratzeko bidea %40k egiten du argitaletxe, ekoiztetxe edota egitura baten eskutik; %42 autoekoizpenak dira.
Elkarrizketa hasieran aipaturiko kemena eta nortasuna datozkit burura.
Datuekin ikusten da argi eta garbi euskal kulturgintzak nola egiten dion aurre.
"Bere lana Durangoko Azokan aurkeztu zutenen %50ak beste lanbide bat du, beste zerbaitetik bizi da; %30ak, kultur ekoizpena eta beste lan bat, biak uztartu behar ditu. Eta %20k dio bere kultur ekoizpena dela bere lanbide bakarra"
Iaz kultura eta AAri loturiko solasaldia egin zen besteak beste. AA Durangoko Azokara ere iritsiko al da?
Egin genuen azterketa horretan galdetu genuen ea adimen artifiziala mehatxutzat edo aukeratzat ikusten zen. Erantzunak erdi eta erdi banatu ziren. Mehatxutzat gehiago ikusten dute azokara urte luzez etorri direnek, beti-betikoek eta normalen erakundetuta dauden argitaletxe, elkarte edo dena delakoek. Osteraz, azokara lehenengoz datozen eragileek ez dute hainbesteko mehatxutzat ikusten. Edozein kasutan, adimena artifiziala guri erabiltzaile bezala hori oraintxe etorri zaigu, baina hainbat urtetan izango zen hemendik bueltaka. Guri erabiltzeko aukera eman digutenez gero, pentsatu egin behar dugu nola erabili, baina pentsatzea ez dugunik erabiliko, ez du ez hanka, ez buru. Erabiliko da, eta zenbait kasutan beharrezkoa izango da lana erraztu egingo duelako. Kontua da sorkuntzaz ari garenean, noraino erabili eta noraino ez. Denborak esango du.