Eusko Legebiltzarrak zuzenketa bat onartu du, Eusko Jaurlaritzak ontzidiari eman dakizkiokeen laguntzak azter ditzan, Europar Batasunak berdelaren kuota murrizteko ezar liezaiokeen galeragatik kalteak baditu. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako proposamenak aldeko 66 boto eta PPren eta Voxen zortzi abstentzio jaso ditu.
Testuak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio jarrai dezala eta indartu ditzala dagoeneko abian dauden kudeaketak, Ministerioarekin koordinatuta, Bruselari helarazteko 2026rako berdelaren behin betiko harrapaketa onargarrien totala (TAC) lehenbailehen zehazteko eskaera. Izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, Bruselak arrantzatu daitekeen berdel kopurua %73 murrizteko aukerak sortzen du kezka. Beherakada hori baieztatuko balitz, euskal ontziekiko eragin ekonomikoa handia izango litzateke.
Hori dela eta, Europar Batasunak 2026rako harrapaketen behin betiko muga lehenbailehen zehaztu dezan, Ministerioarekin lanean jarraitzeko eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Halaber, murrizketa handia baieztatzen bada, Europako araudian aurreikusitako neurriak aplikatzeko eskatu du.
Horrez gain, beste urte batzuetan erabili ez den kuotaren zati bat (%10) aprobetxatu ahal izateko mekanismoak erabiltzea planteatzen da, eta jardueraren aldi baterako geldialdia aztertzea, espeziea berreskuratzen laguntzeko. Behin kanpaina amaituta, galerak daudela egiaztatzen bada, Eusko Jaurlaritzak sektorearentzako konpentsazioak martxan jartzea aztertu beharko luke.