Eusko Jaurlaritzak urrats berri bat eman du Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) arautuko dituen dekretuan. Besteak beste, araudi berriarekin indarrean dauden lege guztiak testu bakar batean bateratu nahi dira, eta Jaurlairtzaren hitzetan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak EAEko "ekonomian eta kalitatezko enpleguan duten zeregina sustatu" nahi da.
Dekretu berriaren beste ardatz nagusietako bat BGAEen inbertsio araubidearen aldaketa da. Proposamenak arau esparrua bideratu nahi du, erakunde horiek beren inbertsioen zati bat euskal industria, enpresa eta teknologia ehunaren sustraitzea, hazkundea eta sendotzea bultzatuko duten proiektuetara bideratu ahal izan dezaten.
Era berean, dekretu berriak ahalbidetu nahi du enpleguko pentsioen arloko Europako araudira egokitzea, gobernantza, gardentasuna eta bazkideen babesa indartzea eta ingurumen, gizarte eta gobernantza oneko irizpideekin lerrokatutako gizarte-erantzukizuneko inbertsio-politikak sustatzea.
Horrekin batera, kudeaketan tresna digitalen eta adimen artifizialaren erabilera handiagoa bermatuko du.