ASETT Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank proiektuak Batzar Nagusia egin du gaur Donostian, Gureaken egoitzan. Gizarte-ekonomiaren azterketaz eta sustapenaz arduratzen da egitasmo hau, eta enpresen, unibertsitateen eta administrazio publikoen arteko lankidetzaren bidez proiektu eraldatzaileak aktibatzea du xede.
Bada, gaurtik aurrera bi bazkide berri izango ditu: Gureak eta Kataluniako Generalitatea. ASETTen arabera, egitasmoaren hasierako lan ildoak indartuko dituzte bi bazkideok: “desberdintasunak murriztuko dituen konponbide aplikagarriak garatzea eta elkartasunean, gizarte-justizian eta pertsona guztientzako lan-aukerak sortzean oinarritutako eredu ekonomikoa sustatzea”.
Iñigo Albizuri ASETTeko zuzendariak adierazi duenez, Gureaken 50. urteurrenaren ospakizuna aukera bikaina da gizarte ekonomiako enpresa-erakundeak inklusio eredu bat finkatzeko izan duen zeregin garrantzitsua gogoratzeko. “Gureakek hasieratik lagundu du ASETT proiektua, eta oso pozgarria da gaur bazkide gisa sartzea. Ziur nago haien esperientziak gure ekintza-gaitasuna aberastuko duela", adierazi du.
Albizurik gaineratu du ASETTen helburua ez dela soilik “eredua garatzea, baizik eta beste erkidego batzuetan errepikatzea, hala nola Katalunian". Halaber, David Bonvehi Kataluniako Generalitateko Gizarte Ekonomiaren eta Kooperatiben zuzendari nagusiak zera azaldu du: "bidaia honetan ikastea ez ezik, Kataluniako esperientzia arrakastatsu ugariak Euskadirekin eta laster ASETT proiektuarekin bat egitea espero dugun beste lurralde batzuekin partekatzeko gogo handia dugu”.