
2025aren hasieran abiatu zen ASETT Arizmendiarreta Social Economy Think Tank izeneko proiektua eta aste honetan nazioarteko lehen foroa egingo dute Donostiako Kursaal jauregian. Gizarte-ekonomia sustatzea eta EAE ekonomia sozialaren munduko erreferente gisa kokatzea du helburu proiektuak. Iñigo Albizuri Mondragon Korporazioko Harreman Instituzionaletako zuzendaria da ASETTeko zuzendaria eta proiektuaren nondik norakoak nahiz foroaren xehetasunak azaldu dizkio EnpresaBIDEAri.
Zertan datza ASETT proiektua?
Aspalditik jabetu gara nazioartean interes itzela sortzen duela Mondragonek eta kooperatiba eredu hori beste leku batean errepikatu daitekeen galdetzen digute. Mundua dagoen moduan egonda, Mondragon gehiago behar dira, askoz kooperatiba gehiago behar dira. Gizarte-ekonomia munduko BPGaren %10 da, %20 izango balitz mundua askoz hobea izango litzateke. Errentagarritasuna oso garrantzitsua da, baina ez da hori bakarrik, gakoa da zertan erabiltzen dugun lortzen dugun dirua. Argi eta garbi ikusten da geroz eta kooperatiba gehiago geroz eta hobea dela gizartea.
Proiektu hau martxan jarri dugu kooperatiba gehiago sortzeko. Munduan hainbat eredu interesgarri ditugu eta horiek ere erakutsi nahi ditugu. Katalunian, esaterako, etxebizitza arloan guk baino ekonomia sozial indartsuagoa dute. ASETT izenarekin hitz jolasa egiten dugu. Asset hitzak ingelesez aktibo esan nahi du. Ingelesez diogu a real asset for social transformation. Proiektua Think Tank batek, prospekzio institutu batek eta laborategi sozial batek osatzen dute. Hiru sare desberdin sortu nahi ditugu: enpresariala, instituzionala eta hezkuntza arlokoa.
Zer nolako garrantzia du nazioarteko proiektu hau hemen garatzeak?
Oso garrantzitsua da. Nazioarteko ereduen artean desberdintasunak daude eta horien inguruan hitz egingo dugu hemen. Gainera, gure egiteko moduak erakutsi ahal ditugu, zertan garen desberdinak. Gure kooperatibismoa oso berezia da. Korea, Brasil edo Estatu Batuetatik etorriko da jendea foroan. Herrialde horietan sekulako gizarte desberdintasunak dituzte, eta guregana datoz esanez nola lortzen den gurea bezalako gizarte bat. Guk ere problemak ditugu, baina kanpoan eredu bezala ikusten gaituzte.
Era berean, kanpora joatean konturatzen naiz eurek ere sekulako proiektuak dituztela. Etxebizitzan, esate baterako, foroan New York Cooperative Housing erakundea izango da. Indiako gizarte-ekonomia ereduak ere izango dira, oso onak direnak.
"Argi eta garbi ikusten da geroz eta kooperatiba gehiago geroz eta hobea dela gizartea"
Gurearekin alderatuta pisu handiagoa du ekonomia sozialak aipatu dituzun herrialde horietan?
Guk ekonomia soziala industria mailan dugu batez ere. Munduan zehar kooperatiba gehienak kreditukoak dira, gurean, ordea, gehienak lan kooperatibak dira. Langileak bazkideak dira, eta hori da benetan desberdina. Eredu bihurtu gara eta kanpoko jendeak galdetzen du ea unibertsitatea edota Ikerlan bezalako ikerketa zentro bat kooperatiba izan daitezkeen. Guk erakutsi dugu baietz, eta erakarpen botere hori dugu.
Balio al dezake ASETT foroak nazioarteko beste ekonomia sozialeko eredu batzuk ezagutzeko, etxebizitzaren esparrukoak, esaterako?
Horretarako egiten dugu. Jendeak pentsa dezake mundua konpontzeko egiten dugula hau, baina guk ere behar ditugu besteen ideiak, gure ekonomia soziala mantendu eta bultzatzeko. Badauzkagu, gainera, kooperatibak ez diren entitateak, baina gizarte ekonomian dabiltzanak, Gureak, adibidez. Industria mailan asko dugu, baina beste sektore batzuetan beste herrialdea batzuetan baino gutxiago dugu. Katalunian liburu dendak Abacus kooperatibarenak dira. Gurean Elkarrek kooperatiba izan beharko luke. Kulturaren munduan badago zer hobetua, eta beti dago non fijatu: irakaskuntzan Finlandia, teknologian Alemania...
Erronka sozial asko ditugu eta kooperatibismotik beti saiatu gara soluzioak ematen. Gaurko erronkak, migrazioa edota etxebizitzak orain dela 60 urteko erronkekin alderatuz desberdinak dira.
Zer eskainiko du ASETT foroak?
International Advisory Board sortu dugu zeinetan Europako Batzordea, ILO Nazioarteko Lan Erakundea, OCDE eta OXFAMeko ordezkariak izango diren. Atzo bi topaketa egin genituen ikasleekin, eta New Yorketik Expert Group Meeting-eko talde bat etorri zen. Bi urtean behin elkartzen da talde hau. Uztailean txostena argitaratuko dugu, munduan zehar kooperatibeek 2030erako ingurumen helburuak lortzeko egindako ekarpena aztertzen duena.
Gaur Eusko Legebiltzarrera joango gara eta kooperatibetan bisitak egingo ditugu. Arratsaldean, Denon Artean sariketa ekitaldia egingo da Victoria Eugenian, Donostian. Bihar foroari ekingo diogu, eta munduan dauden ekonomia sozialeko ereduak ikusiko ditugu. Kooperatiben urtea dela eta, sinfonia kooperatiboa egingo dugu Kursalean bihar. Jendea joatea espero dugu. Ostiralean Donostiako udaletxean Kooperatiben Kontseiluaren lehenengo batzarra egingo dugu. Araudia, finantzazioa, kultura, sarea sortzea eta irakaskuntza landu nahi ditugu, eta horien inguruan hainbat eta hainbat eztabaida sortu.
"Industria mailan gizarte-ekonomia asko dugu, baina beste sektore batzuetan beste herrialdea batzuetan baino gutxiago dugu. Katalunian liburu dendak Abacus kooperatibarenak dira"
Zenbat jende espero duzue?
400 lagun baino gehiago izena emanda dira. 30 herrialde baino gehiagotik datoz adituak. Misioak datoz Hego Amerikako herrialde gehienetatik. Ekonomia sozialeko 37 aurkeztuko dituzte. Proiektuak aurrera atera daitezkeela erakusteko adibideak dira. Ideiak partekatu eta martxan ipini nahi ditugu proiektuak. Ekainetik aurrera hasiko gara benetako lanean.
Behin foroa amaituta, ASETT-ek zein lan ildo jarraituko ditu?
Jendea hiria handietara joaten ari da, eta lurralde batzuk hustutzen ari dira. Herri txikietako bizitza mantentzeko hainbat egitasmo lantzen ari gara. Etxebizitzaren esparruan ere sortuko dira proiektuak, ideiak baditugu. Ekonomia digitaleko kooperatibak ere buruan ditugu, digital economy lirateke Amazon, Airbnb edota Uber bezalako enpresak. New Yorken taxi kooperatiba bat sortu zuten, baina hemen hori egitea ez da hain erraza. Granadan ere antzeko kasua dago. Orain lau urte sortu zuten banaketa kooperatiba bat, hasieran 33 lagun ziren eta orain 800 baino gehiago, Europako handiena da. Hemen Eraman dugu, esaterako, baina gehiago behar ditugu. Zaila da kanpoko ereduak errepikatzea, baina saiakera egin behar dugu.