• EKONOMIA
  • Etxebizitza dekretuetako bat onartu eta bestea baztertu du Espainiako Diputazio Iraunkorrak

Etxebizitza dekretuetako bat onartu eta bestea baztertu du Espainiako Diputazio Iraunkorrak

Lehenak hainbat neurri mantenduko ditu, besteak beste, etxegabetzeen etetea eta alokairuen luzapenak; bigarrenak, berriz, ez du babes nahikorik lortu

Isabel Rodríguez Espainiako Etxebizitza ministroa | Argazkia: Espainiako Gobernua
Isabel Rodríguez Espainiako Etxebizitza ministroa | Argazkia: Espainiako Gobernua
2026ko azaroaren 12a - 10:58
Eg. 2026ko azaroaren 12a - 14:06

Atzo greba orokorra izan ostean Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian, gaur bi etxebizitza dekretuen bozketa egin du Diputazio Iraunkorrak (Gorteak deseginda daudelako hauteskunde berrien esperoan) eta espero moduan, dekretu bat onartu dute eta bestea ez.

 

Diputazio Iraunkorrak 69 diputatu ditu. PSOE, Sumar, ERC, Bildu eta Podemosek 34 diputatu dituzte; beste hainbeste ordezkari dituzte PP, Vox eta Juntsek. Horrexegatik, EAJ izan da gakoa lege-dekretuak onartzeko, berdinketa hautsi zezakeen aulkia alderdi jeltzalearena baitzen.

Gauzak horrela, lehenengo dekretua onartu egin dute, eta bigarrena, aldiz, ez. Izan ere, EAJk balekoa deritzo lehen legeari, baina ez ordea bigarrenari. Zertan datza desberdintasunak? Bada, lehen dekretuak, besteak beste, funts putreei mugak ezartzea, pertsona zaurgarrien etxegabetzeak 2030era arte etetea eta maizter zein jabeentzako hobari fiskalak sustatzea du helburu. Horrez gain, 2028ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen diren alokairu-kontratuak beste bi urtez luzatzeko aukera ematen die maizterrei, eta alokairuen urteko igoerak mugatzen ditu. Bigarrenak, berriz, kontratuak beste bost urtez automatikoki luzatzea proposatzen zuen (zazpi urtez, jabea enpresa bada), eta jabeak kontratua etetea erabakiz gero, maizterrei urtebeteko alokairuaren pareko kalte-ordaina ematea.

 

Urriaren 2an, Espainiako Kongresuak aurreko bi dekretuak bozkatu zituen, baina ez zuen bat bera ere onartu. Izan ere, aldeko botoek ez zuten gehiengorik lortu: lehenengoak 172 boto alde eta 178 kontra jaso zituen; bigarrenak, berriz, 166 alde eta 184 kontra. Gaurkoan, ordea, egoera bestelakoa izan da. Kongresua deseginda dagoenez, Diputazio Iraunkorrak hartu du erabakia, eta haren osaera desberdina da.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain