Bigarren eskuko eskola liburuen negozio borobila

Iraila testuliburuak erosteko garaia da familia askorentzat eta urtetik urtera, bizitzaren kostuaren gorakada dela eta, liburu nahiz eskola materiala eskuratzeko aurrekontua handitu behar izaten dute. Gero eta gehiagok egiten dute, hortaz, bigarren eskuko liburuak erosteko hautua

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Iraila, ikasturte hasierarekin batera, testuliburuak erosteko garaia da familia askorentzat. Liburu zerrendarekin dendara joan eta bertatik liburu pila nahiz eskolarako beste hainbat materialekin (koadernoak, boligrafo eta arkatzak, karpetak…) ateratzen dira haur zein gazteak gurasoak aldamenean dituztela. Liburu dendentzako urteko une garrantzitsuenetako bat da, urteko kontuak koadratzeko balio dezakeena, familia askorentzat, ordea, esfortzu ekonomiko handiko sasoia da, eta ez da gutxiagorako, urtetik urtera eskola liburuetara bideratutako aurrekontua hazten ari baita, denera 500 bat euro xahutuz ikasleko.

Errealitate horren aurrean, azken urteotan ugaldu dira bigarren eskuko eskola liburuak saltzen dituzten hainbat negozio. Liburuak merkeago erosteko parada eskaintzen dute eta materiala lehenagotik erabilita badago ere, ondo zainduta eta egoera onean daude liburu gehienak. Agian, testu batzuk azpimarratuta aurki ditzake ikasleak, baina hori bada aldaketa bakarra ez ahal du merezi bigarren eskuko eskola liburuak erostea?

Azken urteotan ugaldu dira bigarren eskuko eskola liburuak saltzen dituzten hainbat negozio

Are gehiago, oso ohikoa izan da ikastetxeetan ikasturte batetik bestera pasatzean, anai-arreba gazteari liburua uztea edota pare bat urte zaharragoa den gurasoen lagunen seme edo alabak erabilitako liburua jasotzea. Zera da betidanik egon dela berezko trukaketa bat, eta orain negozio bilakatu da.

Bilbon, La Plataforma del Estudiante

Madrilen sortutako bigarren eskuko eskola liburuak saltzen dituen negozioa da La Plataforma del Estudiante. Hasi eta gutxira, Bartzelonan ere ireki zuten beste salmenta puntu bat. Fundatzailearen laguna da Oscar Alonso, eta Bilbon negozio bereko beste denda bat zabaltzea proposatu zion Madrilgo lagunari. Hirugarren ikasturtea da aurtengoa Bilboko Ramon y Cajal etorbidean denda zabaldu zutenetik, eta Alonsok azaldu duenez, harrera bikaina izan du.

Sin título 2
Bilboko La Plataforma del Estudiante | Argazkia: EnpresaBIDEA

“Nire lagunari kontabilitate eta giza baliabide arloan laguntzen nion. Duela zortzi urte sortu zen plataforma eta sei langile izatetik, egun udaran 60 baino gehiago dituzte, asko profesionalizatu zen jarduera”, kontatu du arduradunak. Honela, 2021eko otsailean, merkatu ikerketa bat egin ostean, ireki zuen Bilboko denda. “Euskal Herrian ez zegoen tankera honetako negozio askorik, Nafarroan zegoen denda bakarra”.

Oscar Alonso: Euskal Herrian ez zegoen tankera honetako negozio askorik, Nafarroan zegoen denda bakarra”

Liburua eskuz esku pasatzearen erraztasunak eta bizitza kostuaren handitzeak eragin du negozioren bat-bateko hazkundea. “Bizitza garestitu da, liburuak bereziki. Iaztik %12 igo da liburuen prezioa, eta guk edozein ekonomiarentzat baliabideak eskaini nahi ditugu”, dio. Hau da, Alonsoren esanetan, arazo ekonomikoak dituzten familiak soilik ez, egoera oparoago duten beste askok ere bigarren eskuko liburuen aldeko hautua egiten dute. “130 euro aurreztu ditzakeela ikusten du jendeak, eta orduan, zergatik ez dute erosiko?".

Jatorrizko prezioa baino %50 merkeago

“Guk liburuak egoera onean jatorrizko prezioa baino %50 merkeago saltzen ditugu. Hirugarren edo laugarren DBH mailako liburu berriak 320-330 euro artean saltzen dira eta hemen 140 eurogatik eros ditzakezu”, azaldu du Alonsok. Testu liburuak soilik saltzeaz arduratzen dira, ez dute gainerako eskola materialik eskaintzen. Hala, ikasturte hasierako gastuen aurrekontu oso baten (liburuak, materiala, matrikula…) kalkulu zehatzik egin ezin badute ere, liburu berriekin soilik 300 euro utzita, denera familiak batek 500 euro edo gehiago gastatu ditzakeela uste du arduradunak.

Egunean 60 bat liburu bidalketa egiten dituzte batez beste Bilboko La Plataforma del Estudianten

Liburuen eskariari dagokionez, gehiengoa hemengo jendea bada ere, arduradunaren esanetan, estatu osotik jasotzen dituzte eskaerak, eta egunean 60 bat liburu bidalketa egiten dituzte batez beste. Arrakasta ikusita, beste saltokiren bat irekitzea ere planteatzen ari dira: “beste merkatu ikerketa bat egingo dugu eta ikusi ea beste dendaren bat irekitzea merezi duen”.

Interneten eskaintza andana

Bigarren eskuko negozioak kalean aurki badaitezke ere, sareetan sekulako presentzia dute. Agian, arlo honetan, Wallapop da web orri ezagunera, eta bertan sartuz gero, milioi bat iragarki baino gehiago daude gaur-gaurkoz. Lehen hezkuntza, DBH, batxilergo edota unibertsitateko liburu ugari aurki ditzake edonork plataforman sartuz gero, eta hainbat hizkuntzetako testu liburuak dituzte gainera, hala nola, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez.

Eskola liburuen milioi bat iragarki baino gehiago daude gaur-gaurkoz Wallapopen

Baina, badira beste bigarren eskuko hainbat plataforma. Milanunciosen, esaterako, 10.000 eskaintza baino gehiago aurki daitezke, eta Amazon plataforma erraldoiaren bigarren eskuko produktuen sailean 20.000 eskaintza baino gehiago daude.

Era berean, Plataforma del Estudianteren gisan, bigarren eskuko eskola liburuak soilik saltzen dituzten hainbat plataforma jaio dira azken urteotan. Euskal Herrian asko ez badaude ere, nazioartean asko ugaldu dira, negozioa errentagarria dela agerikoa baita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK