Gaurtik ostiralera bitartean, bigarren greba astea egingo dute Hego Euskal Herriko medikuek. Espainiako Osasun Ministerioaren eta hainbat sindikaturen artean adostutako estatutu markoaren aurka egingo dute beste behin. Otsailean lehen greba astea egin zuten eta martxokoa aste honetan egingo dute. Medikuen asmoa da ekainera bitartean hilero astebetez greba egitea.
Sindikatuek azaldu dutenez, otsailean lanuztea egin zutenetik ez dute harremanik izan Espainiako Osasun Ministerioarekin. Hartara, grebari eustea erabaki dute sindikatuek mediku eta fakultatibo profesionalen "prestakuntza, jarduera eta erantzukizun baldintza bereziak" aitortzen dituen estatutu propio bat eskatzeko.
SME EAEko medikuen sindikatuak eta SMN Nafarroako sindikatuak bat egingo dute lanuzteekin. Estatu mailako greba izanik, Medikuen Sindikatuen Espainiako Konfederazioak (CESM), Andaluziako Medikuen Sindikatuak (SMA), Metges de Catalunyak (MC), Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen Elkarteak (AMYTS) eta Galiziako Mediku Independenteen Sindikatuak (O'MEGA) ere grebara deitu dute.